Alde Zaharreko 11.724 bizilagunek Jarauta kaleko 43.enean dute berriz Auzo Unitatea, amaitu baitituzte lokalak goitik behera berritzeko lanak

Alde Zaharreko 11.724 bizilagunek Jarauta kaleko 43.enean dute berriz Auzo Unitatea, amaitu baitituzte lokalak goitik behera berritzeko lanak
Ordezkari politikoak, udaleko teknikariak eta kudeatzaileak, eta erakundeetako eta auzoko baliabideetako langileak lokal eraberrituak ikusten izan dira gaur goizean
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Duela hilabete baino gehiago jarri zuten martxan Alde Zaharreko Auzo Unitatea Jarauta kaleko 43.enean. Goitik behera berritu dituzte zerbitzuaren lokalak: guneak beste modu batean banatu dituzte, bi bulego gehiago jarri dituzte herritarrei arreta emateko, eta itxarongela eta bilera-gela handitu dituzte. Harrera-gela eta komunak mugikortasun murriztua dutenendako egokitu dituzte, eta zerbitzua ematen duten langileen segurtasuna hobetzeko neurriak jarri dituzte martxan, bai bulegoetan (komunikatuta daude orain) eta bai harrera-gelan.

Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkaria eta Miriam Martón Pérez Nafarroako Gobernuko Enplegu Zerbitzuaren zuzendari-kudeatzailea lokal berriak ikusten izan dira gaur goizean, Udalbatzako beste kide batzuekin eta Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendari eta teknikariekin batera. 
300.000 euro behar izan dituzte lokalak berritzeko, eta Nafarroako Gobernuak finantzatutako gizarte-enpleguko programa baten bidez egin dituzte lanak. Arkitekto tekniko bat, arduradun bat, eta igeltserotzako hiru ofizial eta hiru peoi aritu dira lanean 6 hilabetez. Kanpoan, leihoen kanpoko erlaitzak kendu dituzte, zaborrik ez pilatzeko, eta sarrerako atea tokiz aldatu dute, Jarauta kalera. Fatxadari azken ukitua emateko, auzoko gazteek mural bat diseinatu dute elkarlanean. Bisitaren amaieran, Fogón Errante laneratze-enpresak hamaiketakoa prestatu die bisitariei.

Hainbat lagun izan dira auzo-unitatea ikusten: Udalaren Gizarte Zerbitzuetako erreferentziazko langileak; zerbitzu horrekin egunero elkarlanean aritzen diren erakundeen ordezkariak, hala nola Haurren Sarekoak, Adinekoen Sarekoak, Piparrikako Hiri Baratzea kudeatzen duen elkartekoak, Musikagune musika komunitarioko proiektukoak, Matalaz txokokoak, eta Udalaren beste zerbitzu batzuetakoak ere bai, DUO programakoak, Auzoenea Zentro Komunitariokoak eta Komunitate Poliziako kideak.

Lan horiek eginda, bi helburu lortu dituzte profil kaltebera dutenei dagokienez: alde batetik, lanerako aukera eman diete langabezian edo egoera zaurgarrian zeuden zortzi laguni, eta bestetik, herritarrei arreta soziala eskaintzeko instalazioak hobetu dituzte, profil kaltebera duten herritarrek oso sarri erabiltzen baitituzte.

Alde Zaharreko Auzo Unitatea Udalaren auzo-unitateen sareko zaharrena da, eta berritu duten hirugarrena: Arrotxapekoa berritu zuten lehenik (2016-2017an eta 2018an), eta Donibanekoa gero (2019an). Lanak egin bitartean, auzo-unitatean aritzen den diziplina anitzeko langileen taldeak Navas de Tolosa kaleko 25.ean eman die arreta herritarrei, lehen solairuan. 

Gaur egun 11.724 lagun daude Alde Zaharrean erroldatuta, eta horiek dira auzo-unitatea erabiltzeko aukera dutenak. Herritar kalteberenei gizarte-arreta emateko zerbitzuak dira auzo-unitateak, eta Udalaren gizarte-zerbitzuen sistemarako sarbidea ere bai. Herritarrei bide ematen diete Lehen Arretako lau programetara sartzeko, bai eta Nafarroako Gobernuaren laguntzak lortzeko ere.
 

¿Te ha sido útil esta página?