Alde Zaharreko Auzo-eztabaidagunea eginen dute ostegunean, San Frantzisko HLHIP ikastetxean

Alde Zaharreko Auzo-eztabaidagunea eginen dute ostegunean, San Frantzisko HLHIP ikastetxean
Herritarrek aukera dute dagoeneko hurrengo auzo-eztabaidagunerako proposamenak eta iradokizunak aurkezteko: Ermitagaña-Mendebaldean izanen da, hilaren 27an, ostegunarekin
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Alde Zaharrean eginen dute datorren ostegunean auzo-eztabaidagunea, Udalaren ordezkariak eta herritarrak elkartu, eta auzotarren proposamenak eta beharrak aztertzeko. 18:30ean izanen da, San Frantzisko HLHIP ikastetxean. Hor izanen dira Zaloa Basabe Gutiérrez auzoko eta Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzia eta Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi berezia. Teknikariak lagun, abian diren zenbait udal-zerbitzu aurkeztuko dituzte zinegotziek, hala nola Plaza On Iruñeko Boluntarioen Sarea, Gaztediaren Etxea eta Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoa. Beste zenbait proiektu ere izanen dituzte hizpide: esaterako, AZ Sare Komunitarioak martxan jarritakoak. Haurrendako eztabaidagunea ere eginen dute, ikastetxean bertan, auzoko haurrek eta gazteek ere aukera izan dezaten ekarpenak egiteko. 17:00etatik 19:00etara izanen da, eta hor ateratako ondorioak eztabaidagune nagusian aurkeztuko dituzte; haur eta gazteek aukera izanen dute eztabaidagune nagusian amaierara arte egoteko, hala nahi badute.

Aurreko eztabaidaguneetan bezala, Alde Zaharrean ere aurrez jasotako galderak argituko dituzte, eta eztabaidatu bitartean sortzen diren eskaerei ere erantzuten saiatuko dira. Saioa zuzenean ikusten ahalko da ‘Participa Pamplona’ Youtubeko kanalean. Auzo-eztabaidaguneetan entzumen urritasuna dutenen irisgarritasuna bermatzen da: horretarako, zeinu-hizkuntzen interpretea, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa erabiltzen dituzte. Hala, entzumen-urritasuna dutenek ere aukera dute eztabaidagunera joan eta modu aktiboan parte hartzeko. Entzumen-irisgarritasuna Eunate eta Asorna elkarteek bermatzen dute.

Auzo-eztabaidagunearen bueltan, aste osoan hainbat ekitaldi egiten ari dira Alde Zaharrean. Astelehenean Pamplona=Bagara, Iruña=De verdad Hiri Markaren erakusketa zabaldu zuten Kale Nagusian, eta hilaren 22ra arte ikusten ahalko da, larunbata. Hiri Marka ezagutarazteaz gain, Udalak 2025erako prestatutako hainbat egitasmo ere erakutsiko dituzte, zortzi panelen bidez. Halaber, atzo ibilaldi bat egin zuten auzoan barna, eta hainbat tokitan izan ziren: Santa Ana plazatik abiatu ziren, plaza eraberritzeko lanak eginen baitituzte aurki; AZ Sare Komunitarioaren auzoko jantoki herrikoiaren berri ere jakin zuten; Alde Zaharreko Kirol Klubean izan ziren, eta baita berriki Mercaderes kalean zabaldu duten Merkataritza lokalean ere. Gaur arratsaldean, berriz, kantu-jira eginen dute Alde Zaharrean, Jarauta Kantuz taldearekin: 19:30ean hasiko dira, Plazara! Zentro Komunitarioan.

