Iruñeko Udalak Arrotxapeko Anelier pasealekuaren urbanizazioa osatzeko prozedura bultzatuko du aurten. Proposamena honako hau da: 252 etxebizitza sustatzea (horietatik erdia babestuak), berdegune eta zuhaitz-eremu berriak garatzea pasealekuaren hegoaldean, merkataritza-zonak sortzea eraikin berrietako beheko solairuetan, zuzkidura-lokal berriak beheko solairuan (1.600 m2) eta aparkaleku-sistemaren berrantolaketa, auzoko bizilagunendako 400 eta 500 plaza bitarte sortu edo libratzeko. Aurreikuspenen arabera, lehen urratsa, hirigintza-hitzarmena onestea, osteguneko Osoko Bilkuran bertan izapidetuko da: urbanizazio-lanak (0,85 milioi euroan lizitatu dira) ez dira urrira arte hasiko, eta, aurreikuspenen arabera, 2027ko apirilean amaituko dira. Bestalde, aparkatze-sistemaren berrantolaketa irailean aplikatzen hasiko da.
Pasealekuaren azken zatiaren garapena –duela 25 urte onetsi zen, 2001ean– desblokeatzen duen jarduketaren xehetasunak prentsaurrekoan aurkeztu ditu Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak. Zinegotziak adierazi duenez, Udalak, Hirigintza Gerentziaren bitartez, lizitatuko ditu lanak 852.697,32 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin. Lizitazioa lan-kontratu gisa izapidetuko da, prozedura irekiaren bitartez. Interesa duten enpresek Lizitazio elektronikoko atariaren bidez aurkeztu beharko dituzte eskaintzak, Nafarroako Kontratazio Atarian adierazitako epean. Adjudikaziorako eskaintza ekonomikoa zein proposamenen kalitate teknikoa baloratuko dira.
252 etxebizitza, horietatik erdia babestuta, eta zuzkidura-lokalak beheko solairuan
Urbanizazioaz gain, Iruñeko Udalak hirigintza-hitzarmenaren izapidetzea bultzatuko du ostegun honetan bertan, eta horri esker, Arrotxapeko Plan Partzialeko P9A poligonoko 6. eta 7. lurzatiak eraldatuko dira: orain arte, eraiki gabe zeuden eta hirugarren sektoreko erabilera eman zaie, eta eraldaketak aukera emanen du lurzatiei bizitegi-, merkataritza- eta zuzkidura-erabilera emateko. Hauek dira helburu nagusiak: lurzati horien garapena desblokeatzea, eremuan egiteke dauden urbanizatze-lanak osatzea eta lurzatien erabilera auzoaren beharretara egokitzea.
Aurreikuspenen arabera, hirigintza-aldaketa Hiri Jarduketarako Plan Bereziaren (HJPB) bidez izapidetuko da, zeinak antolamendu-baldintza berriak zehaztu beharko baititu. Hasierako erreferentzia gisa, hitzarmenak irizpide hauek aurreikusten ditu: lurzatiei bizitegi-erabilera ematea, eraikinak beheko solairua eta gutxi gorabehera 9 solairuko altuera izatea eta eraikin estuagoek teilapea izatea, etxebizitzek bi orientazio izan ditzaten. Aurreikuspenen arabera, 252 etxebizitza eraikiko dira, eta horietatik erdiak babes-erregimenen bat izanen du. Jarduketa Etxebizitza Eskuragarriko Udal Planak ezarritako parametroen araberakoa izanen da: besteak beste, gazteak emantzipatu ahal izateko eta auzoan errotutako eskaintzari emanen dio lehentasuna.
Akordioak ere zuzkidura-erabilera eta interes publikoa ere barne hartzen du. Zehatz-mehatz, mendebaldean kokatutako lurzatien beheko solairuak Iruñeko Udalari eraikitako zuzkidura publiko gisa lagatzea proposatzen du, arrapalak eta atariak jartzeko eremuak izan ezik, guztira 1.600 metro karratutan. Ekialdeko blokeko beheko solairuek jarraipena emanen diote arkupeari, eta merkataritza-erabilerarako baliatuko dira. Erabilera-aldaketarekin eta eraikigarritasuna areagotzearekin lotutako gainerako hirigintza-betebeharrak HJPBan zehaztuko dira.
Hitzarmenak konpromiso desberdinak ezartzen ditu bi aldeendako. Sustatzaileak HJPBaren dokumentu guztia aurkezteko ardura hartuko du bere gain, dokumentazio sektoriala eta teknikoa eta aurretik eginen den herritarrek parte hartzeko prozesua barne. Iruñeko Udalak, berriz, konpromisoa hartuko du hitzarmenaren eta plangintzaren izapidetzea bultzatzeko, alderdi teknikoei dagokienez sustatzailearekin elkarlanean aritzeko, P9A poligonoko urbanizazio-lanak lizitatzeko eta haien jarraipena eta harrera egiteko eta, behin obra gauzatuta, poligonoa likidatzeko.
