Datorren astelehenean zinema-gauak itzuliko dira Iruñeko 10 gune publikotara. 20 filmez itzuli ere; horietako bost euskaraz izango dira, eta abuztuaren 30a arte proiektatuz joango dira, astelehenetik ostiralera, beti 22:00etan hasita. Programatutako filmetako zortzi animazio-filmak dira, komedia, drama, abentura eta musikalez gain. Horien guztien artean, adin guztietarako sailkapen zabala jasotzen da. Asterix eta Obelixen 2012ko filma izan ezik, proiektatuko diren gainontzeko filmek 2017an eta 2018an eduki zuten estreinaldia.
Ohikoa denez, Udalaren film-saila Etxabakoizko parkean abiatuko da. Gune horrez gain, honako hauek bilakatuko dira zinema-areto: Mendillorriko Aintzirako parkea, San Frantzisko plaza, Iturramako bulebarrea, Txantreako Arriurdiñeta plaza, Buztintxuriko pasealekua, Milagrosako Felisa Munárriz plaza, Sanduzelaiko Gortari Doktorearen plaza, Arrotxapeko Maiteminduen parkea eta Yamaguchi parkea. Agertokiak txandakatuko dira, egunka eta asteka.
Herritarrentzat atari zabalean proiektatzen diren filmen formatua 1997an abiatu zen, bederatzi zinema-saioz; gero, urteotan proposamena moldatuz joan da egungo dimentsioa erdietsi arte. Iaz, Zinema-gauetan, batez beste 396 ikusle izan ziren saio bakoitzeko. Aipatu beharra dago udal-proiekzioetara bertaratzen direnen kopurua eguraldiaren araberakoa izaten dela, adibidez, iaz hiru saio utzi ziren bertan behera.
Etxabakoitzek inauguratuko ditu Zinema-gauak
Urtero zinema-saioak uztailaren amaieran hasten dira, Etxabakoitzen; hala gertatzen da 2003. urtetik, Auzo-unitatearekiko elkarlanaren ondorioz (Haurrendako Lantalde Komunitarioa). Lantalde komunitarioak prestatutako proiekzio-proposamena material osagarria da, uztaileko hiri-kanpalekuan egindako lanari amaiera emateko. Filmek amaiera bikaina ematen diote gizarte-zerbitzuek auzoko haur eta gazteekin egindako lanari.
Horiek horrela, datorren astelehenean, uztailak 29, Peter Rabbit (2018, AEB, 94 min) proiektatuko da; eta, jarraian, abuztuaren 2an, ostiralarekin, Ferdinand’ (2018, AEB, 108 min). Lehena haurrendako ipuin baten ordenagailu bidezko animazio-egokitzapena da, baserritar baten aurka egiten duen untxi asaldatzaile baten gainekoa, Estatu Batuek eta Australiak elkarrekin ekoiztua. Bigarrena ere, Ferdinand, 3D-animazioko filma da. Zezenko baten istorioaren berri ematen digu, eta izendapenak jaso ditu Oscar, Annie, Urrezko Globo zein Ekoizleen Sindikatuaren sarietan. Zuzendaria, Carlos Saldanha brasildarra, Ice Age sailaren film batzuen egilea da.
Iturrama, Txantrea, Arrotxapea eta Milagrosa
Inaugurazio-astearen ondoren, abuztuaren 5etik 9ra, zinema Iturraman (astelehenean), Txantrean (asteartean), Arrotxapean (ostegunean) eta Milagrosan (ostiralean) hasiko da. Gune horietan, eta hurrenkera berean, abuztuaren 19tik 23rako astean ere egongo da zinema. Horrela, abuztuaren 5ean eta 19an (astelehenak) egonen dira ikusgai Mamma mía. Una y otra vez (2018, AEB, 113 min), ABBA musika-banda hari duena, eta Mi querida cofradía (2018, Espainia, 87 min.) komedia dramatikoa, hurrenez hurren.
