Antzerki erako bisitak, kontzertuak, entzunaldiak eta objektu pertsonalen bilduma bat Pablo Sarasateren oroimenez Kondestablearen jauregian

Antzerki erako bisitak, kontzertuak, entzunaldiak eta objektu pertsonalen bilduma bat Pablo Sarasateren oroimenez Kondestablearen jauregian
Biolin-jotzaile iruindarraren museoan, doan bisitatu daitekeena, igandean bisita-entzunaldi bat eginen da Beethovenen musikarekin
pablo sarasate

 

Iruñeko Udalak Pablo Sarasate biolin-jotzaile ospetsua omenduko du Kondestablearen Jauregian dagoen eta doako sarrera duen espazio baten bidez. Bertan, bere bizitza eta ibilbide profesionala ezagutzeko aukera izanen da, Iruñeko artistaren objektu pertsonalen, oparien eta oroigarrien bitartez. Museoa sakonkiago ezagutzeko, aldian-aldian antzerki erako bisitak eta bisita-entzunaldiak eskaintzen dira, musika eta kultura hedatzeko beste hainbat jarduerez gain. Igandean, esaterako, ‘Sarasateren Matinée-ak’ ikuskizunaren beste edizio bat eginen da, Beethovenen musika ardatz izanen duena.

Pablo Sarasate Museoaren hormen artean hiriaren historiako biolin-jotzaile eta konpositore ospetsuenaren hamarnaka oroigarri daude. Hala, beira-arasetan badira Sarasatek erabilitako objektu pertsonalak, haren familia eta lagunekin loturikoak, hala nola argazkiak, errege-erreginen eta enperadoreen opari eta kondekorazioak, partiturak, obrak eta musika-programak. Pablo Sarasate artistak berak Iruñeko Udalari utzitako materiala da. Ikusgai dauden objektu eta material guztien artean, nabarmentzeko modukoak dira Sarasate biolin-jotzailearen erretratu handia, aretoaren burualdean, Mariano Benlliurek egindako brontzezko bustoa, Vuillaume eta Gand and Bernardel biolinak eta Bechstein pianoa.

Museoak eskaintzen dituen eduki guztiak XXI. mendeko ikusleei hurbiltzeko eta txikienendako erakargarriagoa egiteko, Civivox sareak aldian-aldian hari ezberdinak dituzten antzerki erako bisitak antolatzen ditu. Horien bidez, Sergio de Andrés artistak interpretatzen duen pertsonaiak Sarasateren bizitzaren inguruan irudikatutako eta birsortutako istorio, sekretu eta munduetan sartzen ditu ikusleak ordubetez. Bisitak adin guztietarako publikoari zuzenduak daude, eta doakoak dira, aldez aurretik izena emanda Civivox zentroetan edo 010 Herritarrendako Informazio Telefonoaren bidez (948420100 telefonora Iruñeaz kanpotik edo mugikorretik deitzen bada).

Sarasateren bizitza eta lanari hurbiltzea, baita musikaren bidez ere

Sarasatek antolatutako musika matinée-ek nazioko eta nazioarteko konpositore handiak erakarri zituzten Iruñera, eta bide eman zuten arrakasta handiko musika sortzeko. Matinée-n errepertorioa klasiko handien eta abangoardia artistikoaren oreka batek osatzen zuen. Horiek gogora ekartzeko, Civivox Sareak ziklo bat sortu du, zeinetan hilero kontzertu horien esentzia berreskuratzen baita, orduko errepertorio bera eskainiz. Bisita-entzunaldi formatua da, gogora ekartzen jarraitzeko konpositorearen rola, Iruñeko bizitza musikalaren sustatzaile eta bultzatzaile gisa.

Pablo Sarasatek antolatzen zituen matinéetan ez ziren falta Beethovenen obrak, zeina berak zein garaiko konpositoreek miresten baitzuten. Bere musika igandean itzuliko da konpositore iruindarraren museora, Serenata Re maiorrean 25. op. flauta, biolin eta biolarako bere obra ezagunenetako bat aurkeztuko duen bisita-entzunaldi baten bidez, Beatriz Pomés, Daniel Sádaba eta María Fernández Molina musikariek interpretatuta. Eguerdiko 12:00etatik aurrera eginen da, eta sarrera doan izanen da aurretik izena emanda.

Ibilbide bat Sarasateren lan eta obran zehar sei pausotan

Pablo Sarasate 1844ko martxoaren 10ean jaio zen Iruñeko San Nikolas kalean, eta Martín Melitón izenez bataiatu zuten. Urte batzuen buruan Pablo erabiltzen hasi zen izen artistiko gisa, eta 1878an, izen hori gehitu zuen bataio-liburuan. Bere bizitzaren lehenengo urte horiek osatzen dute museoan barnako ibilbidea banatuta dagoen sei guneetako lehena.

Museoak bisitaria gidatzen duen ibilbideko bigarren pausoak bere ‘urte gogorrei’ eta Pariseko bizimodu bohemioari erreferentzia egiten die. Bidaiak Amerikan, Frantzian, Ingalaterran, Eskozian eta Belgikan barna jarraitzen du, ‘Alemaniaren konkista’ izeneko bere bizitzaren atalean. Atzetik dator museoak ‘Hogeita hamar urte gailurrean: mito baten sendotzea’ izendatzen duen garaitik igarotzea, geroago bisitaria Sanferminetako kontzertuetan murgiltzeko, ‘Sarasate eta Iruña’ delako gunean. Ibilbidea amaitzeko, biolin-jotzailearen eta Iruñeko Udalaren arteko harremana aipatzen da, ‘Sarasateren ondarea’ izeneko gunean. Izan ere, 1893ko bere testamentuan, Sarasatek Udalari ‘en toute proprieté’ utzi zion bere artelanen, kondekorazioen, makilen, eta abarren bilduma eta bere biolinetako batzuk, horien arten Vuillaume-a eta Gand & Bernardela-a, zeinekin osatu baita bere hiria izan zenaren erdigunean egindako omenaldia.

¿Te ha sido útil esta página?