Skatepark berritu bat, arrapala eta babes elementu berriekin, eta beharrei erantzuten dien argiztapena duena. Iruñeko Udala amaitzen ari da Antoniuttiko skateparka, 1998an sortutako instalazioa, hobetzeko ekainean abiatu ziren lanak. Bukatuta daude pistako lanak, baina eremua hesiz inguratuta dago oraindik, azken erremateak egiten ari baitira, eta inguruko belarra prestatzen.
Enrique Maya Iruñeko alkateak, Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta Udalbatzako zenbait kidek Antoniuttiko skateparka bisitatu dute, eta bertan aukera izan dute obren bilakaera ikusteko; aurreikusitakoaren arabera, irailaren amaierarako egonen dira guztiz amaituta. Lanen aurrekontua, 2019an onetsitako Finantza aldetik Jasangarriak diren Inbertsioei lotua, 159.152,90 eurokoa izan da.
Instalazioak jatorrizko ezaugarri funtzionalak mantendu ditu, 114 metro koadro bizikleta, patin, patinete, skateboard, bmx, roller, scooter eta bestelako hiri-kirolei zuzenduak. Skateparkak erdi lurperatutako bainera, bihurgune eta arrapala batzuk ditu, hormigoiz egindakoak guztiz. Hogei urte baino gehiagoko erabileraren eraginez, zuloak zeuden errodadura-gainazaletan, eta erabiltzaileengan arriskua eragin zezaketen harri-askatzeak. Obra honekin guztiz berritu dira errodadura-gainazalak, bai eta skateparka osatzen duten metalezko elementu eta babes guztiak.
Bi arrapala berri diseinatu dira, ‘corner’ izenekoak, ‘miriramp’ delakoarekin lotzen direnak, funtzionalitatea eta irristaketa-lerroak hobetuz. Aldatu dira, halaber, ‘quarter channel’ eta ‘grind box’ deituriko hegalen diseinua, bai eta ‘wallride’ izena duen elementuarena ere, instalazioaren funtzionalitatea hobetzeko helburuz. Skateparka osatzen duten metalezko elementu guztiak berritu dira, ‘coopings’ zaharrak kendu eta altzairuzko berri bat jarrita.
Horretaz gain, Udaleko Argiteria Zerbitzuak pistako argiztapena handitu du; baziren bi zutoinetako fokuak bikoiztu dira, eta hala bete egin da instalazioaren erabiltzaileek asko-askotan egin duten eskarietako bat. Lanetan, instalazioko lau estolda-zuloak ere aldatu dira, euri-urak hobeki bideratu daitezen.