Gaur goizean Babes Zibileko Tokiko Batzordea bildu da Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorraren egoitzan. Batzordeak egunero lehendabiziko orduan jaien bilakaera aztertzen du zeharkako ikuspegiaz. Datozen egunetarako iragarri diren tenperatura altuen aurrean, Gurutze Gorriak Zezen-plazaren inguruan hirugarren anbulantzia bat jartzea erabaki du “bero-kolperen” bat izanez gero pertsonak ospitalera eramateko. Izan ere, datozen hiru egunetarako iragarpen meteorologikoaren arabera 34ºC-tik gorako egun beroak izanen dira, eta alerta laranja / arrisku ertaina dago gaurtik uztailaren 12ra arte. Administrazio publikoek gogorarazi nahi dute pertsona zaurgarrienak bereziki zaindu behar direla (haurrak, adinekoak eta haurdun dauden emakumeak), eta beharrezkoa dela hidratatzea, arropa arina erabiltzea, bero handieneko orduetan ahalegin fisikoa ekiditea eta abar.
Tenperatura altuak daudenean ez da gomendagarria ere azukredun eta alkoholdun edariak hartzea. Azken horiekin lotuta, Batzordeak Vázquez de Mella IPan instalatutako errefortzuzko osasun-barrutiaren (‘Koktel-ontzia’ izenez ezaguna) funtzionamenduaren berri izan du. Barrutia bereziki zuzenduta dago alkohol-intoxikazioetara, baina beste toxiko batzuen abusuaz, istripuez eta mota askotako lesioez ere arduratzen da. Gaur itxiko ditu ateak uztailaren 13an berriz ere zabaltzeko, sanferminetako azken tarteari begira. Uztailaren 5eko 10:00etatik 148 pertsona artatu dira, 2k pronostiko larria izan dute eta 12 osasun zentroetara eraman behar izan dituzte.
Babes Zibileko Tokiko Batzordeak, halaber, Iruñerriko Mankomunitateak beira-bilketari buruz emandako datuak ezagutu ditu. Uztailaren 9an, igandearekin, 53.820 kg beira jaso ziren edukiontzietan. Hondakin horiek ostalaritzako lokalekin bereziki lotuta egon ohi dira. 53,8 Tm beira horiek hiriko beira-bilketaren errekor bihurtu dira erregistroak daudenetik, eta horrek esan nahi du edari asko saldu direla hiriko jatetxeetan eta, batez ere, tabernetan. 2017 urtearekin alderatuz gero (urte hartan 6a, 7a, 8a eta 9a osteguna eta hurrengoak izan ziren, 2023an bezala), aurten uztailaren 9an, igandearekin, orduan baino 6,1 Tm (6.180 kg) gehiago jaso dira.
Oro har, edukiontziko hondakinen bilketa askoz handiagoa izan da 2023ko sanferminen hasierako lau egunetan, 2017ko data berberetan baino (44,2 Tm gehiago). Orain arte sanfermin hauetan mota horretako 185.700 kg hondakin jaso dira.
Batzordeak azken orduetan gertatutako bi atxiloketen berri izan du ere. Lehengoa ustezko eraso (ukituak) batekin lotuta dago eta atzo salatu zen eta bigarrena uztailaren 7an izan ziren antzeko gertakari batzuei buruzkoa da.