Alfredo Hoyuelosek eta Ines Zazuk hartu dituzte, hurrenez hurren, Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren gerentzia eta zuzendaritza pedagogikoa

Alfredo Hoyuelosek eta Ines Zazuk hartu dituzte, hurrenez hurren, Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren gerentzia eta zuzendaritza pedagogikoa
Carlos Andrés Uranga izanen da Sustapen Ekonomikoko, Berrikuntzako, Europar Proiekzioko, Garapenerako Lankidetzako eta Gazteriako Alorreko zuzendaria, eta Xabier Urtiaga, Plangintzako zuzendaria, Hirigintza Gerentziaren barnean

nombramientos

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Alfredo Hoyuelos Planillo izendatzea Haur Eskolen Erakunde Autonomoko zuzendari-kudeatzaile. Bestetik, Inés Zazu Artuch arduratuko da haur-eskolen sarearen zuzendaritza pedagogikoaz. Hiriko auzoetan banatuta dauden hamabi ikastetxek osatzen dute sare hori.

Hoyuelosek (Iruña, 1963), Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan doktore denak, Iruñeko Haur Eskoletako gerentzia hartu du berriz ere; 2016 eta 2020 artean dagoeneko bete zuen kargu hori. Gainera, 1988tik du lotura Iruñeko haur-eskolekin, adierazpen-lantegien koordinatzaile izan baita. Izaera hezitzaile eta artistikoko hainbat liburu, artikulu eta ikerketaren egilea da, horietako batzuetan beste egile batzuekin batera, eta hainbat sari jaso ditu. Bere ibilbide profesionalaren ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologia eta Pedagogia Departamentuko irakasle elkartua izan da, eta Nafarroako Eskola Kontseiluko kide, 2015etik 2019ra, izen handiko aditu gisa.

Inés Zazuk, berriz (Roncal, 1964), bere gain hartuko du Haur Eskoletako zuzendaritza pedagogikoa. 2016 eta 2020 artean dagoeneko bete zuen kargua, Hoyuelos erakundeko kudeatzailea zela. Orduan bezalaxe, Iruñeko sare publikoa osatzen duten 0 eta 3 urte bitarteko hamabi eskolen ildo pedagogikoa lantzeaz arduratuko da. Aurretik, Zazu hezitzaile gisa sartu zen haur-eskoletan, eta 2004tik 2016ra bitartean aritu zen zeregin horretan. Zuzendari pedagogiko berria Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, Haur Hezkuntzako Irakasletzan graduatua UNIRen, eta Haur Hezkuntzako teknikari espezialista. 


Zuzendari berriak
Udal-egituraren barruan, Carlos Andrés Uranga Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorreko zuzendari izendatu dute. Uranga izen bereko zinegotzigoan sartuko da, Koldo Martinez (Geroa Bai) buru duela. Uranga (Iruña, 1990) Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta Banku- eta Finantza- Erregulazioko masterra du. Aholkularitza eta finantza-auditoretzaren munduan garatu du batez ere bere ibilbide profesionala. Hala, PriceWaterhouseCooper-en, Deloitten eta Espainiako Bankuan lan egin du. Azken lau urteetan, 2020tik hona, Elkargi elkarrekiko berme-baltzuan finantza-kudeatzaile gisa jardun du.

Bestetik, Xabier Urtiagak Plangintzako Zuzendaritza hartuko du, Hirigintza Gerentziaren barruan. Nafarroako Unibertsitateko arkitektoa da Urtiaga (Donostia, 1976), eta azaroaz geroztik Nasuvinsako Plangintza departamentuko Lurralde Plangintzako alorreko zuzendaria zen. 2018an iritsi zen alor horretara. Hala ere, enpresa publikoarekin duen lotura 2009an hasi zen, Baztan-Bidasoa eskualdeko bulegora arkitekto gisa sartu zenean. Bertan, udalei hirigintza-aholkularitza eman zien, eta, 2012tik aurrera bulegoaren zuzendaritza hartu zuen. Administrazio publikoan egin duen ibilbidea alde batera utzita, Urtiagak arkitekturako eta obra-sustatzaileen hainbat enpresatan ere lan egin du 2001etik 2009ra.
 

Amaia Valls, Gizarte Ekintzako eta Auzoetako idazkari teknikoa

Haur Eskoletako izendapenez gain, Tokiko Gobernu Batzarrak Amaia Valls Esparza Gizarte Ekintzako eta Auzoetako Alorreko idazkari tekniko izendatzea onetsi du. Alor hori Zaloa Basabek (EH Bildu) zuzentzen duen Berdintasuneko, Ekintza Komuntarioko eta Auzoetako zinegotzigoaren menpe dago.

Zaragozako Unibertsitatean Irakasletzan lizentziatua, Giza Zientzietan espezializatua, Amaia Valls (jaioterria eta jaioteguna) Iruñeko Udaleko funtzionarioa da 1989az geroztik. Data horretatik 2014ra arte Ekonomia arloari atxikita egon zen. 2014 eta 2018 artean Hezkuntza eta Kulturako Alorreko zinegotziaren eta zuzendariaren idazkaria izan zen. Urte horretan Ogasuneko Alorreko Kontabilitateko eta Aurrekontuetako Departamentuan administrazio-kudeatzaile lanpostua eman zioten, eta kargu horretan aritu da orain arte.

¿Te ha sido útil esta página?