Euskarazko umorea Nafarroako Antzerki Eskolara iritsiko da martxoan IrriZiklo udal-programako lau ikuskizunei esker. Bakarrizketak eta komedia Antton Telleriaren, Jon Plazaolaren, Beatriz Egizabalen eta Xabier Flamarikeren, Garazi San Martínen eta Xabier Artiedaren eskutik. Saioak martxoaren 3an, 9an, 22an eta 29an eginen dira 19:00etan, sarrerak www.laescueladeteatro.com webgunean daude salgai 5 euroan saio bakoitza eta lauak ikusteko abonamendua 16 euroan.
“Nekatutak” da Antton Telleria Lopetegik ostiralerako dakarren proposamena; bakarrizketa honek ‘ez dago sarrerarik’ kartela eskegi du. Bere bakarrizketaren sinopsian dioen bezala, Anttonek inguruan duen jendeak barre egitea nahi du, hala konfiantza sentitzen baitu. Eta konfiantza oso gauza ona da. Hori bai, barreek ez ezik, diruak ere konfiantza handia ematen dio. Horregatik hasi da bakarrizketak egiten: konfiantza pixka bat eta diru mordo bat irabazteko.
Oraingoan, zuzentasunaren mugak esploratzen saiatuko da. Barrea eragiteko helburu bakar eta sakratuarekin, “delikatuak” izan daitezkeen zenbait kolektibo aipatuko ditu, psikologoak kasu, eta, nola ez, polemikoenak, irakasleak.
Beste hiru ikuskizun martxoan
Hurrengo astean, martxoaren 9an, ostegunarekin, Xabier Flamarikek, Garazi San Martínek eta Xabier Artiedak “Inprofestakzioa” aurkeztuko dute, euskarazko antzerki-inprobisazioa eszena dibertigarri sorta batekin. Hiru interprete euskaldunek bertsolarien bizkortasunaz helduko diete gorputzarekin ikusleek proposatutako gaiei. Bitartean, M’Arte taldeak zuzenean eskainiko du musika.
Martxoaren 22an, asteazkenarekin, Jon Plazaola aktorea igoko da taula gainera “Irabazi” lana aurkezteko. Muntai horretan konpetitiboa, krudela eta fidakaitza den eta “irabazi ala hil” pentsamoldean oinarrituta dagoen egungo gizarteari buruzko gogoeta eginen du. Baina Felixek ez daki zer den hori, erdipurdikoa izan da beti eta bere esparru erosoa aurkitu du ez atzera ez aurrera daraman egoera horretan, bere bizitza patetikoa justifikatu eta bere izateari zentzua ematen dion dekalogoa eratuta.
IrriZiklo hasi zen bezala amaituko da, bakarrizketa batekin, kasu honetan, Beatriz Egizabalen eskutik. “Magma Mía!” emakumeei, beren sentsazioei, sentimenduei, haserreei eta presio sozialari buruzko bakarrizketa feminista bat da. Hitzordua martxoaren 29an izanen da, asteazkenarekin, hau ere19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.
IrriZiklo 2023 Martxoak 3 – 29
- Martxoak 3, ostirala. 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola
- Nekatutak. Antton Telleria
- Sarrerak agortu dira
- Martxoak 9, osteguna. 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola
- Inprofestakzioa. Xabier Flamarike, Garazi San Martín, Xabier Artieda, M´arte
- Sarrera: 5 euro, Nafarroako Antzerki Eskolako webgunean eta txarteldegian. Ziklo osorako abonamendua: 16 euro
- Martxoak 22, asteazkena, 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola
- Irabazi. Jon Plazaola
- Sarrera: 5 euro, Nafarroako Antzerki Eskolako webgunean eta txarteldegian. Ziklo osorako abonamendua: 16 euro
- Martxoak 29, asteazkena, 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola
- Magma Mia! Beatriz Egizabal
- Sarrera: 5 euro, Nafarroako Antzerki Eskolako webgunean eta txarteldegian. Ziklo osorako abonamendua: 16 euro