Abuztuaren 6an eta 20an (astearteak) proposamenak adin guztietarako izango dira, Txantrean. Superagente canino (2018, AEB, 92 min) haur-abenturako filma da, polizia-txakurren gainekoa; eta, euskaraz, Kanadako Hurrak eta lapurrak 2 (2017, Kanada, 91 min) proiektatuko da.
Abuztuaren 8an (osteguna), Arrotxapera iritsiko da, euskaraz, peluxezko hartz ospetsua, beren abenturen bigarren emanaldian, Paddington 2 (2017, Erresuma Batua, 104 min) filmaz. Eta abuztuaren 22an, berriro animazio-jarraipena den film bat, Hotel Transilvania 3 (2018, AEB, 97 min): munstro-familia plazer-gurutzaontzi batean itsasoratuko da, azkenean amesgaizto bihurtuko delarik. Abuztuaren 9rako eta 23rako (ostiralak), Milagrosako Felisa Munárriz plazan, iaz kritikaren babesa eta sari ugari jaso zituzten bi film aurreikusi dira: Guillermo del Tororen La forma del agua (2018, AEB, 123 min), eta Martin McDonagh zuzendariaren Tres anuncios en las afueras (2018, AEB, 115 min).
Yamaguchi, San Frantzisko eta Sanduzelai
Abuztuaren 12tik 16rako astean Udalaren film-saila agertokiz aldatuko da, zubiarekin bat etortzearen ondorioz bost saio ordez hiru eskainita. Abuztuaren 12an (astelehena), Sanduzelaiko Gortari Doktorearen plazan, bi saioetako lehena izango da: Los Increíbles 2 (2018, AEB, 117 min), Pixar animazio-film arrakastatsuaren ondorengoa. Filmak National Board of Review-ek animazio-film luze onenari ematen dion saria jaso zuen, baita ere, 19 izendapen hainbat lehiaketatan. Abuztuaren 26an (astelehena) proposamena Asterix eta Obelix: maiestatearen zerbitzura filma (2012, Frantzia, 106 min) izango da, euskaraz.
Abuztuaren 13an (asteartea), Yamaguchin abiatuko da film-saila, El Gran showman (2017, AEB, 14 min) musikalaz, Hugh Jackman-ekin eta XIX. mendearen hasierako zirkuko Phineas Taylor Barnum handikiaren biografia ardatz duela. Leku berean, abuztuaren, proposamena komedia bat izango da, Fernando Colomo zuzendiariaren La tribu (2018, Espainia, 90 min), Carmen Machirekin.
Abuztuaren 16an (ostirala) proiektagailua San Frantzisko plazan piztuko da, euskaraz, Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendarien Handia filmaz (2017, España, 114 min). Argudioa, benetako gertaeretan oinarritua, lehen gerra karlistaren ostean abiatzen da Gipuzkoako baserri batean. Filmak 10 Goya sari jaso zituen. Abuztuaren 30ean, Zinema-gauei Javier Fesserren Campeones sari askoko filmak (2018, Espainia, 124 min) emango die amaiera ofiziala.
Mendillorriko eta Buztintxuriko zinema
Mendillorrik euskarazko zinema-saioa izango du, adin guztietarako, jada datorren asteazkenean, hilak 31, Aintzirako parkean: Harpetarra (2018, Erresuma Batua, 88 min) Wallace & Gromit-en egileen sorketa da, eta Harri Aroaren eta Brontze Aroaren arteko gatazkaren istorioa du ardatz, bitartekoa futbola bada ere, joko sakratu bezala. Abuztuaren 21ean, leku horretarako Jumanji. Bienvenidos a la jungla (2017, AEB, 119 min), izen bera duen filmaren ondorengo joko digitaleko aldaera.
Eta Buztintxurin ere udal-zinemako bi saio daude aurreikusita. Batetik, abuztuaren 7an (asteazkena), Coco (2107, AEB, 106 min) proiektatuko da, Pixar faktoriaren film bat, Mexikoko hildako-jai tradizionaletako ikonografiaz girotua; eta abuztuaren 28an, Cars 3 (2017, AEB, 102 min), marrazki bizidunetako Rayo McQueen auto ospetsuaren hirugarren abentura.