Amaiur Ikastolako 3. eta 4. mailako ikasleek, 10eko taldetan antolatuta, gaurko jolas-orduaren ondoren, ikastetxearen parean hainbat espezietako zuhaixkak landatzeko tartea hartu dute. Hala, Fuente del Hierro kalearen berrurbanizazio-proiektuan parte hartu dute; proiektu hori, Next Generation funtsekin finantzatu da eta Donejakue Bidearen hiriko tartea hobetzeko ahaleginaren barnean sartzen da.
‘Euri-lorategi’ bat landatzen aritu dira. Lorategi horiek gainazal iragazkorreko guneak dira, eta tokiko baso batek bezala euri-ura jaso, xurgatu eta iragazten dute, eta solidoak eta hidrokarburoak araztu ondoren ur hori biltzen dute. Ura legar-depositu batera doa, eta horrek galtzadatik eta espaloietatik jasotako ura pixkanaka lurrazpira iragaztea ahalbidetzen du, eta bidenabar gainazaleko landare-espezieak elikatzen ditu. Baina, gainera, landaketak landare espezie berriak sartzen ditu eremuan, horietako asko fruituak dituztenak. Horrek, era berean, landare horiei lotutako faunarendako (intsektuak, txoriak, etab.) habitatak sortzea eta mantentzea eragiten du, eta biodibertsitate-maila hobetzea. Emaitza, oro har, eremua birnaturalizatzea da.
Aitzurrez horniturik eta irakasleek eta teknikariek lagunduta 8 eta 9 urte bitarteko haurrek lorategiko lehenengo zatia zulatzen eta bertan aleak jartzen aritu dira, ikastolako atetik hurbilen dagoen tartean, errepideko zirkulaziora gehiegi hurbildu ez zitezen. Aldian behingo uraldiak jasaten ahal dituzten landareak aukeratu dira; honako hauek: izpilikua (Lavandula angustifolia); berberis gorria (Berberis atropurpurea Nana); estrepa (Cistus salvifolius); eguneko lilia (Hemerocallis Staffor); Heuchera miracle; Pennisetum macrourum; Rudbeckia fulgida, eta basoko salbia (Salvia nemorosa).
Lorategia egoteko eta ibiltzeko espazio txiki bat da, askotariko zuhaixka- eta garaiera txikiko landare bizikorren zerrendaz osatua, eta zuhaixkaz osatutako oihanpe batek inguratzen du galtzada. Espazioak hiru zuhaitz berezi ere baditu: 16 eta 18 cm bitarteko diametroko enborra duten bi haritz eta 14 eta 16 cm bitarteko enborra duen arbustu bat. Euri-lorategiko beste bi zerrendak, kanpokoak, Udalak landatuko ditu eta honako hauen aleak jarriko ditu: izpilikua (Lavandula stoechas), lili horia (Iris Pseudocorus), ezpata-belarra (Carex oshimensis), erromero herrestaria (Rosmarinus officinalis Prostratus) eta larrea (Panicum virgatum Hanse Herms).
Baina, lorezaintza-lanetatik haratago, esku-hartze mota honek sentsibilizatzeko eta ingurumen hezkuntzarako balio du, hura garatzeko gizarte eragileak inplikatzen baititu. Proposamena bat dator SEO BirdLife1 GKEak haurrek hiri-ingurunean bertan eta, bereziki, eskoletan biodibertsitatearekin elkarreragiteko aukera gehiago izateko egindako gomendioekin, eskoletan ingurumenarekin zerikusia duten gaiak irakastearekin eta eskolako lorategian, hiri-parke batean edo gertuko naturagune batean zuzenean behatu eta esperimentatzearekin uztartzeko aukera ematen baitute. Ildo horretan, Amaiur ikastolan eskola-baratze bat dute.
Ikasleak hiriaren hobekuntzan parte hartzen
Landaketa-jardunaldi hori ikastetxeak bere ingurua eta hiria, oro har, hobetzeko egiten duen ekarpena bat da, Fuente del Hierro Berdea berrurbanizatzeko esku-hartze orokorra Fuente del Hierro eta Iturrama kaleen arteko elkarguneko biribilgunearen eremua eraldatzen ari delako, eta horrekin batera biribilgune horretatik Claret kiroldegiraino dagoen erdibitzailea zabaltzen ari delako, "baso ertain" bihurtzeko.
Emaitza askoz berdegune eta landare- eta animalia-espezie aniztasun gehiago duen gunea izanen da, eta herritarrendako itzal eta atseden eremuak ere izanen ditu.. Esku-hartzeak, halaber, zirkulazioa baretzea eta oinezkoen ibilbideak eta auzotarren eta erromesen joan-etorriak sustatzea du xede. Beren ingurua hobetuta ikusiko dutenetako batzuk ikasturte honetan Amaiur ikastolan ikasten ari diren 371 ikasleak izanen dira.
Proiektuak Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Next Generation EU Europako funtsen finantzazioa dauka, eta Iruña SF365 proiektuko ‘trantsizio berde eta jasangarriko’ ardatzaren barruan dago. Jarduketa horrekin Fuente del Hierro kalea sustatu nahi da, hiritik igarotzen den Donejakue Bidearen tarte gisa eta Ziudadela eta Nafarroako Unibertsitateko Campusa –Iruñeko birika berdeetako bi– lotzen dituen kale gisa. Era berean, jarduketa 2030erako hiriko karbono-aztarna txikitzea eta hiria klima-aldaketaren eragin kaltegarrieiei (tenperaturen igoera eta lehortea) aurre egiteko xedea duen Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Estrategiaren barruan kokatzen da.