Antzerki Aroaren eskutik, Nafarroako Antzerki Eskolan hiru antzezlan eginen dira udaberri honetan, besteak beste, obsesioak, belaunaldien arteko talka eta genero-ikuspegia jorratzeko

Antzerki Aroaren eskutik, Nafarroako Antzerki Eskolan hiru antzezlan eginen dira udaberri honetan, besteak beste, obsesioak, belaunaldien arteko talka eta genero-ikuspegia jorratzeko
Euskarazko antzerki zikloa apirilaren 27tik maiatzaren 18ra eginen da, eta sarrerak salgai daude 8 euroan

antzerki

 

Hiru antzezlanek osatuko dute Antzerki Aroa zikloko programa udaberri honetan. Tartean Teatroa eta ATX Teatroa taldeek eta Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren arteko elkarlanak apirilaren 27rako eta maiatzaren 11 eta 18rako hiru antzezlan eginen dituzte, obsesioak, belaunaldien arteko talka eta genero-ikuspegia jorratzeko. AntzezlanakNafarroako Antzerki Eskolan eginen dira, 19:00etan, eta sarrerak 8 euroan daude salgai www.laescueladeteatro.com webgunean eta NAEko txarteldegian emanaldiak hasi eta ordu eta erdi lehenagotik.

Zikloa Iruñeko Udalak antolatzen du Nafarroako Antzerki Eskolarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan. Tartean Teatroa taldea izanen da lehen saioaren protagonista, apirilaren 27an, ‘Alderray’ lanarekin, pertsonaien ehiztari eta narratzaile bati buruz. Beti alderrai bizi izan da, erabat aske, hautatutako bakardadean, berarentzat zama bihurtu dena. Une horretan, Alderrayren lanaren mireslea den neska gazte bat agertzen da bere bizitzan, harekin batera ofizioa ikasi nahi duena. Bizitzak ehiztari zaharra misantropo ozpindu eta antisoziala bihurtu du, baina, hala ere, neskame gisa hartzea onartzen du. Ustekabeko etorrera horrek zerbait hausten du Alderrayren barruan eta pertsonaia batekin obsesionatzen hasten da. Ez daki nor den, baina hurbil, oso hurbil, dagoela sentitzen du. Alderrayk beste pertsonaia batzuk harrapatzeko gogoa galdu du, bere arima torturatzen duen hori besterik ez du aurkitu nahi.

Maiatzaren 11n, Antzerki Aroak belaunaldien arteko talkari eta munduaren ikuspegi desberdinei helduko die ATX Teatroa konpainiaren “Lubaki lainotsua” lanaren bidez. Izenik gabeko gerra bateko lubaki batean, gudari beterano bat dago, bakarrik, beste garai bateko borrokalari bat, baldintzarik gabeko militantzia eta diziplina gogorrekoa. Aspaldian ez da egon gudurik, ezta areriorik ere... Dena lasai dagoela ematen du. Jeneralek “bakea” sinatu zuten, tropak etxera bidali zituzten, baina ez zuten ordezkorik bidali, eta, garbi dago ordezkorik gabe ezin dela postua utzi. Bat-batean, egun zoriontsu (edo zorigaiztoko) batean ordezkoa heltzen zaio. Gutxi zaildutako soldadu gazte bat. Bere bizitza motzean ez du inolaz ere gerraren antzeko ezer ezagutu.

Udaberri honetan zikloari amaiera emateko, Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroa taldeek “Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi” lana taularatuko dute maiatzaren 18an, asteazkenarekin. Hiru emakume mahai baten inguruan elkartzen dira, kanpai hotsekin batera puntual, meriendatzeko. Gorputzak tisanaz, pastaz, azukrez eta pasteltxoz betetzen dituzte beren egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da? Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroa taldeak lankidetzan aritzen diren hirugarren proiektua da. Bi taldeek egiten dituzten muntaketetan genero ikuspegia sortu eta txertatzeko beharra partekatzen dute.

¿Te ha sido útil esta página?