Andre Mariaren Auroroen Jaierazko Bazkunak hasiera emanen die Eguberriei, pregoia irakurriko baitu Kondestablearen jauregian

Andre Mariaren Auroroen Jaierazko Bazkunak hasiera emanen die Eguberriei, pregoia irakurriko baitu Kondestablearen jauregian
Ekitaldia (19:45ean) estalpean izanen da aurreikusitako eguraldi txarra dela-bide, eta Orfeoiko Haur Abesbatza zein Belengo Artzainak izanen dira
pregón navidad


Iruñeko Andre Mariaren Auroroen Jaierazko Bazkuna arduratuko da bihar –abenduak 20–, aurtengo Eguberriari Iruñean hasiera emateaz, pregoia irakurriko baitu. Datorren urtean 75. urteurrena beteko duelako hautatu dute pregoilari. Ekitaldia 19:45ean hasiko da Kondestablearen jauregian; horrela erabaki da egitea ordurako aurreikusitako haizetea dela-eta. Iruñeko Orfeoiko Haur Abesbatzak eta Belengo Artzainek jarriko dute girotzeko musika.
 

Horrela eginen du aurrera egun hauetarako Iruñeko Udalak antolatutako jarduera-programak, hau guztia barne hartuko duela: 80 kultura- eta musika-hitzordu; jolas-lekuak Sarasate pasealeku, Gazteluko plaza zein Karlos III.ean; Eguberriko Azoka tradizionala; Bestelako Argiak IV. Bideoarte Erakustaldia, eta merkataritza dinamizatzeko jarduerak hiriko hainbat auzotan.
 

Andre Mariaren Auroroen Jaierazko Bazkunaren pregoi-irakurketa eta musika-emanaldia
 

Biharko hitzorduari hasiera emateko, Iruñeko Andre Mariaren Auroroen Jaierazko Bazkunak Artzainen deia eta Hebrearra interpretatuko dituzte. Jarraian, José María Beperet taldeko zuzendariak pregoia irakurriko du, eta taldeak, behar bezala, El cantarico abestuz esanen du agur. Ondoren, Iruñeko Orfeoiko Haur Abesbatzak Hacia Belén va una burra, Burrito sabanero eta Feliz Navidad abestuko ditu. Azkenik, Belengo artzainak igoko dira agertokira, eta Artzainen dantzan zein Jesus haurraren jaiotzan jarriko dute ahotsa.
 

Andre Mariaren Auroroen Jaierazko Bazkuna abeslariek zein instrumentistek osatutako musika-taldea da, 1945eko urriaren 7an sortua, hainbat pertsonak, Arrosarioko Ama Birjinaren omenez aurora bat abestu zutenean, San Zernin elizako burdin hesiaren aurrean. Egun 62 pertsonak osatzen dute.
 

Urtean 60 emanaldi baino gehiago
 

Urtero 60 emanaldi baino gehiago egiten dituzte: aurorak berak, mezak eta kalean zein hainbat zentrotan egindako emanaldiak, bereziki adinekoei eta gaixoei egoitzetan eta ospitaleetan egindako bisitaldietan eskainiak. Horrez gain, Andre Maria Doloretakoaren Zazpiurrenean, Ostiral Santuaren Gurutzeetan eta San Ferminen Bederatziurrenean. Zehazki, urteko jaiegun liturgiko guztietan ateratzen dira abestera goizean goiz. Goizeko 06:00etan biltzen dira Gazteluko plazan, kantuan egun bakoitzean helmuga batera jotzeko, esaterako, San Nikolasera, San Agustinera, San Lorentzora edo San Zerninera, 90 bat minutuz. Hilak bost igande edukiz gero, horietako batean auroroek katedralera jotzen dute. Egun horietan, horrez gain, 07:30eko mezan abesten dute Aita Domingotarrekin.
 

Descalzos kalean dute egoitza. Egun auroro guztiak gizonak dira, iaz elkarteak estatutuak aldatu bazituen ere, emakumeei sarrera ahalbidetzeko, eta horiek, gainontzeko bazkideek bezala, probaldia gainditu behar dute. Otsailean, datorren batzar nagusian, behin betiko onespena emanen zaio lehen emakume-hautagaiak taldean sartzeari.