Antzerki Aroa euskarazko antzerki-zikloak 30 urte betetzen ditu aurten, eta bueltan da Iruñeko udazkeneko kultur programazioan: lau hitzordu izanen dira, urriaren 8tik 29ra bitarteko asteazkenetan, 19:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian (San Agustin kaleko 3. zenbakian) eta https://www.laescueladeteatro.com/eus/ webgunean. Beherapenak dituzte euskaltegietan edo Hizkuntza Eskolan euskara ikasten duten ikasleek.
Urriaren 8an, asteazkenarekin, emanen zaio hasiera programari: Dejabu konpainiaren Itzulera antzezlana taularatuko dute Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo, Miren Alcalá eta David Aguilarrek, eta Iara Solana izanen da zuzendari artistikoa. Umorez, begitazioz eta poesia bisualez betetako road movie bat da Itzulera, eta antzerkia eta zinema uztartzen ditu zuzenean: sormen-krisiak jota eta dokumental bat grabatzeko xedez, konpainiako hiru kidek Mexikora egiten duten bidaia bat kontatzen du. Ezusteko gertaera batek erabat aldatzen du bidaiaren norabidea.
Urriaren 15ean, asteazkenarekin, bigarren hitzordua: Ados Teatroa konpainiaren eskutik, Garbi Losadak eta José Antonio Vitoriak sortutako 52 Hertz taularatuko dute lehenbizikoz Iruñean, Bego Losadaren euskarazko bertsioan. Honako hauek izanen dira antzezleak: Joseba Apaolaza, Ainhoa Aierbe, Dorleta Urretabizkaia, Martxelo Rubio, Amaia Irazabal eta Aitzol Iraola. 52 Hertz antzezlanak azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat tokitan erregistratutako soinu-maiztasun bitxi bati egiten dio erreferentzia, balea urdin baten kantuaren antzekoa. Beste ezein balek ezin izan du balea horren kantua entzun. Umorea, emozioa eta eszenaratze zaindua uztartuta, gai hauek lantzen ditu antzezlanak: bakartze soziala, bakartasuna, desberdinkeria eta pertsonek entzunak izateko duten nahia.
Mendia antzezlana da zikloaren hirugarren proposamena: urriaren 22an, asteazkenarekin, izanen da, Mikele Urroz Zabalza eta Lucía Ezker Rekalderen eskutik. Mendira joateari utzi dion alpinista bat da protagonista, baina, hain zuzen ere mendira bueltatu beharra du senide baten errautsak botatzera. Espedizioan bere buruari buruz ahaztuta zeuzkan alderdietako batzuekin eginen du topo berriz ere, eta plaka tektonikoak balira bezala, elkarren aurka talka eginen dute gailur bat sortu arte: mendiarekiko maitasuna.
Zikloari amaiera emateko, urriaren 29an, asteazkenarekin, Txalo Produkzioak konpainiaren Arizona antzezlanaren txanda izanen da: Juan Carlos Rubiorena da testua, eta Kepa Errastik itzuli du. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola antzezleak Margareth eta George dira, Arizonako mugara heldu berriak. Margarethek amets bat betetzeko grina du: bertan musikal bat egitea. Georgek, berriz, ‘Proiektuak’ agindutako misio bat du: bizilagunengandik bereizten dituzten mugara joan eta hura babestea. Mugara eramandako bi pertsonaia dira, eta direnak eta ez direnak eginen dituzte parodiarik zoroenetik tragediarik gordinera doan lerro edo mugaren gainean.
2025EKO ANTZERKI AROA. NAFARROAKO ANTZERKI ESKOLA. 19:00ETAN
Sarrerak txarteldegian (San Agustín kalea 3) eta www.laescueladeteatro.com/eus webgunean
o Sarrera orokorra: 8 euro
o Euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako euskara-ikasleendako sarrerak: 5 euro
Programa:
o Urriak 8, asteazkena: ITZULERA (Dejabu)
o Urriak 15, asteazkena: 52 HERTZ (Ados Teatroa)
o Urriak 22, asteazkena: MENDIA (Mikele Urroz Zabalza, Lucía Ezker Rekalde)
o Urriak 29, asteazkena: ARIZONA (Txalo Produkzioak)