Ziudadelako Bolborategian izanen da ikusgai, gaurtik hasita martxoaren 1era arte, Antón Hurtadoren ‘Topaketak eta destopaketak ibilian’ erakusketa. Artistak azken urtean egindako ikerketa geometrikoaren fruitu diren pieza batzuk biltzen ditu erakusketak, non antzinagoko sormen-lanen zenbait ale ere jarriko baitira ikusgai, erreferentzia-puntu gisa.
Erakusketa gaur goizean aurkeztu dute Jorge Urdánoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak eta Hurtadok berak, zeinak prestakuntza artistikoa jaso duen arren autodidaktatzat jotzen baitu bere burua, geometriaz harago bere paisajista izaera eta horretarako joera aldarrikatzen duelarik. Katalogoaren sarrera-testuan zera dio Francisco Javier San Martinek: “pintura geometrikoaren azpian dagoen lauki-sare ikusezinak bidea ematen du ezin konta ahala posizio, konbinazio, kontraste edo zatien arteko harremanetarako”. Horixe da Antón Hurtadok proposatzen duen “jolas agorrezina”.
Hurtado (Iruña, 1956) pintorea, marrazkilaria eta eskultorea da. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, bakarkako 40 bat erakusketa sinatu ditu eta taldekako beste hainbestetan parte hartu du. Bakarkako erakusketen artean aipagarriak dira 2000an Mistoen eraikinean eta 2004an Ziudadelako Bolborategian egindakoak; azken horretan akuarelak jarri zituen ikusgai, xede zutenak Donejakue Bidera hurbiltzea Aragoiko eta Frantziako bideen bitartez.
Bere ibilbide artistikoan, hainbat sari eta aipamenez aitortu zaio egindako lana Antón Hurtadori, eta hainbat bildumatan ditu lanak, esate baterako Madrilgo Liburutegi Nazionalekoan, Gustavo de Maeztu Museokoan, Jaengo Probintziako Diputaziokoan, San Fernandoko Udal Museo Historikokoan (Cádiz), Akuarelako Museo Nazionalekoan (Mexiko) eta Caja Madridekoan.
Gaur aurkeztu den erakusketa asteartetik ostiralera bisitatzen ahalko da, 18:30etik 20:30era, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.