Alde Zaharreko hamar taberna eta kafetegitatik lau ate bikoitza instalatzeko egokitu dira: nahitaezkoa da 2025eko urtarrilaren 1etik

Alde Zaharreko hamar taberna eta kafetegitatik lau ate bikoitza instalatzeko egokitu dira: nahitaezkoa da 2025eko urtarrilaren 1etik
Arauak ukitutako 130 establezimenduetatik 41ek lizentzia-aldaketa eskatu dute gauez musikarik ez jarri eta, horri esker, obrak egitea saihesteko
doble puerta

 

Alde Zaharreko ostalaritza-establezimenduak Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren (BBBPB) 89. artikuluko eskakizunetara egokitzeko prozesua azken fasean sartu da. Tabernetan eta kafetegietan atari estankoa (ate bikoitza) jartzea nahitaezkoa dela ezartzen du neurriak, eta xede du gaueko musikarekin lotutako eragin akustikoa murriztea eta jarduera ekonomikoaren, bizikidetzaren eta auzokideen atsedenaren arteko orekarantz aurrera egitea. Neurri horrek hiriko erdiguneko 130 establezimenduri eragiten die, eta nahitaezkoa da 2025eko urtarrilaren 1etik. Orduz geroztik, espazioak eraberritzeko, atari estankoak instalatzeko eta jarduera-lizentziak egokitzeko izapideak egin dira. Gaur egun, hamar establezimendutik lauk dagoeneko obrak egin dituzte edo dagokien lizentzia eskatu dute.  

Ukitutako 130 establezimenduetatik 26k ate bikoitza instalatuta dute jada. Horiei guztiei, obra-lizentzia duten beste sei gehitu behar zaizkie, eta beste 25ek eskatuta dute. Guztira, 57 taberna eta kafetegi dira, guztien % 43,85. Datu horiez gain, beste 41 establezimenduk lizentzia aldatzea eskatu dute, eta horrek atari estankoa jartzetik salbuesten ditu. Salbuespena eskatu duten tabernen kopurua Alde Zaharrean daudenen % 31,54 da. Kasu horietan, gauez musikarik ez jartzea erabaki dute, 23:00etatik 07:00etara arte.

Aukera hori Udalbatzaren gehiengoaren babesarekin bultzatu zen, eta, horri esker, gauean musika jarri nahi ez duten establezimenduak atari estankoa jartzetik salbuetsita egonen dira. Horrekin guztiarekin, pixkanaka, eragozpen akustikoak sortzen ahal dituzten lokalen kopurua murriztu nahi da, eta, aldi berean, sektoreari egokitzeko bide proportzional bat eskaini nahi zaio.

Gainontzeko establezimenduak honela banatzen dira: arrazoi teknikoak direla eta lanak derrigorrez egiteaz salbuestea eskatu dutenak, eta oraindik Udalari obrak egiteko edo lizentzia aldatzeko asmoa helarazi ez diotenak. Salbuespena 15 establezimenduk eskatu dute. Bestalde, haien erabakiaren berri eman ez dutenak 17 dira. Azken kasu horietan, Udala ofizioz arituko da, eta jarduera-lizentzia aldatuko diela ohartaraziko die; dena den, alegazioak egiteko epe bat irekiko da, lizentzia leheneratu eta egun dutena mantentzeko, betiere BBBPBan eskatutako baldintzak betetzen badituzte. 

89. artikuluaren aplikazioarekin batera, Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako Alorrak eta Hirigintzako Alorrak lan teknikoa eta ikuskatze-lana egin dute azken hilabeteetan, eta horri esker, aukera izan dute ukitutako establezimenduen benetako administrazio-egoera berrikusteko, espedienteak eguneratzeko eta urteetan zehar izandako inkoherentziak zuzentzeko. Bidenabar, egun jarduerarik ez duten lokalak ere berrikusi dira, eta ostalaritza-lizentziak iraungitzeko prozedurak sustatu dira. Horiek horrela, bost lizentzia iraungitzat jo dira, eta seigarren bat izapidetze-prozesuan dago, etorkizunean aktibatu dadin ekiditeko.

Administrazio-erregulazioa, ikuskapenak eta zehapen-espedienteak
Alde Zaharreko Babes eta Barne Plan Bereziak (BBBPB), atari estankoa paratzea derrigorrezkoa zela ezarri zuen, eta plan hori 2017koa den arren, 2025eko urtarrilaren 1era bitarteko luzamendua aurreikusi zen. Hala ere, iazko ekainean hasi ziren ikuskapenak egiten, araua betetzen zela bermatze aldera. Ikuskapen horien harira, Iruñeko Udalak 41 diziplinazko espediente ireki zizkien (40, 2025ean eta 1, 2026an) haien asmoen berri izan ez eta atari estankoa ezarri ez duten establezimenduei. 

Irekitako espediente horietatik 13 bihurtu ziren azkenik zehapen-espediente: 2.203,71 euroko isunak jarri dira “hirigintza-planetan edo lurralde-antolamenduko tresnetan txertatutako zehaztapenak urratzeagatik, betiere arau-haustea larriagotzat jo ez bada”. Erdi-mailako zehapenen araberakoak dira isunen zenbatekoak, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 219.4 artikuluarekin bat; dekretu horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten du, zeinak 2.203,71 eta 4.106,91 euro bitarteko isunak ezartzen baititu.

Udalaren aurreikuspenen arabera, progresiboki murriztuko da gauez musika jartzen duten establezimenduen kopurua, atari estankoaren bidez egokitutako establezimenduen kopuruak gora eginen du eta behin betiko kenduko dira egun erabilgarri ez dauden lizentziak; hala, egoera gehiago hurbilduko da Alde Zaharreko bizikidetzako eta hiri-kalitateko helburuetara.

 

¿Te ha sido útil esta página?