Alde Zaharrean Isurketa Baxuko Eremua ezartzeak ez du berekin ekarriko sartzeko muga berririk, ez eta eskakizun gehigarririk ere kale horietan barna ibiltzen diren ibilgailuendako. Hala, ez dago ingurumen-bereizgarriaren araberako inolako murrizketarik autoendako. Horregatik ez da beharrezkoa izanen ibilgailuek ingurumen-bereizgarri bat ikusgai eramatea, beste hiri batzuetan, Madril kasu, gertatzen den bezala. Hirian barna ibiltzeko eskakizunak trafiko araudiak ezartzen ditu.
Abenduan, Udalak Alde Zaharrean Isurketa Baxuko lehen Eremua sortzea erabaki zuen, 7/2021 Legea, maiatzaren 20koa, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzkoa betez, zeinak ezartzen baitzuen 50.000 biztanletik gorako hiriek nahitaez Isurketa Baxuko Eremu bat sortu behar zutela 2023 baino lehen. Eremu berri hau indarrean sartu zen joan den urtarrilaren 1ean, eta orain arte Sarbide Kontrolatuko Eremua zenari eragiten dio. Izen aldaketak, dena den, ez du zirkulazio-murrizketa berririk ekarriko kale horietan. Honako kale hauek zedarritzen dute eremuaren perimetroa: Taconera kalea, Navas de Tolosa kalea, Sarasate pasealekua, Ahumada Dukearen kalea, Joan Labritekoaren kalea, Vergel kalea eta San Domingo kalea (San Domingoko Baratzeak).
Kale horietarako sarbidea kontrolatuta dago, auzotarrei eta banatzaileei mugatua, eta unean uneko sarbideak egiteko aukera dago, aurrez baimena izanda. Ezarri zenetik, eremu horretan ibilgailuen zirkulazioa % 40an baino gehiagoan murriztu da kale nagusietan.
Hala ere, Iruñeko Udala Isurketa joan den abenduaren 27an onetsi zen Isurketa Baxuko Eremuei buruzko Errege Dekretua aztertzen ari da, hirian izan ditzakeen eraginak ikusteko. Horrez gain, Udala auzotar, merkatari eta inplikatutako beste sektore batzuekin bilerak egiten ari da, haien beharrak adierazteko aukera izan dezaten eta garapen berrietan behar horiek aintzat hartzeko. Halaber, aldi berean, hiri osoan sentsoreak instalatuko dira, Iruñeko ezaugarri berezietara egokitutako emisio gutxiko eremu zehatz bat diseinatzen laguntzeko.
‘Iruña Aurrera. Mugikortasun jasangarrirako eta Isurketa Baxuko Eremuetarako palanka-neurriak’ proiektuaren bidez, Udalak 914.726,23 euro (BEZa kanpo) jaso ditu Next Generation EU funtsetatik, Isurketa Baxuko Eremu hori garatu eta abiatzeko.