2020ko Auzo-eztabaidaguneen formatu berriari esker, interesdunek online hartzen ahalko dute parte, eta, gainera, galderak edo iradokizunak bilkura-gunean jarriko den kutxa batean uzten ahalko dituzte eta saioak Interneten jarraitu; guztietan, auzo bakoitzeko zinegotziarekin batera, Enrique Maya Iruñeko alkatea izanen dela da beste berritasun bat.
Auzo bakoitzean interes handiena pizten duten gaietan aditu diren teknikariek ere hartuko dute parte, topaketan sortzen diren galderei erantzuna emateko. Helburua da auzoetako beharrak eta auzotarren zein elkarteen nahiak eta proposamenak entzutea eta eremu bakoitzerako lantzen ari diren udal-proiektuen berri ematea.
Lehen hitzorduan Santa María la Real eta Lezkairu izanen dira hizpide, eta Milagrosako Civivoxean eginen da, urtarrilaren 21ean, asteartearekin, 18:30ean. Alkatearekin batera, María Caballero auzo-zinegotzia izanen da bertan. Aurreikusita dago topaketak ordu bat eta erdi irautea. Ondorengo Auzo-eztabaidaguneak Txantrean eta Buztintxurin eginen dira, urtarrilean eta otsailean. Txantrean otsailaren 4an izanen da, eta Buztintxurin, otsailaren 18an.
Auzoei entzuteko ekimena duela 15 urte abiatu zen
Enrique Maya alkateak eta Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak gaurko prentsaurrekoan aurkeztu dituzte xehetasun guztiak, eta adierazi dute auzo-eztabaidagune irekiak berreskuratu nahi dituztela, eztabaida murrizten ahal duten formatuak aurrez ezarri gabe. Horrez gain, aurreikusi denez, aurten hiriko auzo guztietan eginen dira topaketak.
Auzo-eztabaidaguneak duela 15 urte sortu ziren, Iruñeko Udalak Alkatea zure auzoan ekimena abiatu zuenean, auzotarrengana hurbildu eta parte-hartzea zabaltzeko, eguneroko arazoetarako erantzun partekatuak bilatze aldera. Ildo horretan, alkateak hau adierazi du: “Uste dut oso garrantzitsua dela, ezinbestekoa, auzo guztietan egotea eta auzotarrei entzutea, haiekin hitz egitea, eta proposamenak jasotzea eta egitea”.
Auzotar, elkarte eta teknikariendako gune irekiak
Auzo-eztabaidaguneak Iruñeko Udalak dituen lurraldeko herritarren partaidetzarako organoak dira, eta Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduko 17. artikuluan jasota daude. Bilkura-gune irekiak dira, pertsona eta erakunde ororentzat zein teknikari eta politikarientzat, udalekoak nahiz udalaz gaindikoak, auzoan bizi, lan egin edo jarduerak egiten badituzte. Auzo-eztabaidaguneak administrazioaren eta herritarren arteko topagune eta elkarrizketarako guneak dira.
Honako hauek dira haien zereginetako batzuk: herritarren proposamenak, iradokizunak eta iritziak jasotzea, zerbitzuen funtzionamenduari eta auzoarekin zerikusia duten gai guztiei dagokienez; halaber, udal-informazioa jasotzea kasuan-kasuan auzorako edo lurralde-eremurako Udalak aurreikusten dituen proposamen, proiektu eta jarduketen inguruan. Gune honetan Auzo-Kontseiluaren eraketa erabakitzen da, Hirigunearen aurrean auzoa ordezkatuko duten kideak hautatzen dira, eta Auzo-kontseiluak aurkezten dituen kudeaketa-txostenak onesten dira.
Kontsultatu hemen: forosdebarrio.participacion@pamplona.es
Auzo-eztabaidaguneen edizio honetako berritasunetako bat da online parte-hartzen ahalko dela; izan ere, horretarako berariazko helbide elektroniko bat gaitu da, kontsultak zein iradokizunak bidaltzeko. forosdebarrio.participacion@pamplona.es da. Hor jasoko diren mezuak zein kutxetan jasoko direnak aurrez aurreko saioan komentatuko dira. Kutxak topaketaren egunean jarriko dira.
Auzo-eztabaidaguneak zuzenean ikusten ahalko dira Youtubeko pamplonaesparticipación kanalean. Saioen bideoak osorik argitaratuko dira, edozein unetan ikusteko. Kronika eta aurkezten diren materialak kontsultatzen ahalko dira udalaren webgunean (www.pamplona.es), Auzo-eztabaidaguneei dagokien atalean.
Auzoko zinegotziak
Auzo-eztabaidaguneak 14 eremutan daude antolatuta, aurreko agintaldian baino bat gehiago; izan ere, bitan banatu dira Donibane, batetik, eta Ermitagaña–Mendebaldea, bestetik. Auzo-zinegotzitzak honela banatu dira: María Echávarri Buztintxuriko auzo-zinegotzia izanen da; Fernando Sesma, Alde Zaharrekoa; Cristina Martínez Dawe, Etxabakoitzekoa; María García-Barberena, Zabalguneetakoa. Arturo Lecumberri eta Ana Elizalde zinegotziek bina auzoren ardura dute. Lecumberri –dimisioa aurkeztu duena eta hurrengo Osoko Bilkuran ordeztuko dutena– Donibaneko eta Ermitagaña-Mendebaldeako auzo-zinegotzia da, eta Ana Elizalde Mendillorrikoa eta Erripagaña-Belosokoa. Bestalde, Fernando Aranguren da Iturramako auzo-zinegotzia; Juan José Echeverría, Milagrosa, Arrosadia eta Azpilagañakoa; Carmen Alba, Arrotxapekoa; Javier Labairu, Sanduzelaikoa; María Caballero, Santa María la Real eta Lezkairukoa; eta Fermín Alonso, Txantreakoa.
Auzo-zinegotzitzak ere Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduan jasotzen dira. Hona auzo-zinegotziaren zereginak: “arreta ematea auzo jakin bateko herritarrei, kolektiboei eta elkarteei, azken finean auzotarren partaidetzari, haien eskariak edo proposamenak bideratzeko”, eta hori horrela, “berariazko segimendua egitea lurralde-esparru horretako auzotarren beharrei, ekimenei eta auzo horretako udal-zerbitzuen eta instalazioen funtzionamenduari”.