Amaitu dira hiltegi zaharreko lurzatian 14.000 m2-ko parke berria egiteko obrak, ekonomia-jardueretarako eremu bat edukitzeko ere urbanizatu delarik

Amaitu dira hiltegi zaharreko lurzatian 14.000 m2-ko parke berria egiteko obrak, ekonomia-jardueretarako eremu bat edukitzeko ere urbanizatu delarik
Lorezaintzako lan batzuk eta zuhaitz-landaketa datozen asteetan eginen dira, horretarako egokia den garaia denean
Visita antiguo matadero 2

 

Hiltegi zaharreko lurzatian 14.000 m2-ko parke berria eraikitzeko urbanizazio-lanak amaitu dira. Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako Kontseiluak, Enrique Maya alkatea buru, gaur goizean bisitatu du gunea, ekonomia-jardueretarako eremu bat edukitzeko ere urbanizatua eta zuzkidura-lurzatia duena. Orain lorezaintzako lan batzuk eta zuhaitz-landaketa gelditzen dira egiteko: datozen asteetan eginen dira, horretarako egokia den garaia denean.
 

Gainera, hiri-garapen berriak Orkoienekiko loturak hobetuko ditu; izan ere, errepidetik gertuen den eremuan beste espaloi bat eta oinezkoen eremutik bereizitako bidegorri bat jarri dira, horrela Iruña-Orkoien joan-etorrietarako lotura erraztuz, bai oinezkoendako bai bestelako garraiobideetarako. Espaloia eta errepidea zeharka aparkatzeko tokien ilara batek bereizten ditu.
 

Urbanizatze-lanak iazko irailaren 24an hasi ziren; baina, urte bat lehenago, lurzatian zeuden nabeak eta etxebizitzak eraisteko lanak eginak ziren. Lehen fasean urbanizazio-lanetarako beharrezko diren lur-mugimenduak egin ziren, eta gasaren zein energia elektrikoaren azpiegituren loturak Sanduzelaiko etorbidearekin. Horrez gain, ekonomia-jardueretarako lurzatiaren aurreko zerbitzu gehienak gauzatu ziren: euri-uren eta ur beltzen sareak, hornidurak, elektrizitatea eta telekomunikazioak. Jarraian, urbanizazio-garapenak honako lan hauek izan zituen ardatz: berdegunean, tantakako ureztapen bidezko sistema prestatzeko lanak, zuhaitz eta zuhaixkentzat, gerora gunea mantentzeko beharrezkoa izanen baita; eta zoladura-lanak zein urbanizazioko altzariak jartzekoak.
 

Iruñetik hurbilen dagoen eremuko parkea

14.000 m2-ko parkea Iruñetik gertuen den gunean eratu da, trataera naturala jaso duen hegal batean, betiere aintzat hartuta alboko eremua landa-eremua dela. Parkean, zoladura duen azalera 1.728 m2-koa da; eta berdegunea, 12.335 m2-koa. Bertako orografia lehengoratu da, eta tokiko espezieetako zuhaitz eta zuhaixkez osatutako belardi bat osatu. Parkeko goiko aldean begiratoki bat jarri da, eserlekuez hornituta, eta hegoaldean, egonleku txiki bat, piknik-gunea eta haurrendako jolasgunea barne, erabilera horietarako altzari egokiez. Horiek horrela, mahaiak, eserlekuak, paperontziak, bizikletetarako aparkalekuak, iturri bat eta haurrendako jolasak instalatu dira. Osagai eta banaketa horien bidez eremuak gertuko mendi-hegalek ematen duten landa-irudiarekin bat egin dezan bilatu da.
 

Antolamendu berriak, plangintza-antolamenduarekin bat, ekonomia-jardueretarako lurzati bat sortu du errepidetik gertuen dagoen tokian, Orkoienekiko mugan; bai eta zuzkidura-lursail bat ere, parkearen ondoan. Hegoaldean kokatutako kalea, parkea eta zuzkidura-lursaila banatzen dituena, hiri-lurzati gisa tratatu da, eta horregatik, aurrefabrikatutako hormigoi-lauzak ditu zoladuran, hor bertan zintarriztatutako hormigoi-lauzekin, zuhaitzak geometrikoki paratuak eta erraz mantentzeko moduko altzariak.

 

Visita matadero

 

Gehienez, 886.148,96 euroko gastua

Urbanizazioak hartzen duen eremua La Protectora SAren hiltegi zaharra zegoen gunea da (Iruñeko Udal Planeko ARS-3ko SO-1 unitatean); hiriko mendebaldean dagoen lurzatia da, Orkoiengo udal-barrutiarekiko mugan, PA-30 errepidearen eta Sanduzelaiko aisia-baratzeen artean.
 

Urbanizazio-proiektuaren separata Cima Ingenieros SLUk idatzi zuen, eta horri esleitu zitzaizkion lana eta obren zuzendaritza teknikoa, 32.000 euroan (BEZa kanpo). Jarduketa zehatzei dagokienez, Hirigintza Gerentziak Construcciones Lacunza Hermanos SL enpresari esleitu zion urbanizazio-kontratua , 842.109,80 euroko aurrekontuarekin; horrek % 28,35eko beherapena zekarren lizitazio-prezioaren aldean, 1.175.359,72 eurokoa baitzen (BEZa kanpo). Ondoren, lanak gauzatzean, gastuan 44.039,16 euroko igoera izan da (BEZa kanpo), hots, % 5,22, esleipen-aurrekontuaren aldean. Horrela, Udalaren inbertsioak 886.148,96 euro jo ditu guztira (BEZa kanpo).