Anantapur-eko (India) bizitza, García Rodero argazkilariaren kameraren bidez; horra La Caixak eta Nafarroako Kutxa fundazioak Iruñeko Udalarekin eskaintzen duten erakusketa

Anantapur-eko (India) bizitza, García Rodero argazkilariaren kameraren bidez; horra La Caixak eta Nafarroako Kutxa fundazioak Iruñeko Udalarekin eskaintzen duten erakusketa
Maiatzaren 11ra arte dago programatuta, Vicente Ferrer fundazioarekin elkarlanean, eta bisita librea edo gidatua egin ahal da
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñean dago Ametsen lurraldea. Cristina García Rodero, La Caixa eta Nafarroako Kutxa fundazioaren Artea kalean programako erakusketa berria, Andhra Pradesh estatuko anantapurtarren eguneroko bizitza islatzen duten bat-bateko 40 argazki ikusgai. Eremu hori Indiako txiroenetako bat da, bertan herrialdeko komunitate baztertuenak eta zaurgarrienak bizi direlarik. Hain zuzen ere, hortxe aritzen da Vicente Ferrer fundazioa. 
Bi erakundeek Sarasate pasealekuraino ekarri dute Cristina García Rodero argazkilariak hilabete eta erdiz egindako ahalegin dokumentala, zeinetan ospitaleak, tratu txarren biktima diren emakumeen harrera-zentroak, lantegiak, ikastetxeak eta etxeak bisitatu baitzituen,  askotan ahaztutako pertsonak ikusarazten dituzten erretratuak lortuz: adin txikikoak, desgaitasunen bat dutenak eta, bereziki, Anantapur-eko komunitateen eraldaketan zeregin nabarmena duten emakumeak.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Ana Díez Fontana CaixaBankek Nafarroan duen lurralde-zuzendariak, Javier Miranda Erro Nafarroako Kutxa Fundazioko lehendakariak, Marian García Vicente Ferrer fundazioko Nafarroa, Errioxa eta Aragoiko ordezkariak eta Josep Giralt erakusketako aholkulariak gaur zabaldu dute erakusketa, maiatzaren 11ra arte iruindar zein bisitarientzat bide publikoan ikusgai izango dena.

La Caixa eta Nafarroako Kutxa fundazioaren Artea kalean programako erakusketa ibiltarietan ohikoa denez, helburua herritarrak askotariko gaietan sentsibilizatzea da, arte-, zientzia- eta gizarte-edukien bidez. Gainera, erakusketak ikusgai dituzten hiriak atari zabaleko museo bihurtzen dira, eta nazioartean sona handikoak diren artisten lanak herritarrengana hurbiltzen dituzte. Artea kalean programa 2006an abiatu zen, eta horrezkero ikusleei modernitatearen erreferenteen artelanak ekarri dizkie, hala nola Auguste Rodin eta Henry Moore eta, berrikiago, Sebastião Salgado argazkilari brasildarra.

Argazkiak kalean, bisita librez edo gidatuaz
Ama, nekazari, jostun, erlijio ezberdinetako emaztegai, irakasle, erizain edo ikasle izan, mundu femeninoaren alderik sentikorrenean eta magikoenean zein Anantapur-eko emakumeek duten indarrean eta gainditze-gaitasunean sakontzeko aukera da gaur zabaldutako erakusketa. Argazkilaria begirunez hurbildu da haiengana, temati, bizitako argi-ilunak kolorez eta liraintasunez estaltzen dutenen poza zein oinazea islatzeko, denboran geldo dirudien paisaia hartan. Proiektuaren emaitza bat-bateko 40 argazki dira, Indiako landa-komunitateen erakusle, osaketa-kalitateagatik eta irudien bizitasunagatik liluragarriak. Cristina García Rodero argazkilariaren eskutik, Indiako herritarren begirada aurkitzen da, baita  argazkilariak berak Indiaz duen  ikuspuntua ere, mundu konplexu eta zatikatu bati so. Argazki bakoitza ikus-kode koherentea da, haratago doana.