Egutegiari dagokionez, kronogramaren arabera, lehenik eta behin hitzarmena hasiera batez onetsiko da, ondoren jendaurrean paratuko da, eta azkenik, behin betiko onetsiko da 2026an. Ondoren, herritarrek parte hartzeko prozesuan aurrera egitea aurreikusten da, baita HJPBa idatzi eta aurkeztea, hura hasiera batez onestea, jendaurrean paratzea eta txostenak egitea ere, eta azkenik, behin betiko onestea; prozesu hori aribidean den bitartean, Anelier pasealekua urbanizatzeko lanak amaituko dira.
Bizilagunendako 400 eta 500 plaza bitarte
Gaur egun, Anelier pasealekuaren amaierako tartean, 284 plaza inguruko behin-behineko aparkaleku bat dago. Eraikinean eraikuntza-lanak hasi bitartean (aurreikuspenen arabera 2028tik aurrera izanen da) behin-behineko 105 aparkaleku-plaza egonen dira orubean, bi eremu bereizitan: bata 64 plazakoa eta bestea 41ekoa. Hala ere, alboko kaleetako aparkaleku-sistemetan ere aldaketak eginen dira, eta horri esker, auzoko bizilagunendako 400 eta 500 plaza bitarte sortu, libratu edo birmoldatuko dira.
Aparkalekuetan eginen diren aldaketak Arrotxapeko aparkalekuen okupazioari buruzko azterlan bat dute oinarri: Herritarren Segurtasuneko Alorrak egin eta 2026ko otsailaren 13an Mugikortasun Batzordean aurkeztu zuen.
Azterlanaren arabera, auzoan dauden aparkaleku-plazek presio handia jasaten dute, aztertutako tarteetan batez besteko okupazio orokorra % 93koa baita. Larunbatean betetzen dira plaza gehien, 22:00etan, eta une horretan okupazioa ia % 100ekoa da. Analisian desberdintasunak antzeman dira aztertutako eremuaren barruan: Arga Ibaiaren kalean eta Anelier pasealekuan plaza libre gehiago daude; Itzaltzu, Jaurrieta, Orontze, Ezkaroze, Joaquín Beunza, Ezpartza Zaraitzu eta Sartze kaleak, berriz, gainezka egon ohi dira.
Azterlanak, halaber, auzoan bizi ez diren pertsonek aparkalekuak asko erabiltzen dituztela islatzen du: matrikulen % 40 inguru behin bakarrik antzeman ziren egindako sei txandetan, eta aparkatuta zeuden ibilgailuen % 38k baino gehiagok ez zuten 1. eta 8. sektoretako bizilagun-txartelik. Gainera, ibilgailu asko desegoki aparkatuta zeuden elkarguneetan, motorrendako aparkalekuetan, zebra-bideetan eta edukiontzien eremuetan.
Proiektuaren proposamen nagusia aparkatzeko arauturiko ordutegia luzatzea da, bizilagunendako aparkalekuak babeste aldera. Ahalik eta eraginkortasun handiena izateko, agirian aipatzen da arauturiko ordutegia 24 ordukoa izan beharko lukeela urteko egun guztietan. Azterlanak aurreikusten duen moduan, neurri horri esker egoera hobetuko da egungoarekin alderatuta, eta aurreikuspenen arabera, bizilagunendako 400 eta 500 plaza inguru gehiago egonen dira eskuragarri.
Dagoeneko lehenengo jarduketa egin dute Arrotxapeko Juslarrocha kalean: zirkulazioa eta aparkalekuak berrantolatu dituzte Arbizu eta Otsagabia kaleen arteko tartean, auzoan aparkaleku plaza gehiago edukitzeko. Zehazki, lehen bi noranzkokoa zen kalea noranzko bakarreko kale bilakatu da. Antolaketa berri horri esker aparkatzeko 22 plaza gehiago daude orain.
Abaurrea zinegotziak nabarmendu duenez, bizilagunek aparkatzea errazteaz gain, araudi berriak plaza bilatzearen ondorioz aztoramena eragiten duen trafikoa murrizten lagunduko du, eta horrek eragin positiboa izango du emisioei, zaratari eta espazio publikoaren antolamenduari dagokienez. Aparkatzea kontrolatzeko zerbitzuak bertan egoteak ere disuasio-elementu gisa funtzionatuko luke, behar ez den lekuan aparkatzeari aurre egiteko, eta hiri-ingurune ordenatuagoa eta seguruagoa izatea erraztuko luke.