Aurten ere, Iruñeko Udalak Antzerki Aroa antolatu du, euskarazko antzerki-zikloa. Maiatzean zehar hiru antzezlan programatu dira, eta maiatzaren 5ean eta 12an taularatuko dira, Nafarroako Antzerki Eskolan, eta maiatzaren 19an, Gayarre antzokian. Kazetaritza, adinekoen zaintza egoitzetan eta lurrarekiko errotzea dira antzezlanen gaietako batzuk. Sarrerak salgai daude txarteldegietan eta Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Gayarre antzokiaren webguneetan, 8 eta 15 euroan, hurrenez hurren.
Zikloko lehenengo obra “Atzerrian lurra garratz” izanen da, Huts Teatro eta Artedrama konpainien eskutik. Nafarroako Antzerki Eskolan izanen da, maiatzaren 5ean, asteazkenarekin, 19:00etan, Amancay Gaztañagak zuzendu eta Ander Lipus eta Laura Penagos protagonista dituen antzezlana. Aurora Mora bere instalazio artistikoari azken ukituak ematen saiatzen ari da bere bizitza aldatuko duen deia jasotzen duenean. Posible al da lur arrotzean errotzea? Posible al da amets propioak izatea familia eta aberriaren pisua gorabehera? Eta gure bizitzaren norabidea aukeratu beharko bagenu gau bakar batean?
Maiatzaren 12an, 19:00etan, Bonbon Beltz konpainia Nafarroako Antzerki Eskolako agertokira igoko da “Gure xaharrak” antzezlana aurkezteko. Aktoreen lana eta txotxongiloak batzen dira adinekoen egoitza agertoki duen antzezlan batean, Maika Etxekoparen zuzendaritzapean. Langileak jai handi bat prestatzen ari dira egoitzaren 50. urteurrena ospatzeko. Gertatu ohi den bezala, etekin ekonomikoa lortzeko lanaren antolaketak gizateriaren aurka jotzen du zaintza-harremanetan. Gobernuak Adinekoen Egoitzetako Osasunaren Ikuskaritza Handia martxan jarri du eta edozein unetan kontrola ditzakete. Beraz... Zer eginen dugu gure adinekoekin?
Antzerki Aroa maiatzaren 19an, asteazkenarekin, amaituko da, 19:00etan, Gayarre antzokian, non “Sisiforen paperak”antzeztuko baita, Arriaga, Principal eta Victoria Eugenia antzoki euskaldunak eta Centro Dramático Nacional biltzen dituen Antzerkiz konpainiaren ekoizpen bateratua. Antzezlanak 'Egunkaria auzia' hartzen du oinarri, modu askean hartu ere, eta kazetaritzari eta bidegabeki itxi dituzten hedabide guztiei egindako omenaldia da. Erredakzioan prekarietatea eta desengainuari aurre egin eta erlojuaren aurka doitasunaren eta egiazkotasunaren alde borrokatzen ari diren bitartean, botereak hariak mugitzen ditu informazioa kontrolatzen saiatzeko. Harkaitz Cano da antzezlanaren zuzendaria, eta Anjel Alkain eta Joseba Apaolaza aurpegi ezagunak ari dira aktore lanetan.