Pim Pam Ville jaialdian Les Big Byrd suediarrak, Les Lullies frantsesak eta Ashley Campbell iparamerikarra arituko dira aurten. Halaber, beste estatubatuar batek, New Yorkeko Mike Edisonek, hartuko du parte Jaéngo Guadalupe Plata taldearekin batera, eta tokiko ordezkari Brecha eta Broken Brothers Brass Band taldeek joko dute. Horiei guztiei batuko zaizkie Anari gipuzkoarra eta Verde Prato bilbotarra.
Iruñeko Udalak bultzatutako musika-ekitaldi urbano honen bosgarren edizioa irailaren 10ean eta 11n eginen da Iruñeko Ziudadelan, eta jaialdiaren ildo nagusia den rockarekin batera, blues, folk, country, jazz edo kraut rock kutsua duten abestiak ere entzunen dira. Sarrerak abuztuaren 4an, asteazkenarekin, paratuko dira salgai, eta www.pamplonaescultura.es webgunean erosi ahalko dira, enlace del festival jaialdiaren loturan. Egun bakoitzeko prezioa 10 euro da, eta 15 euro, bi egunetarako bonua (gehi kudeaketa gastuak). Jaialdiaren zuzendaritza artistikoaz Producciones Nebulosas enpresa arduratu da.
Ohiko zirkuitu komertzialetik at dauden izenak
Aurreko edizioen ildoari eutsita, Pim Pam Ville jaialdiak zirkuitu komertzialetan agertu ohi ez diren izenen aldeko apustua egiten jarraituko du. Jaialdiaren aurreko edizioetan nazioarteko taldeak aritu dira –The Fuzztones eta The Kids kasu– zein nazionalak –esaterako, Los hermanos Cubero eta Hinds–, bai eta hemengo taldeak ere –adibidez, Melanas–; azken horiek Pim Pam Ville jaialdiaren lehenengo edizioan egin zuten estreinaldia, eta gero azken edizioko Music Moves Europe Talent Award saria irabazi dute.
2020an bezala –orduan jaialdia Burguen plazatik Ziudadelara lekualdatu baitzen–, aurten ere kultura seguru baten aldeko apustua egiten jarraituko da. Oraingo kokalekuak edukiera handiagoa dauka, eta ondorioz, pandemiak eragindako egungo osasun araudia guztiz bete daiteke bertan, kontzertuek erakartzen duten publiko gero eta handiagoa kontuan hartuta. Lau edizioetan, 20.000 ikuslek baino gehiagok parte hartu dute jada Pim Pam Ville jaialdian, eta horien artean hiritik kanpoko bisitari asko izan dira.
Irailak 10, ostirala: Broken Brothers Brass Band, Anari eta Guadalupe Plata & Mike Edison
Irailaren 10ean, ostiralarekin, jaialdiari hasiera emanen dio Broken Brothers Brass Band metal-bandak, zeinak 15 urte baitaramatza New Orleanseko brass banden soinua hainbat ekitaldi musikaletara hurbiltzen, Donostiako Jazzaldira kasu. Bandaren kontzertuetan bat egiten dute jazz garaikideak, funkak, rapak eta grooveak. Bere ibilbidean zehar, besteak beste, Berri Txarrak, Cabezafuego, Fermín Muguruza eta Amparanoiarekin jo izan dute.
Ondoren, Anari igoko da Ziudadelako agertokira, euskal musika tradizionala eta soinu elektrikoa uztartzen dituen kantautorea, bere errepertorioari rock-arrastoak eta halako lirismo hipnotiko bat gehituta. Adarra Saria jaso duen artistarik gazteena da Anari.
Eguneko programa Guadalupe Plata eta Mike Edison protagonista dituen eta bluesean oinarrituta dagoen kontzertu batek osatuko du. Guadalupe Plata Jaéngo taldeak, berriki bikote bilakatu denak, New Yorkeko Mike Edison The Pleasure Fuckers eta The Raunch Hands —80ko hamarkada erdialdean eszena astindu zuen taldea— taldeetako kidearekin egin du bat. The devil can’t do you no harm diskoa da batasun bitxi horren emaitza.
Irailak 11, larunbata: Brecha, Verde Prato, Ashley Campbell, Les Lullies eta Les Big Byrd
Larunbatean, Brechak emanen dio hasiera jaialdiari, kontsigna eklektiko eta kolektibo batekin sortutako taldeak, hala egiten duen musikan nola hura grabatzeko moduan, bai eta zuzenekoetan ere. Lehenengo lana disko hirukoitz bat da, produktore ezberdinekin eta modu ezberdinetan grabatua: La nueva era, Hilario Castiellarekin, La muerte, Guillermo F. Mutiloarekin eta A caballo Axier Beunzarekin.
Verde Pratok emanen dio segida, Ana Arsuagak egindako eraldaketak, Mazmorra eta Serpiente taldeetan izandako esperientzien ondoren. Kondaira Eder hura du hasiera-albuma, Mazzy Star, Nico eta Mikel Laboaren arteko gurutzaketa da, euskal ahozko tradizioa defendatuz eta folklorea leku harrigarri eta ederretara eramanez berreskuratzen duen proiektua.
Hirugarren kontzertuaren protagonista Ashley Campbell izanen da, Glen Campbell musika countryaren mitoaren alaba, banjoarekin akonpainamendua egin izan ziona. Bai konposiziorako bai interpretaziorako dohain handiak dituen kantautore hau ohikoa da iraganeko oihartzunak eta eragin garaikideak konbinatzen dituen country-bluegrass zirkuituan, soinu amerikarrera eta bere garaikideak diren musikarietara hurbiltzen dela, Aubrie Sellers edo Hailey Whittersengana kasu.
Pim Pam Villeren azken txanpan, Les Lullie frantsesek beren punk’n’rolla ekarriko dute agertokira. Talde honek, beraren jaioterrian egindako birez gain, beste hainbat herrialdeetan ere egin ditu, hala nola Belgikan, Herbehereetan, Italian, Portugalen, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Kanadan eta Espainian, non aintzatespen handiko Funtastic eta Fuzville gisako jaialdietan egon baitira.
Aurtengo edizioari amaiera emanen dio Les Big Byrd taldeak, Jocke Åhlund eta Frans Johansson suediarrek alegia. Lehengoa hainbat taldetako kide izan da, hala nola, Teddybears, Caesars eta Smilekoa, eta aldi berean, maila handikoko izarrendako konposatu eta ekoitzi du, esaterako, Giorgio Moroder eta Robyn herrikidearendako. Bigarrenak bere baxurako gaitasuna frogatu du Fireside eta The Soundrack Of Our Lives taldeetan, besteak beste. Haiekin batera arituko dira Martin ‘Konie’ Ehrencrona teklatu-jotzailea eta Nino Keller bateria-jotzailea, joera espazialeko kraut rockarekiko eta dronez blaitutako psikodeliarekiko duten zaletasuna askatuz.