Enrique Maya Iruñeko alkatea Iruñeko Alde Zaharreko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Elkartearekin bildu da goizean. Bilera Udaletxean egin da, eta elkarteko lehendakariak –Pablo Goñi–, lehendakariordeak –Mari Jose Corretge– eta kudeatzaileak –Carlos Albillo– parte hartu dute. Merkatariek planteatutako hurrengo bi ideia hauen inguruko gaiak landu dira: Atsegin egiteko Planaren balizko moldaketak eta Alde Zaharreko merkataritza bultzatzeko ekintza berriak.
Merkatariek eskatu dituzten Atsegin egiteko Planaren moldaketetan honako hauek daude: Aita Moret kalea irekitzea, aparkaleku gorri gehiago jartzea eta Alde Zaharrean barnako ibilbide batzuk, Errekoleten plazarako sarbidea eta aldirietako aparkalekuak berrikustea.
Halaber, epe laburrerako eta ertainerako neurriak hartuz merkataritza bultzatuko duen plan baten diseinuari ekin zaio. Planean honako hauek jaso litezke, esaterako: erosketengatik aparkaleku-hobariak ematea; merkataritza-seinaleak jartzea; erdigunean erosketak egiteko sarrera debekatuta dagoelako uste okerra argitzea; Merkataritzaren Behatokia berreskuratzea; erdigunean eragin handiagoko jarduketak bultzatzea, baita merkataritzak hiri-ehunari ematen dizkion irudia eta balioak sustatzeko kanpainak ere; merkataritza-gunean bezeroarendako zerbitzuak bultzatzea, hala nola ludoteka, kontsigna eta argibide-gunea, merkataritza-gunerako erreferente gisako lokal batean; eta Ekonomia Sustatzeko Alorren figura babestea.
Azkenik, planteatu diren beste ideia batzuk hauek izan dira: hiri-autobusen maiztasuna hobetzea; establezimenduetarako irisgarritasuna bultzatzea, birgaitze-dirulaguntzak hedatuz; eta garbiketa bertikala hobetzea, establezimenduetako fatxadetan ere bai.
Nafarroan eremu-elkarterik antzinakoena, eta 240 enpresa kidetuta
Iruñeko Alde Zaharreko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Elkartea ofizialki 1985eko urtarrilean osatu zen; hortaz, 35 urte bete ditu eta Nafarroan eremu-elkarterik antzinakoena da. Egun, 240 enpresa ditu bazkide. Horietako 180 merkataritzakoak dira; ia berrogeita hamar, ostalaritzakoak; eta gainontzekoak, zerbitzu-enpresak.
Elkarteak promozio- eta animazio-jarduera trinkoa du, eta Alde Zaharrean aldaketak zein hobekuntza bultzatzeko lan egiten du. Iaz hogei bat jarduera abiatu zituen. 2008an sari bat jaso zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 14 komunikabidek, Bihotza Sariaren barruan, bihotza duten enpresei emana, kasu honetan merkataritza-esparruan. Badauzkan sarietako beste bat 2015ean jaso zuen, nazio-mailan Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak aipamen berezia emana, Barne Merkataritzako sari nazionalen barruan. Gainera, 2017an, Hiriguneen Kudeaketarako Elkarteak eman zion saria, nazio-mailan dinamizazio-ekimen onena garatzeagatik.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Alkatea Iruñeko Alde Zaharreko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Elkartearekin bildu da