Artearen eta etxearen arteko harremana da Alfredo Sada elkarteak urtero egin ohi duen erakusketa kolektiboa inspiratzeko aukeratu duen gaia. Mistoen Eraikineko beheko solairuan martxoaren 17ra arte egonen da ikusgai 28 egileren hogeita hamar bat obra piktoriko biltzen dituen erakusketa. Egileek norbanakoen bizitzan eta gizartean oro har etxea osatzen duten elementuek duten zereginari eta garrantziari buruzko gogoeta egiten dute.
Lanak askotariko teknika eta estilotakoak dira. Akuarela, olio-pintura mihise gainean edo akrilikoa, besteak beste, erabili dituzte natura hilak, etxeko txokoak, ateak, leihoak, etxeko hornidura, sukaldeko tresnak, etxeko xehetasunak eta abar islatzeko. Edozein elementu izaten ahal da natura hila soilik baliatuz, edo harekin batera pertsonak eta/edo animaliak ere erabilita konposatutako koadroetan jasotzen den inspirazioaren parte. Kolorea, trazuak, geometria, abstrakzioa eta lanen errealismoa.
Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zuzendariak, Javier Eslava elkarteko lehendakariak eta Mila Boj eta Beatriz Baztan Romeo artistek gaur goizean aurkeztu dute banakako lanez gain etxeari buruzko ikuspegi orokor eta minimalista bat eskaintzen duen lan kolektibo bat biltzen duen erakusketa. Alfredo Sada elkarteak erakusketa honen bidez ikuspegi plurala eman nahi du etxea bezalako errealitate konplexu eta atzemanezinaren irudikapen piktorikoaren bitartez.
Etxea artean
Etxea, etxebizitzarekin identifikatu ohi da, baina habitatutako espazio fisikoa baino askoz gehiago da. Norbanakoaren lehen unibertsoa da, bertan sortutako esperientzien eta harremanen bitartez, haren emozioak osatzen doazen tokia baita. Etxea ez da bakarrik jan eta lo egiteko tokia; hazi, babestu eta amets egiteko tokia ere bada. Bihotzaren, arimaren eta bertan bizi denaren oroitzapenen adierazpen bat da.
Etxean bizitako esperientziek gure memorian gordetzen ditugun irudiak sortzen dituzte, eta hala, gure etxea osatzen duten espazio eta objektu guztiek oroitzapenak iradokiko dituzte eta konexio sakonak eraginen dituzte, etxea entitate konplexu eta sendo bihurtuz.
Etxearen irudikapen piktorikoa behin eta berriz landu den gaia izan da pinturaren historian. Horrek ez du esan nahi zehazki etxearen irudikapenari buruzko koadro asko pintatu direnik, baizik eta gai anitzetako koadroetan islatuta agertzen direla hura osatzen duten elementuak. Barrura begiratzeko modu asko daude, eta asmo ugari ere bai hori egiterako orduan. Holandako pintoreek bere etxeetan aurkitu zutenak ez du zerikusirik XIX. mendeko artisten pertzepzioekin eta hare gutxiago XX. mendekoenekin. Barnealdeek ez dute beste gai batzuek, historia edo mitologia kasu, izan duten begirune eta estimu bera izan.
Elkarteari buruz
Alfredo Sada elkartea pertsona talde batek osatzen du eta gehienek Catalina de Oscáriz arte-eskolan ematen diren Marrazketa Artistiko eta Pinturako ikastaro monografikoak egin dituzte. Elkartea 1992ko azaroan sortu zen, egun Milagrosan, Urederra ibaiaren kalean dutenaren moduko lan egiteko eta topaketarako lantegi bat edukitzeko helburuz, Lantegi horri esker, kideek haien lan artistikoa garatu eta prestakuntzan sakontzen jarraitzeko aukera dute.
Urtero, Iruñeko Udalaren laguntzarekin, elkarteak erakusketa kolektibo bat prestatzen du bozketa bidez aukeratzen den gai bati buruz eta interesa duten elkartekide guztiek parte hartzen dute ekimenean. Azken urteotan hainbat kontzeptu hartu dituzte ardatz modura, hala nola hauskortasuna, hegazti migratzaileak, edertasun eta suntsiketa binomioa, Erromanikoa eta hiri-geometria, eta Ziudadelan, Kondestablearen jauregian eta Frai Diego Lizarrakoa Kultur Etxean egon dira ikusgai, besteak beste.
‘ARTEAREN ETA ETXEAREN ARTEKO HARREMANA’ ERAKUSKETA. ALFREDO SADA ELKARTEA
- Antonio Flores Carabante
- Miguel Oliver
- Gloria Lafuente
- Ana Pellicer Aibar
- Mila Escorza
- Álvaro Mateos
- Beatriz Baztan Romeo
- Ana Udi Alzueta
- Asunción Ramos
- Iñaki Zurutuza Zurutuza
- Rebeka A. Vital
- Mila Boj
- Mª. José Ruiz Castillo
- Mª. Antonia Auzmendi
- Javier Sola Gil
- Pili Huarte
- Feli Hernández
- Nieves Ciganda
- Nieves Pellicer Lezáun
- Walid Zayat
- Iosu Arrastia
- Floren Bidaurre
- Javier Eslava
- Mª. Carmen Labiano Lezáun
- Pili Flamarique Iriarte
- Rafael Labarga
- Inma Echávarri
- Ana S. Holmes