Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Udalbatzako kideek eguerdian egin diete harrera, harrera-aretoan, Euskaltzaindiak goizean Udaletxean egin duen osoko bilkurako parte-hartzaileei. Besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Nafarroako ordezkari Andrés Iñigo euskaltzaina izan dira bertan.
Ondoz ondoko hirugarren urtea da Euskaltzaindia Iruñeko Udaletxean biltzen dela osoko bilkura akademikoa egiteko; 2018 honetan otsailari dagokiona egin du bertan. Udaletxean egindako bileran, besteak beste, Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain emeritu izendatzearen ondorioz hutsik geratu diren lekuetarako bi hautagaiak bozkatu eta izendatu dira: Miriam Urkia eta Roberto Gorzález de Viñaspre. Halaber, Ameriketako buruzagien izendapenak eta Euskaltzaindiaren Hiztegian jasoko diren zenbait termino izan dituzte hizpide.
Euskaltzaindiak hilean behin egiten ditu osoko bilkurak, eta Akademiaren irizpideei jarraituta urtean behin gutxienez biltzen da bere hizkuntza-eskumenari dagokion lurraldeetako bakoitzean. Iruñeko Udaletxean izan ziren jada Euskaltzaindiaren halako zenbait bilkura: 2017ko maiatzean, 2016ko apirilean eta 2013ko irailean.