Iruñeko Udalak Alde Zaharrean barnako errepideko zirkulazioa berrantolatzea erabaki du, eta horrek eragina izanen du O-ko plazara eta Sanduandia kalera sartu nahi duten ibilgailuetan. Sarbidea erraztu eta zenbait kaletan gehiegizko zirkulazioa saiheste aldera, ibilbide berri bat har daiteke gaurtik aurrera, Taconera kalearen eta Kale Nagusiaren elkargunetik sartuta. Horretarako, San Lorentzo elizaren ondoan dagoen tarte hori noranzko bikoa da orain, halako moduan non ibilgailuak Errekoleten plazaraino sartzen ahalko baitira, eta bertatik O-ko plazara iritsi. Horrela, ibilbide zirkularra osatuko da: plazatik sartu eta Sanduandia zein San Lorentzo kaletik Kale Nagusiraino, eta bertatik Taconera kalera.
Orain arte, O-ko plazara joan nahi zuten ibilgailuek Kale Berritik sartu behar zuten Alde Zaharrera, Aduanako Zokotik, hain zuzen. Kale hori osorik egin behar zuten San Saturnino kaleraino, eta hortik Jarauta kalean barna, O-ko plazara Sanduandia kaletik iristeko. Horrek berekin zekarren 1,2 kilometro ibili beharra zirkulazio murriztuko kaleetan barna, hiriko erdigunean bertan, trabak sortuz eta kutsadura areagotuz.
Aukera berri honekin sarbidea askoz zuzenagoa, errazagoa eta arinagoa da, ez die eragiten Alde Zaharreko barne-kaleei eta ibilgailuek egin beharreko bidea 500 metro baino gutxiagora murrizten du, eta O-ko plazarako sarbidea Kale Nagusitik erraztu.
Berrantolaketa hori egiteko Kale Nagusiko azken 45 metroetako bidearen noranzkoa aldatu behar izan da, San Lorentzo elizaren ondoan; hori horrela, sarbidea zein irteteko bidea da orain. Errekoleten plazan eta Sanduandia kalean ere noranzkoa aldatu da. Horretarako, bideen seinaleztapena eta kamera bidez Alde Zaharrerako sarbideak kontrolatzen dituen sistema aldatu dira. Edonola ere, oraindik ere nahitaezkoa Alde Zaharrera sartzeko kontrol-sisteman alta emanda egotea ibilbide berri horretan ibili eta zehapenik ez jasotzeko.