San Frantzisko ikastetxe publikoan (Kale Berria 28) Alde Zaharreko Auzo-foroa eginen da ostegunean, 18:30ean: udal-ordezkariek herritarrekin egiten dituzten topaketen hamargarren errondako azkenaurrekoa da. Zaloa Basabe Gutiérrez auzoko zinegotzia izanen da bertan, Aitziber Campión Ganboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi bereziak lagunduta. Hitzorduan udal-teknikariak ere egonen dira.
Foroaren lehenengo atalean udalak auzoan dituen jarduketa-ildo nagusiak aurkeztuko dira laburki, bai eta beste ekimen komunitario batzuk ere. Ekimen horien artean nabarmentzekoa da Aldatzen Alde Zaharreko energia-komunitatea. Jarraian, parte hartzeko espazio bat irekiko da, bertaratutakoek iradokizunak eta ekarpenak egin ditzaten.
Foroak ordu eta erdi inguru iraunen du, eta aurrez aurre eta zuzenean jarraitzen ahalko da www.pamplona.es/eu udal-webgunearen bidez. Entzumen urritasuna dutenen irisgarritasuna bermatze aldera, saioan zeinu-hizkuntzen interpretea, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa erabiltzen dira.
Auzo-foroaren aurretik Txikiendako foroa antolatu da: 17:00etan eginen da, eta bertan, Aldezarrek auzoko haurrekin landutako dinamiken emaitzak azalduko dira.
Foroarekin batera, aste osoan zehar, Garapenaren aldeko Lankidetzako Udal Programaren hogeita hamargarren urteurrenaren omenezko erakusketa egonen da ikusgai Plazara zentroan. Erakusketak 15 argazki biltzen ditu, Iruñeko Udalak hainbat herrialdetan –Niger, Guatemala, Mendebaldeko Sahara eta Senegal, besteak beste– finantzatutako proiektuenak.
Programazioa osatzeko, asteartean ibilaldi bat egin zuten auzoan barna: parte-hartzaileek eremuan garatutako proiektu eta ekimenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Ibilaldian barna honako proiektu hauek aurkeztu zituzten: Labea arte-, zientzia- eta natura-laborategia, baita Musikagune ere, kolektibo zaurgarriak ahaldundu eta musika-sorkuntzaren bitartez komunitatea sortzeko musika komunitarioko proiektua. Gainera, Tesela Arqueología enpresako lantaldeak, Santa Ana plazako laginketa arkeologikoen arduradunak, egindako lanen emaitzak aurkeztu zituen. Ibilaldiari amaiera emateko, Piparrika proiektua aurkeztu eta bertaratutako lagun guztiendako lunch bat egin zuten plazan bertan.
Auzo-foroen erronda honetako azken saioa maiatzaren 28an (osteguna) eginen da, 18:30ean, Sanduzelaiko Civivoxean. Iradokizunak eta ekarpenak egin nahi dituztenek maiatzaren 25era bitarte bidaltzen ahal dituzte foros@pamplona.es helbide elektronikora, eta horiek izapidetzeko, Decide Pamplona webgunea erabiltzen ahal dute.
2026KO AUZO-FOROAK
• Maiatzak 28, osteguna:
o Sanduzelai 18:30. Sanduzelaiko Civivoxa (Gortari Doktorearen plaza, z.g.)