Antoniutti, Basotxo, O-ko plaza eta Taconerako gune kolaboratiboek sanferminetako programa ofiziala osatzeko kultur jarduerak eskaintzen dituzte

Antoniutti, Basotxo, O-ko plaza eta Taconerako gune kolaboratiboek sanferminetako programa ofiziala osatzeko kultur jarduerak eskaintzen dituzte
Tokiko ukitua duen musika elektronikoa da protagonista DLC Kultur plataforma kulturalak Antoniuttin kudeatzen duen gune berrian
Irudia
Irudia
Irudia

Antoniutti, Basotxo, O-ko plaza eta Taconeran kokatuta dauden bost gune kolaboratiboek sanferminetako programa ofiziala osatzen duten kultura-aniztasuneko jarduerak eskaintzen dituzte sanferminetan. Aurtengo nobedadea La Ciudadela Kirol Zentro Soziokultural Militarraren ondoko parkinean dago, Antoniutti parkean. Bertan DLC Kultur plataforma kulturalak tokiko ukitua duen musika elektronikoa eta dantza-musika sustatuko du. Programazioak DJ saioak, zuzeneko irratsaioak eta showcase kolektiboak barne hartzen ditu, eta goizaldeko 3ak arte garatzen da.

Antoniutti parkean ere kultur aniztasunaren etxolak daude, hainbat herrialdetako zazpi kolektibo ordezkatzen dituztenak, hala nola Kolonbia, Ekuador, Venezuela eta Boliviakoak. Eremua bost espaziotan banatuta dago; horietako bat, haurren jolaserako gune komuna. Kulturen arteko elkarbizitza sustatzen duten espazio horietako jardueren artean, dantza latinoak, eskualdeko dantzak, euskal dantzak eta ipuin kontalariak daude.

O-ko Andre Maria plazak Herri Sanferminetako taldeen erreferentziazko espazioa izaten jarraitzen du, eta auzotarren parte-hartzea funtsezkoa da. Gune horretako programazioak herri olinpiadak, pilota txapelketak, dantza, euskal dantzak, jantokia eta txoko ekologikoa, haurrendako jarduerak, kontzertuak, elektro-txarangak eta DJ musika ditu. Nobedadeen artean, emakumeek agertokian egunero duten presentzia eta palestinar herriaren aldeko manifestazio bat daude.

Eskualde Etxeen Nafarroako Federazioak (FCRN) Aragoi, Kantabria, Gaztela eta Leon, Extremadura, Galizia, Valentziako Erkidegoa, Andaluzia eta Nafarroako eskualde-etxeetako gastronomia-dastaketak, musika eta dantzak programatzen ditu Basotxoan. Jarduerak goizez dira, 12:00etan, eta arratsaldez, 19:00etan, eta 23:30ean, hainbat DJ musika saio.

Beste gune alternatiboetako bat, Taconerako Vistabella aldean, Nafarroa Oinez antolatzen duen fundazioari dagokio. Egunero arratsaldez eta gauez, umeendako jarduera gehiago, estilo ezberdinetako dantzak, txarangak eta bertso saioak proposatzen ditu euskararen jaiak. Eremu horretan, aurten jasangarritasuna indartu da. Energiaren kontsumoa eta hondakinen sorrera murrizteko, berrerabilpena bultzatzeko eta tokiko ekonomia bultzatzeko apustua egin da.  

¿Te ha sido útil esta página?