Apirilaren 12an (ostirala) amaituko da 2019ko Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga –zirkulazioaren gaineko zerga deitu ohi dena– norbere borondatez ordaintzeko epea. Iruñean 117.137 ibilgailu daude zirkulazio-zergari lotuta. Udalak 9.745.000 euro jasotzea aurreikusten du zerga horren bidez.
Jaulkitako 91.867 ordainagirien % 77,63 helbideratuta daude, eta automatikoki zordunduko dira apirilaren 12an. Ordainagiriak helbideratuta ez dutenek apirilaren 5era arte egin dezakete helbideratzeko izapidea, bai aurrez aurre bai domiciliaciones@pamplona.es helbide elektronikoaren bidez (eskabidea bidali behar da, bertan adierazita izena osorik, bi abizen, NANa, zein kontutan helbideratu nahi den eta horren zenbakia, eta harremanetarako helbide elektronikoa). Helbideratzearen bidez ordainketak arintzen dira, transakzioa segurtasun handiagoz egiten da eta galarazten da oharkabean atzeratzen diren ordainketak betearazpen-bidera igarotzea.
Aurten 20.454 dira soilik Internet edo banku bidez kobratu beharrekoak. Ordainketa helbideratuta ez dutenek banku edo aurrezki-kutxaren batean ordaindu beharko dute zenbatekoa, edo www.pamplona.es helbidean sarbidea duen Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez. Banku edo aurrezki-kutxan ordaindu nahi dutenek, ordainagiria hartu eta Caixabank, Laboral Kutxa, Nafarroako Rural Kutxa, BBVA, Banco Santander, Banco Popular, Kutxabank eta Banco Sabadellen edozein bulegotan egin dezakete, entitate bakoitzak ezarritako ordutegian. Internet bidez egitekotan (www.pamplona.es helbidean), egoitza elektronikoaren “Ordainagiriak ordaintzeko” atalean sartu behar da, edo bilatzailean zenbait hitz berezi idatzi, esaterako “Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga” edo “zirkulazioaren gaineko zerga”. Aurrez aurre ere egin daiteke Udaleko Diruzaintza eta Diru-bilketarako bulegoetan (Merkatuko k., 7-9, 2. solairua), 08:30etik 14:30era.
Zirkulazioaren gaineko zerga norbere borondatez ordaintzeko epea amaitu ostean, ordaintzeko bide bakarra Udaleko Diruzaintza eta Diru-bilketarako bulegoetara bertaratzea izango da (Merkatuko k., 7-9, 2. solairua), eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 117. artikuluan ezarritako errekarguak ere ordaindu beharko dira. Informazio gehiago behar izanez gero 948 420 250 eta 948 420 251 telefono-zenbakietara dei daiteke, bulego orduetan (08:30etik 14:30era) edo helbide honetara idatzi: circulacion@pamplona.es.
Salbuespen kasuak
Bereziki egokitutako ibilgailuen jabeak zerga hori ordaintzetik salbuetsita daude. Salbuetsita daude, baita ere, % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortuta dutenen izenean matrikulatutako ibilgailuak, eta honako inguruabarretako batean daudenak: mugikortasun murriztua izatea (desgaitasun-maila aintzatetsi, adierazi eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II eranskinarekin bat); urritasun kognitiboa, adimenekoa edo buru-nahasmendua edukitzea; 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna edukitzea zuzenketaz ikusmen hoberena duen begian edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikusmen-eremua edukitzea; adin txikikoa izatea. Salbuespena 12 zaldi-potentzia fiskala gainditzen ez duten ibilgailuetara mugaturik dago, ibilgailu bati, pertsona bakoitzeko.
Zerga hori ordaintzetik salbuetsita daude Nafarroako Foru Komunitatearen, Estatuaren eta Toki Entitateen ibilgailu ofizialak, anbulantziak eta osasun laguntzarako diren beste ibilgailuak– Espainiako Gurutze Gorrikoak eta DYA elkargokoak–, garraio publikoko zerbitzura atxikitako hiri-autobusak, Nekazaritza Inskripzio Txartela duten traktoreak, atoi, erdi-atoi eta makinak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen izenean matrikulatutako ibilgailuak, desgaitasuna duten pertsonak garraiatzeko erabiltzen direnak.