Iruñeko Udalaren Eskolarako Bide Seguruak proiektuaren barruan Amaiur ikastolara joateko bi bide berritu dituzte Iturraman: Iturramako bidea eta Donibaneko bidea. 2017an zabaldu zituzten bi bide horiek, eta aitzindari izan ziren hirian. Orain hobetu egin dituzte, haurrak ikastolara oinez joan ahal izateko: bidean seinaleak jarri dituzte eta segurua da, hala haurren autonomia sustatzen baita, bai eta ohitura osasungarriak ere. 11.986,26 euroko (BEZa barne) inbertsioa egin dute bi bideak hobetzeko.
Hirigintzako Batzordea eta Gerentzia bide horietako bat ikusten izan dira gaur, Donibanekoa hain zuzen ere: Azueloko Monasteriotik hasi eta 1.000 metro inguru egiten ditu ikastetxeraino, eta topaleku bat jarri dute Antso Azkarraren etorbidean, 75. zenbakian. Baiona etorbidea eta Barañaingo etorbidea alderik alde zeharkatu, eta Antso Azkarraren eta Pio XII.aren etorbideak gurutzatzen ditu Errioxa kaletik, Iturrama kalean barna ikastetxeraino iritsi arte.
Iturramako bideak ere 1.000 metro inguru ditu, eta San Joan Bosco kaleko 7.aren ondoan dagoen haur-parkean hasten da. Topalekua Iturramako Civivoxean jarri dute. Ezkirotz, Iturrama, Iñigo Arista eta Fuente del Hierro kaleak zeharkatzen ditu ikastolaraino. Bi bideetan ikastolako logotipoaren seinaleak jarri dituzte: Amaiurtxo da logotipoa, berdea. Halaber, 4 seinale bertikal jarri dituzte kale-argietan, abiapuntuak eta topalekuak non dauden adierazteko.
Beste ikastetxe batzuetara joateko bide seguruetan ez bezala, Donibaneko bidean haurrak boluntarioek lagunduta joanen dira. Erretiratu euskaldunak dira boluntarioak, eta musu-truk eginen dute lan hori. Proiektuan parte hartzean izandako esperientzia azaldu dute.
Jasangarritasuna eta adiskidetasuna
Eskolarako Bide Seguruak egitasmoak mugikortasun jasangarria sustatzen du, ikastetxera oinez, patinetez edo bizikletaz joatera bultzatzen baititu haurrak. Halaber, eskola inguruetan trafikoa murriztea eragiten du, eta horri esker, karbono dioxidoaren emisioa ere gutxitu egiten da. Bestalde, ibilbide horiek egiten dituzten haurren artean lagunarteko harremanak sortzen laguntzen du, eta hala, haurren artean adiskidetasuna eta autonomia sustatu.
Ikastetxeetako hezkuntza-komunitateak dauka bide seguruak martxan jartzeko ekimena. Bide horiek behar direla atzematean, ibilbideak, hobekuntzak eta seinaleztatzeko moduak proposatzen dizkiote Udalari, eta ikastetxe bakoitzak aukeratzen du oinezkoendako bide seguru horietan zer ‘aztarna’ jarri nahi duen. Proposatutako ibilbideak ikusi eta aztertu ondoren, Udalak, behar diren lanak egin, eta ibilbideak seinaleztatu eta margotzen ditu. Ibilbide horiek seguruak izan behar dute oinezkoendako, oinez ibiltzeko leku atseginak, eta ikastetxera ahalik eta ibilbide zuzenena egin behar dute.
BI BIDE BERRITUTA
Eskolara joateko Donibaneko bide segurua:
Topalekua: Antso Azkarraren etorbidea 75. Azueloko Monasterioaren plazan hasten da, eta Baiona etorbidea eta Barañaingo etorbidea igaro ondoren Antso Azkarraren eta Pio XII.aren etorbideak gurutzatzen ditu Errioxa kaletik; azkenik, Iturrama kalean barna ikastolaraino heltzen da.
Eskolara joateko Iturramako bide segurua:
Topalekua: Iturramako Civivoxa. San Joan Bosco kaleko 7.aren ondoan dagoen haur-parketik abiatzen da, eta Ezkirotz, Iturrama, Iñigo Arista eta Fuente del Hierro kaleak zeharkatzen ditu ikastolaraino.