
Aste honetan egin da belaunaldien arteko hiriko lehen Olinpiaden bigarren itzulia. Uztailaren amaieran, paseo erritmoan makilarekin eta diskoarekin hockey probak, boleibola sarearekin baina puxikekin, eta hiru lerroan oinez egin ostean, belaunaldiartekotasunerantz beste pauso bat emateko, bigarren itzuli honetako probek garai bateko jarduerak izan dituzte ardatz, hala nola, txingoka, uztai-jaurtiketa, petanka eta bola-jokoa. Oraingo honetan ere, II. Zabalgunea, Txantrea eta Iturrama izan dira horien agertoki.
Lehiaketak aurretiazko baldintza bat ezartzen zuen: kirol- eta gizarte-errezetaren onuradun izatea, eta bilobekin osatu dituzte taldeak. Sariak, berriz honako hauek izan dira: oroitzazpenezko diplomak eta jardunaldiaren oroitzapenezko argazki bat probak egin dituzten guztiendako, hori bai, luzatze-ariketak egin ondoren.
024ko Udan Mugitu programa kirol- eta gizarte- errezetaren barruan uztailerako, abuzturako eta irailerako programatutako jardueren parte da. Iruñeko Udalaren Citius, Longaevus, Fortius programaren kirol- eta gizarte-errezetara bideratu eta jarraibideak emateko urtero jartzen diren baliabideetako bat dira, eta Nafarroako Gobernuaren eta Europako Next Generation EU funtsen bidez finantzatzen dira, partez, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan (PRTR).
Beste hiru hitzordu irailean
Citius, Longaevus, Fortius programako kirol- eta gizarte-errezetak ariketa fisikoa, kirola eta beste gizarte-jarduera batzuk egiteko programa bat dira, eta berariazko ikuspegi terapeutiko batetik bideratzen dira, profesionalek agindutako errezetekin. Errezeta-programa hori Txantrean, II Zabalgunean eta Iturraman dago martxan une honetan, eta guztira 259 adineko dira onuradunak (duela hilabete baino zazpi gehiago).
Oraintxe bertan, 121 Zabalgunekoak dira, 76 Txantreakoak eta 62 Iturramakoak. Erabiltzaileen batez besteko adina 71,59 urtekoa da, eta % 73,4 emakumeak dira. 2022an jarri zen abian programa, eta, urtea amaitu aurretik, Etxabakoitzera eta Azpilagañara zabalduko da.
Aurreikusitako jarduerei datorren astean emanen zaie jarraipena, irailaren 3an hiri-gimnasio batean aritzeko proposamenaren bidez. Saio horri honako hauek gehitu behar zaizkio: irailaren 10ean eginen den bideo-joko aktibo bat, irailaren 17an begirale espezializatu baten laguntzaz eginen den ibilketa nordikoko saioa eta, hilabetea amaitzeko, irailaren 23an eginen den hiri-gimnasioko jarduera. Jarduera guztiak doakoak dira, baina auzo bakoitzean errezeta dutenek soilik ematen ahalko dute izena, gutxienez astebete lehenago, WhatsApp bidez edo 674 03 61 49 telefono-zenbakira deituta.
Urtaroko jarduera horiez gain badira urtean zehar egiten diren beste batzuk ere, hala nola hainbat motatako ikastaroak eta lantegiak, ibilaldi gidatuak, urratsen erronkak eta ariketa-sorta pertsonalak. Ariketa-sorta horiek “sendagai” gisa erabiltzen dira, batik bat adinekoekin, gaixotasunak prebenitzeko edo osasuna hobetzeko.