Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek, Enrique Maya Iruñeko alkatea buru zutelarik, bisita egin dute gaur goizean, Ipar Etxabakoitzen, Iruñeko etorbidearen ondoan egin diren urbanizazio-lanetara, bigarren fasea amaitu berri baitute.
Bi faseetan egin diren lanek jarraitutasuna eman diote hiri-igogailuaren geralekua eta Urdanoz etxe-multzoa lotzen dituen pasealeku perimetralari. Pasealekuak Elorz ibairantz jaisten den hormigoizko horma bat du, eta inguruko herriak ikusteko begiratoki gisa geratzen da. Lanen ondorioz jarraitutasuna eman zaio mendebalderantz, eta 400 metroko bidegorria egin da. Halaber, eremua urbanizatu egin da etxebizitza libreak zein babesekoak egin ahal izateko, 90 ibilgailuetarako aparkaleku bat egin da, bidea zabaldu da, baterian aparkatzeko gune berriak gaitu dira eta berdeguneak sortu dira eta 140 zuhaitz landatu.
“Garajeen aire-zuloei” dagokien hirugarren fasea egiteke dago
Construcciones y Excavaciones Erriberri SL - Lakita SA ABEEk egindako obrek 2,7 milioi eurotik gorako kostua izan dute. Etxabakoitzeko XX. UIko ARS-5 banaketa-areako Konpentsazio Batzordearen forma juridikoarekin egin dira, lanak finantzatzen eta modu autonomoan egiten dituen figura, Udalak gainbegiratuta eta formalki jasota. Berez, gaur egindako bisita bat dator Iruñeko etorbidearen eremuko lanen bigarren fasean egindako lanen onarpenarekin, XX. UIko ARS-5 banaketa-arearen barruan dagoen S-1 sektorean (Etxabakoitz).
Une honetan hirugarren fasea urbanizatzeke dago, garajeen aire-zuloei dagokiena, eta eraikinak altxatu ahala eginen da. Eraikinak eta azken fase hori burututakoan, lehen erabileretarako lizentziak ematen hasten ahalko da. Garajeen aire-zulo horien gainean lur gainean aparkatzeko 100 leku inguru eginen dira.
Urbanizazio-proiektua, eraikinetarako 11 lurzatirekin
S-1 sektorean dagoen eremua 28.729,09 m2-koa da. Lehen fasea 2019ko irailean itxi zen, 5.700 m2-ko azaleran, eta Udalaren oniritziaren ondoren, jada eraikitzen ari diren etxebizitza libreak eraikitzeko obra-lizentziak eman ziren. Gainera, I. faseko lanekin bidea zabaldu zen eta baterian aparkatzeko gune berriak sortu ziren.
Bigarren fasearen barruan sartzen dira pasealekuari eusten dion hormaren eta partzela eraikigarrien arteko espazioa, 10.400 m2 inguruko azalerarekin. Urbanizazio-proiektuak hamaika lurzati sortu ditu, bi taldetan banatuta. Remiro de Goñi kaletik hurbilen dagoen zatian udal-jabetzako lurzatia dago, eta bertan babes ofizialeko etxebizitzak eginen dituzte, beheko solairua gehi sei altuera eta atikoarekin. Jarraian, beste bost lurzati daude –etxebizitza libreetarako– eta, igarotzeko libre dagoen gunearen ondoren, gainerako bost lurzatiak. Ekialdeko eta mendebaldeko muturretako eraikinek sei solairu eta atikoa dituzte; aldiz, barneko aldean eraikiko direnek, lau solairu eta atikoa.
Halaber, Remiro de Goñi kaletik gertu 2.268 m2-ko zuzkidura-erabilerarako lurzati bat dago, eta behin-behineko aparkalekua izanen da, 90 ibilgailu baino gehiagorendako lekuekin. Proiektua osatzeko plaza bat eta eremu libreak daude, non zuhaitzak landatzeaz amaitu baitute.
S-1 sektorea XX. UIko ARS-5 banaketa-arearen barruan dago (Etxabakoitzen) eta, birpartzelazioarekin bat, 54.336,23 m2 ditu, SGA ere –Urdanoz multzotik gertukoena, 24.197,76 m2-koa– barne hartzen duelarik. Udalak, birpartzelazioan, bide-lurzatiak, landa- eta hiri-lursailak eta bideak eman zituen; eta, Iruñeko etorbidearekin mugatzen den eremuan, 928 m2-ko C.1 lurzatiaren (babes ofizialeko etxebizitzetarako) eta 736 m2-ko B.5 lurzatiaren (etxebizitza libreetarako) jabe bihurtu zen. Gainera, Udalaren jabetzakotzat hartu ziren, zuzkidura-lurzoru eta erabilera publikoko espazio libre gisa, Urdánoz etxe-multzotik gertuen dagoen eremua, non parke bat eta ekipamendu bat aurreikusi baitira.