Artea kalean programako erakusketetan ohikoa denez, badaude bisita gidatuak, doan, bai jende orori bai ikasle-taldeei eta beste talde batzuei zuzenduak. Lehenetarako, gaztelaniaz (larunbatetan, 18:00etan) edo euskaraz (igandeetan, 12:00etan) ikusleak besterik gabe hurbil daitezke erakusketa-gunera. Horrez gain, apirilaren 18, 19, 22, 23, 24, 25 eta 26an ere (Aste Santuan) gaztelaniazko bisitak egongo dira 18:00etan. Ibilbideak taldeka ikusteko, ordea, ikastetxeek eta beste interesdunek hitzordua adostu behar dute 900 80 11 37 telefonoan. Ikasle-bisitak astelehenetik ostiralera izan ahalko dira, goizez zein arratsaldez (09:30 – 13:30 eta 16:00 – 18:00).

Cristina García Rodero, begiratze-ereduaren iraultza 
Cristina García Rodero tutore-irudia da argazkigintza unibertsalean, bai bere nortasunagatik bai bere lanaren oihartzun nazional eta nazioartekoagatik. Puertollanon jaioa (Ciudad Real, 1949), Arte Ederretan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Magnum argazki-kazetaritzako agentzia entzutetsuan sartu zen lehen espainiar honen lanik aipagarriena España oculta da, la Caixa Arte Garaikidearen Bildumaren barruan. 

Sari ugari jaso ditu, esaterako: World Press Photo, 1993an; Argazkilaritzako Sari Nazionala,1996an; FotoPres ”la Caixa”, 1997an; PhotoEspaña saria, 2000an; Argazki-kazetaritzako Godó Saria, 2000an; Arte Ederren arloko Merituen Urrezko Dominak, 2005ean, eta Gaztela-Mantxan, 2016an; eta berriro PhotoEspaña saria, 2017an. Berea den museoa duen lehen argazkilari espainiarra da, bere jaioterrian.

Vicente Ferrer fundazioa: mende-erdia, elkartasun-lanetan
Vicente Ferrer fundazioak 50 urte bete ditu giza lanean, xede bakar honetaz: txirotasunak, gaixotasunak eta bereizkeriak sortzen duten oinazea arintzea. Mende-erdiko eskarmentuak lan-metodologia bat finkatu du, India hegoaldeko landa-komunitateen garapena eta goraldia ahalbidetzen dituzten alderdi guztiak lantzen dituena, bere burua aski duen gizarte bat sortzera bideratutako programak abiatuz. Erakundeak komunitateen ordezkari-sarearekin elkarlanean dihardu, bertakoen beharrei egokitutako esku-hartzeak antolatuz.

Bere ekintza integralak eta ikuskera humanistak, Vicente Ferrer sortzailearen ekintza-filosofia oinarri, lankidetzaren esparruan erreferentea den garapen-eredua ekarri du. Asmo handiko proiektu horretan, egun, 130.000 kolaboratzailek baino gehiagok hartzen dute parte, Indian, justizia sozialerantz aurrera egiteko oraindik jende solidarioa behar duen herrialdean, txirotasuna desagerrarazte aldera.

 

AMETSEN LURRALDEA. CRISTINA GARCÍA RODERO


•    2019ko apirilaren 17tik maiatzaren 11ra
•    Sarasate pasealekua
•    Iruña

Ikusle guztiendako bisita gidatuak 

•    Larunbatetan, 18:00etan, gaztelaniaz
•    Igandeetan, 12:00etan, euskaraz
•    Aste Santuan, gainera: apirilaren 18, 19, 22, 23, 24, 25 eta 26an, 18:00etan (gaztelaniaz)
 
•    Guztiak aurretiazko hitzordurik gabe
•    Topalekua: erakusketaren hasiera.

Ikasle-bisitak

Astelehenetik ostiralera: 09:30 – 13:30 eta 16:00 – 18:00

Ikasle-bisitak eta beste taldeak:

Aurretik 900 80 11 37 telefonora deituz

¿Te ha sido útil esta página?