Alkateak bilera egin du Elkarkiderekin, buruko gaixotasun larriek jotako langabeak margotze- eta baratze-lanetarako kontratatzeko proiektua amaitu ondoren

Alkateak bilera egin du Elkarkiderekin, buruko gaixotasun larriek jotako langabeak margotze- eta baratze-lanetarako kontratatzeko proiektua amaitu ondoren
Proiektuari esker, hamar partaide, Gizarteratze-teknikari bat eta pinturako ofizial bat kontratatu dituzte

Enrique Maya Iruñeko alkatea goizean bildu da Elkarkideko ordezkariekin, bi entitateek bultzatutako proiektua amaituta, zeinari esker buruko gaixotasun larriek jotako langabeak kontratatu baitituzte, hiri-altzariak margotzeko eta baratze-lanetarako. Bileran, alkatearekin batera, Maite García Areso Gizarte Zerbitzuetako Alorreko Inkorporazioko arduradunak eta, Elkarkideko ordezkari gisa, Olga Barbarin zentro okupazionaleko zuzendariak eta Mertxe Salón gizarte-administrazioko zuzendariak hartu dute parte. 

Proiektua Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren deialdiaren babespean egin da, toki-entitateei dirulaguntzak ematen baitizkie, langabeziak bereziki ukitzen dituen kolektiboetako langabeak interes orokorreko edo gizarte-intereseko obretarako kontratatzeko. Proiektua Iruñeko Udalaren Gizarte Enplegu Babestua programako lantalde teknikoak sustatu du Elkarkide elkartearekin elkarlanean. Bi entitateak elkarlanean aritu dira parte-hartzaileak hautatzeko, lanak antolatzeko eta parte-hartzaileak lagundu eta horiei jarraipena egiteko, proiekturako kontratatutako teknikariekin batera.

Ekimenari esker, hamar partaide, Gizarteratze-teknikari bat eta pinturako ofizial bat kontratatu dituzte. Iraupena 4 hilabetekoa izan da. Parte-hartzaileei lan- eta prestakuntza-esperientzia ematea da programaren helburu nagusia, laneratze-prozesuan aurrera egin dezaten, gizarte- eta lan-aztura hartuz eta norberaren autonomia handiagoa sustatuz.

Hamar parte-hartzaileetako sei gizonak ziren, eta lau, emakumeak. Zortzik % 33 eta % 65 bitarteko desgaitasuna dute, eta bik % 65 baino handiagoa, eta guztiak buruko gaixotasunen bati lotuak dira.

Hiriko hainbat tokitan, eserlekuak, iturriak eta piknikguneak margotuta

Programa honen barruko zereginak, batez ere, margotze- eta baratze-lanak izan dira. Aurtengo berritasun gisa, pinturako programarako teknikari profesional bat egon da, horrela garrantzia eta profesionaltasuna emateko hiri-altzarietan egindako lanetan. Horretarako, Udalaren alorren arteko koordinazio-lana ere izan da beharrezkoa, Hiri Kontserbazioko Alorrak lanak, materialak eta lokala eskura jarri dituelarik.

Programan hiriko hainbat toki margotu dituzte, hala nola Runa parkea, Argizari Zelaiko plaza, Aita Adoain kaleko eta Alemaneseko eremua eta Arantzadiko parkea (Irujoeneko kanpoko aldea, zehazki). Hobetu diren hiri-altzariak 93 eserleku, 4 iturri eta 3 piknikgune (eserlekuak eta mahaiak) izan dira. Horrez gain, 46 eserleku margotu dira Hiri-kontserbazioko lokaletan. Lan guztiak ezarritako prozedurari jarraikiz egin dira lixatze, inprimatze, tratatze eta margotzeaz bezainbatean. Gainera, 207 m2 margotu dira Elkarkideren zentro okupazionaleko barne-guneetan. Margotze-lan horietarako lan-kontratuko 229,50 ordu eman dituzte programan sartuta zeudenek.

Nekazaritza-lanak Elkarkideren baratzeetan egin dira, Elkarkiden EFQM kalitate-sistemaren barruan ezarri diren nekazaritza-prozedurekin bat. Hauek izan dira lan-ardatzak: belar arrotzak, jorrak, landaketak, ereintzak, hazitegiak, laboreen altxatzea eta harresien ondoko guneen garbiketa. Zeregin horietan 178,50 ordu eman dira.
 

¿Te ha sido útil esta página?