Alfredo Sada elkartea Ziudadelan da berriz ere, edertasunari eta suntsipenari buruz gogoeta egiten duen erakusketa batekin

Alfredo Sada elkartea Ziudadelan da berriz ere, edertasunari eta suntsipenari buruz gogoeta egiten duen erakusketa batekin
Amaitutako obrez gain, erakusketak sormen-prozesua helarazi nahi die ikusleei, ‘Urederra 18tik Ziudadelako Mistoen eraikinera’ espazioan

 

Alfredo Sada elkartea aurten ere Ziudadelan izanen da bere erakusketarekin. Oraingoan, 24 artistek edertasunaren eta suntsipenaren arteko harremanari buruz gogoeta egin ondoren sortu dituzten lanak daude ikusgai. Gure inguruan gertatzen diren prozesu suntsitzaileen azpian dauden elementu estetikoei buruzko ikuspegi pertsonala.

Erakusketa Mistoen eraikineko lehen solairuan egonen da ikusgai martxoaren 7ra arte, Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak eta Mila Boj elkarteko ordezkariak prentsaurrekoan azaldu dutenez. Bisita-ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igandeetan, 11:30etik 13:30era.

24 artistek partea hartzen dute erakusketan, 17 emakume eta 7 gizon: Ana Pellicer Aibar, Álvaro Mateos Mancha, Mila Escorza Garcia, Blanca Lopez Goñi, Rafael Labarga, Mª Asun Ramos, Gloria Lafuente, Pili Huarte, Maite Aranguren, Mila Boj, C.G. Negredo, Rebeka Arnedo Vital, Lola Garro, Inmaculada Echavarri, Iosu Arrastia, Feli Hernandez, Pili Flamarique Iriarte, María Expósito Rincón, M. Carro Etxeberria, Javier Sola, Javier Eslava, Marijose Ochoaerrarte, Nieves Pellicer Lezaún eta Walid Zayat.

Artista bakoitzaren ikuspegi pertsonalak, gai komun bati buruz

Duela hamarkada bat baino gehiagotik hona, elkarteak erakusketa bat egiten du urtero, non hautatzen duten gai bati buruz egindako lanak ikusgai jartzen baitituzte. Aurten elkarteak ‘Edertasuna eta suntsipena’ proposatu du gai gisa, eta egile bakoitzak gai hori nola garatu aukeratu du, teknika eta hizkuntza askotarikoen bidez. Erakusketa Ziudadelako Mistoen eraikinean inauguratu ondoren, beste erakusketa-gune batzuetara eramanen da.

Iaz Erromanikora hurbildu zen, eta aurrekoan ‘Hiri-geometria’ islatu zuen, Kondestablen egindako erakusketan. Aurreko urteetan, proposamenek hainbat gairi egin diote omen: elkartearen izena inspiratu duen eskultoreari ‘Sadak Sadari’ erakusketan; erotismoari,  ‘Erótika’ izenekoan; ‘Itzalari gorazarre’-n, Junichiro Tanizaki japoniarraren liburuaren irakurketa-inspirazioari; eta ‘Kale bizidunak’ izenekoan, hiriko kaleei beraiei.

Catalina de Oscáriz Udaleko Arte Eskolako artistak

Alfredo Sada elkartea Catalina de Oscáriz Udaleko Arte Eskolan ematen diren marrazkigintza- eta pintura-ikastaro monografikoak eginak dituzten ikasleek osatzen dute gehien bat. Helburua du lanerako eta topaketarako lantegi bat eskaintzea ikasketak amaitu ondoren beren lana garatu eta ezagutza artistikoetan sakondu nahi dutenei.

Gaur egun, Urederra kaleko 18an 35 lagunek egiten dituzte haien lanak eta parte hartzen dute bertan antolatutako lantegietan, hainbat teknikatako maisuekin: pintura, akuarela, grabatua... Halaber, elkarteak auzoko ekitaldietan laguntzen du, eta ate irekien egunak, arteari buruzko hitzaldiak eta erakusketak prestatzen ditu, dela taldeka dela bakarka.

Obren atzean dagoenaz kontziente izatea

2021ean ‘Urederra 18tik Ziudadelako Mistoen eraikinera’ espazioa gehituko zaio erakusketari, asmo batekin: obra amaituak ezagutarazteaz gain, horiek sortzeko prozesua ere ikusaraztea. Hala, ikusleek prozesua ezagutzen ahalko dute, eta egile bakoitzak intimitatean erabiltzen dituen material, teknika eta kontzeptuen arteko elkarrizketa ikusten.

Dokumentazioa, argazki-erregistroa, zirriborroak, arrazoibideak...; finean, sormen-ekintzaren poetika agerian geratuko da. Publikoak obraren eraikuntza-prozesuari so egin badiezaioke, askoz ere kontzienteago izanen da obraren salbuespenezkotasunaz, azken emaitza posible egin duten ahalegin laburren, urrats partzialen, are damuen segidaren baturaz. Horra ekimenaren ideia.

Suntsipena aztertzea edertasunaz besteko irizpideekin

Alfredo Sada elkarteak ikerketa- eta hausnarketa-lana egin du, suntsipenean edertasunik ote dagoen eta estetikaren eta edertasunaren identifikazioa aztertuta. Erakusketaren protagonistek ondorio bat ateratzen dute: hala suntsipen naturala nola gizakiak eragindakoa begiratu daiteke eta birsortu, edertasunz besteko irizpideei jarraiki. Naturan eta giza inguruneetan gertatzen diren aldaketek, naturalak izan zein gizakiak behartuak izan, irudikapen artistikoaren objektu izateko gai diren elementu estetikoak izan ditzaketela uste da.

Are gehiago, hondamendi naturalek bizitza berri baten agerpena eta giza habitaten suntsipena ekar ditzaketela azpimarratzen dute, modu bortitzean zein baketsuan, eta espazioa antolatzeko modu berriak sortu, aurrekoez bestelakoak.

¿Te ha sido útil esta página?