Kondestableko areto gotikoan ARTAnTXURIKETAN ikuskizuna izango da ikusgai, asteazkenean, Ansa Ahizpak & Ama taldearen eskutik, María Jesús Zugarramurdik (Maixux) eta haren hiru alabek -Arantxak, Ainhoak eta Maiderrek- osatzen duten taldea. Euskarazko ahozko tradizioari buruzko saioa eskainiko digute, haien familia-esparruan zein lotura duten udalerri nafar eta gipuzkoarretan bildutako kontakizun eta kanten bitartez. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarrekin antolatzen duten euskarazko kultur programazioaren barneko ikuskizuna da, 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea da.
Euskararen ahozko transmisioa mendeetan zehar eman da, hala baserrietako familia-giro intimoetan nola herrietako bizimoduan eta landako lan-esparruan. Ikuskizun honetan, hain zuzen, baserriko arratsalde arrunt bateko giroa ekarri nahi da gogora, halakoa non familiak eta bizilagunek hizketa goxoan aritzen diren, sukaldean edo egongelan bilduta, artoa zuritzen duten bitartean. Kasu honetan, Leitza, Arano Goizueta eta Oiartzun aldeko kontakizun eta kantak izango dira protagonista.
Ikuskizunaren izenari dagokionez, artoa zuritzeko lanaren harira "ARTATXURIKETAN" izan beharko zuena ARTAnTXURIKETAN bilakatu da hitz-joko baten bitartez; izan ere, Goizuetako Artantxu baserria da amaren haurtzaroko bizilekua.