Alde Zaharreko hamabi establezimenduk Iruñeko Udalari eskatu diote salbuetsi ditzala sarreran bi ate jartzeko betebeharretik

Alde Zaharreko hamabi establezimenduk Iruñeko Udalari eskatu diote salbuetsi ditzala sarreran bi ate jartzeko betebeharretik
Alde Zaharreko 120 ostalaritza-establezimendu inguru behartuta daude bi ate horiek jartzera, eta beste 11 lokalek jarri dituzte dagoeneko

Guztira Alde Zaharreko hamabi ostalaritza-establezimenduk Iruñeko Udalari formalki eskatu diote salbuetsi ditzala lokalen sarreran atarte estankoa jartzetik. Bi ate horiek jartzeko betebeharra Alde Zaharreko Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Berezian dago jasota: urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, baina ekainaren 15ean hasiko dira zehapenak jartzen.

Iruñeko Udalak martxoan jarri zuen abian establezimenduei neurriaren berri emateko informazio-kanpaina. Hilabete hauetan 32 kontsulta erregistratu dira: horietatik 14 aurrez aurre edo telefono bidez egin dira, eta izapide hori kudeatzen duten teknikariek erantzun dituzte; beste 18 kontsultak sarrera-erregistroaren bidez aurkeztu dira. 11 establezimenduk atarte estankoa dute dagoeneko.

Salbuetsi ditzatela eskatu duten hamabi establezimenduetatik lauk ezintasun teknikoa dutela adierazi dute. Alderdi hauek eragiten dute ezintasun hori: eraikinaren arkitektura-babes-maila, tamainak eta irisgarritasunak eta ezohiko beste arrazoi batzuek. Gainera, bi establezimenduk atarte estankoa eraikitzeko eskaera egin dute, eta jada lizentzia bat eman diote bietako bati. 

Gutxi gorabehera Alde Zaharreko 120 ostalaritza-establezimenduk jarri beharko dituzte bi ate horiek. Iruñeko Udala establezimenduetan izan da, eta bi ate horien instalazioarekin lotutako informazioaren berri eman die lokalen % 85i. 13 establezimenduk ez dute informazioa jaso, eta beste 12 itxita daude gaur egun. 

Udalaren webgunean hirigintzako lizentziei buruzko atal bat dago, eta haren barruan, ate bikoitzeko atarte estankoei buruzko atal espezifiko bat. Iruñeko Udalak gogorarazi du kasu bakoitza Hirigintza Alorrean aurkeztutako eskabide baten bidez izapidetu beharko dela. Halaber, honako hau jakinarazi zuen: lokal batek bi ate ez baditu, ezin izanen du musikarik paratu gauez (23:00etatik aurrera).

Neurriak sanferminetan izanen duen eraginari buruzko bilera
Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan jakinarazi du aurrera doala Iruñeko Udalak neurria martxan jartzeko plangintza. Arauen inguruan iradokizunak eta ekarpenak egiteko hilabeteko epea bukatu berri da, baina ez da jakinarazpenik jaso, eta astelehenean beste bilera bat eginen dute araudiaren baldintzetan sakontzeko.

Hiriko erdigunean dauden espazio publikoetako elkarte eta taldeak deitu dituzte bilerara, eta aurretik aipatutako gaiez gain, sanferminetarako irizpideak ere izanen dituzte hizpide. Udalak konpromisoa hartu du araudia haren laguntzaz eta eraginkortasunez aplikatzen dela bermatzeko, eta hala, elkarbizitzari mesede eginen zaio bai urte osoan zehar eta bai sanferminetan.

Atarte estankoaren nondik norakoak
Atarte estankoak jartzeko, obra txikien erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute establezimenduek, dokumentu hauekin batera: justifikazio-memoria teknikoa, teknikari eskudunek sinatutako planoak eta lokalaren banaketari buruzko dokumentazio grafikoa. Hori guztia aurkeztu eta gero, atarte estankoa jartzeko lanak egiten ahalko ditu establezimenduaren titularrak. Atarte estankoa instalatu ondoren, obra-bukaera bat aurkeztu beharko da, bai eta ziurtagiri tekniko bat ere, obrak aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren arabera egin direla bermatzen duena. Kontuan izan behar da atartea instalatzeak lokalen edukiera aldatzea dakarrela.

Ate bikoitzaren inguruko arauak irisgarritasunarekin lotutako baldintzatzaileak barne hartzen ditu. Lokalean ibilbide irisgarriak edo sarreran koskak badaude, kasu bakoitzaren arabera baloratuko dira, eta xehe-xehe justifikatu beharko dituzte establezimenduek. Atartearen diametroak 1,50 metrokoa izan beharko du, ibilbide irisgarriaren definizioan ezarritakoarekin bat "biratzeko tokiak" bete beharreko baldintzen arabera; baldintza hori betetzea bideraezina dela justifikatzen denean, gutxienez 1,20 metro izatea onartzen da. Ateek, zabaldu eta ixtean, ezin izanen dute biraketa-diametroaren eremua hartu; biraketa-diametroak libre behar du. 

Lokaleko gainerako tokiek irisgarritasunari dagokienez bete beharreko baldintzak (komunak, adibidez) kasu bakoitzaren inguruabar zehatzen arabera baloratuko dira, betiere indarrean dagoen araudia kontuan hartuta. Atartea jartzeko establezimenduko barra aldatu behar izatea, berez, ez da instalatzeko betebeharretik salbuesten duen zirkunstantzia bat, eta kasu bakoitzaren arabera baloratu beharko da aldaketa hori egin edo ez. Printzipioz, ate lerragarri automatikoak onartuko dira, kontuan hartuta BBBPBaren xedapen iragankorrak hau adierazten duela: "justifikatutako kasuetan izan ezik, ezingo dira aurrez aurre jarri". Atarteak soinu-xurgapena izan behar du, gutxienez sabaian.
 

¿Te ha sido útil esta página?