Datorren ostegunean, hilak 27, Ermitagaña-Mendebaldean
Hurrengo auzo-eztabaidagunea Ermitagaña-Mendebaldean izanen da, hilaren 27an, ostegunarekin, Nafarroako Liburutegian. Zabaldu dute ekarpenak, galderak eta iradokizunak aurkezteko epea: datorren astelehenera arte aurkezten ahalko da aurkeztu beharrekoa, telematikoki, Erabaki Iruña plataformaren webgunean edo foros@pamplona.es helbide elektronikora idatzita. Argibide gehiago nahi izanez gero, deitu Zentro elkarlanerako gunearen telefonora: 948 420 266.

Hilaren 24tik aurrera, astelehena, Pamplona=Bagara, Iruña=De verdad Hiri Markaren erakusketa ikusten ahalko da Nafarroako Liburutegian.  Asteartean, berriz, ohiko ibilaldia eginen dute auzoan barna, 17:30etik aurrera. Etxekonak Bat kolektiboari lagatako landatik abiatuko dira: Donibaneko kirol-instalazioen eta Ermitagañako lehen txaleten ondoan dago. Bizilagun orok parte hartzen ahal du bisitan: adinekoendako etxebizitza kolaboratiboen proiektua zertan den ikusiko dute; Ermitagañako erripan ere izanen dira, inguru horretako auzotarren eskariak biltzeko, eta Bartolomé de Carranza kalean dauden zentro komunitarioetara bisita eginen dute. Loraldea hiri-baratzean amaituko da ibilaldia.

Beste ekitaldi bat ere antolatu dute auzo-eztabaidagunearen aitzakian: Erymen abesbatzaren emanaldia, asteazkenean, hilak 26, 18:00etan, Kontserbatorioaren kanpoko plazan (Antonio Pérez Goyena pasealekua 1). 

Auzo-eztabaidagunea ostegunean izanen da, 18:30ean, eta Ermen Energia Komunitatea aurkeztuko dute. Gainera, Mendigaña 65 adinekoen taldea eta Etxekonak Bat proiektua izanen dituzte hizpide. 17:00etatik 19:00etara Txikien Ezxtabaidagunea eginen dute Nafarroako Liburutegian bertan, haurrek ere aukera izan dezaten auzoa hobetzeari begira ekarpenak egiteko. 
 

ALDE ZAHARREKO AUZO-EZTABAIDAGUNEA

  • Martxoak 17 – 22:

    • Erakusketa ibiltaria. Iruña Marka eta udal-egitasmoak. Plazara! zentroa (Kale Nagusia 31)

  • Martxoak 19, asteazkena:

    • Kultur jarduera: Jarautan Kantuz, 19:30ean Plazara! zentrotik abiatuta, Alde Zaharreko kaleetan barrena

  • Martxoak 20, osteguna:

    • Auzo-eztabaidagunea: 18:30. San Francisco IP.

    • Haurrendako eztabaidagunea: 17:00–19:00. San Frantzisko IP
       

ERMITAGAÑA- MENDEBALDEAKO AUZO-EZTABAIDAGUNEA 

  • Martxoak 24 – 28:

    • Erakusketa ibiltaria. Iruña Marka eta udal-egitasmoak. Nafarroako Liburutegia.

  • Martxoak 25, asteartea:

    • Ibilaldia auzoan barna, 17:30etik aitzina. Etxekonak Bat kolektiboari lagatako landatik abiatuko dira (Donibaneko kirol-instalazioen eta Ermitagañako lehen txaleten ondoan dago). Gero, Ermitagañako erripara joanen dira, eta Bartolomé de Carranza kaleko zentro komunitarioa bisitatuko dute; Loraldea hiri-baratzean amaituko da ibilaldia. 

  • Martxoak 26, asteazkena:

    • Kultur jarduera: Erymen abesbatza, 18:00etan, Kontserbatorioaren kanpoko plazan (Antonio Pérez Goyena pasealekua 1). 

  • Martxoak 27, osteguna:

    • Auzo-eztabaidagunea: 18:30. Nafarroako Liburutegia, 1. solairuko aretoa.

    • Haurrendako eztabaidagunea: 17:00–19:00. Nafarroako Liburutegia. 

¿Te ha sido útil esta página?