Andaluziako konpainia bat, Nafarroako bat eta Alacanteko bat izanen dira aste honetako protagonistak Harresietako Jaialdiko zirku arratsaldeetan

Andaluziako konpainia bat, Nafarroako bat eta Alacanteko bat izanen dira aste honetako protagonistak Harresietako Jaialdiko zirku arratsaldeetan
Doako emanaldiak astearte, asteazken eta ostegunetan eginen dira, 20:00etan, Ziudadelaren barruan

foto

Astearte honetan (abuztuak 13), 20:00etan, zirkua izanen da berriro Ziudadelan, Bost Punta  zikloaren barruan. Andaluziatik dator Lanördika konpainia, Dario Dumont eta Greta Garcia artistek 2017an sortua. Bihar, Ziudadelan, Rojo Estandar haien lehen ikuskizuna taularatuko dute, Leioako Umore Azokan estreinatu zuten lana. Emanaldia doakoa izanen da eta 20:00etan hasiko da gotorlekuaren barruan.

Zirkuaren eta dantzaren arteko erdibideko pieza da Rojo Estandar. Bertan, bi kanpotar (neska-mutilak) mundu bitxi batean mugitzen dira. Kolore zuriak eta gorriak markatuta, jakin-minetik, ezberdintasunetik eta jolasetik hurbildu nahi dute. 300 emanaldi baino gehiago dituen lanak sari ugari eta garrantzitsuak jaso ditu, besteak beste, FETEN saria, 2018ko kale-ikuskizun onenaren LORCA saria eta 2019ko zirku-ikuskizun onenaren ACA saria.

Bost Punta zirku-ziklo bat da, eta abuztuaren 22ra arte eginen da Ziudadelan , astearte, asteazken eta ostegunetan, Harresietako Jaialdiaren barruan. Emanaldi guztiek 40 eta 60 minutu arteko iraupena dute gutxi gorabehera. Berez, ikuskizun laburrak dira, baina biziak, akrobaziaz eta orekaz beteak, eta klasiko ugari erakusten dituzte zirku-ariketetan.

Nortasuna eta ametsak, asteazken eta osteguneko ikuskizunen ardatza
Nafarroako konpainia bat da asteazkenerako proposamena, Halako Ezpala, eta Motxila lana taularatuko du, musika eta zirkua ardatz dituen haien lehen ikuskizuna. Konpainiak kide bakarra badu ere, Gaspar Illoro, proiektuan beste hiru lagun gehiagok ere lan egiten dute: Salome Duarte, Toni Gutierrez eta Maitane Aspiroz dira, eta zirku teknikak erabiltzen dituzte lengoaia gisa. Motxila lanak kontzeptu metaforiko bati egiten dio erreferentzia: pertsonak direna izatea eragiten duten ezagutzei, beldurrei, pozei, ezaugarriei eta esperientziei.

Azkenik, abuztuaren 14an, ostegunarekin, Trócola Circ Alacanteko konpainiak eginen du emanaldia. Zirkuko troup horrek objektuen bidezko ikerketan oinarritzen ditu bere ekoizpenak, eta, Iruñean, R.E.M. izeneko bere azken lana aurkeztuko du bihar, zeina 2023ko maiatzean estreinatu baitzuen. 12 urteko ibilbidea duen Trócola taldeak estatuko eta nazioarteko zenbait espazio eta jaialdi garrantzitsutan parte hartu du, 11 herrialdetan (Espainian, Taiwanen, Frantzian, Italian, Belgikan, Holandan, Alemanian, Austrian, Portugalen, Polonian eta Brasilen, hain zuzen ere). R.E.M koreografia, gizakien loaren fase bati izena ematen dion akrostikoa, ametsen mundura egindako bidaia bat da, hausnarketa bat eta ikerketa lan bat. Lau artista eta lau ohe ametsen eroale bihurtzen dira altuerako malabar, ariketa bertikal, akrobazia, bankina eta akrobazia-garraiaketak eginez.


BOST PUNTA. ZIUDADELA. ASTEARTE, ASTEAZKEN ETA OSTEGUNETAN, 20:00ETAN 
 

  • Abuztuak 13, asteartea. Rojo estándar. Zirkua eta dantza, Lanördika konpainiaren eskutik
  • Abuztuak 14, asteazkena. Motxila. Zirkua eta musika, Halako Ezpalaren eskutik
  • Abuztuak 15, osteguna. REM. Zirkua, La Trócola konpainiaren eskutik


 

¿Te ha sido útil esta página?