Alberto Undiano Mallenco nazioarteko arbitro ohiak jaso du Iruñeko IV. Zapia

Alberto Undiano Mallenco nazioarteko arbitro ohiak jaso du Iruñeko IV. Zapia
Goizean alkateak eman dio Iruñeko irudia bultzatzeko ekarpena egin dutenak aintzatesten dituen saria

Goizean Enrique Maya Iruñeko alkateak Alberto Undiano Mallenco nazioarteko arbitro ohiari eman dio Iruñeko Zapia, laneko zereginetan hiriko izena eta irudia bultzatzeko ekarpena egin dutenei ematen zaien aintzatespena. Ekitaldia Udaletxeko harrera-aretoan izan da, eta, ohi denez, Burguen Batasunaren Pribilegioaren ospakizunerako prestatutako programazioaren barruan.

Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko erregelamenduaren arabera, Iruñeko Zapia ohorezko sariak xedetzat dauka pertsonak –fisikoak zein juridikoak– eta erakundeak saritzea, baldin eta beren eguneroko zereginetan edo jardunbide profesionalean modu aktibo eta agerikoan aritu badira Iruñearen ezaugarriak –haren historia eta kultura– zabaltzen eta finkatzen, edo gailendu badira aparteko ekarpen bat egin dutelako arteen edo zientzien esparruan. Sariak bi osagai ditu: zapi gorria, zeinak mutur batean hiriaren armarria baitu, brodaturik, eta eskultura bat, Burguen Batasunaren alegoriarena. Alberto Undiano Mallencoren hautagaitza-proposamena joan den abuztuan aurkeztu zen Bozeramaileen Batzordean, eta Udalbatzak aho batez onetsi zuen atzo, ostegunean.

Ematen den Iruñeko IV. Zapia da, eta kirol-esparruko lehena. 2016an Paulina Fernándezek jaso zuen aintzatespena, La Mañueta txurro-dendako nagusiak. Bigarren zapia Javier Pagola kazetariak jaso zuen, “bere ibilbide anitz eta zabalarengatik, zeinak herritarrei zerbitzu ematea ardatz izan baitu”. Iaz saria Zapia Elisa Sesmari, Pablo Sánchez-Valverderi eta Mari Cruz Landari eman zitzaien, 1978an sexu-argibide eta -plangintzarako sortu zen Andraize guneari lotutako lan-ibilbideagatik.

Zapia emateko ekitaldian, non Udalbatzako kide batzuk ere egon baitira, Enrique Maya Iruñeko alkateak Undiano Mallencoren lan-ibilbide akasgabea nabarmendu du: “horren keinu txarren bat oroitzerik ez dago”, eta Espainiako Futbol Federazioak urrezko eta brillantezko eman zion bereizgarria. Zapia eta eskultura jaso ostean, Alberto Undiano Mallencok berak bertaratuei hitz batzuk zuzendu dizkie, bere hiriak ematen dion aintzatespen hau eskertuz. Ekitaldiari familia-argazki batek eman dio amaiera.

Lan-ibilbidea

Alberto Undiano Mallencoren hautagaitza-proposamenean haren lan-ibilbidea deskribatzen da, ia bi hamarkadatan futbol profesionalari lotua. Alberto Undiano Mallencok (Iruña, 1973) Espainiako futboleko Lehen Mailan arbitratu du 2000tik aurtengo ekainean erretiratu arte. Nafarroako arbitro-komiteko kidea zen, eta komite horretako elkargokide berriei harrera egin eta haiek prestatzeko elkarlanean aritu ohi da.

Soziologian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1996), eta Zientzia Politikoetan, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (2003). Lehen Mailan 2000ko irailaren 10ean izan zuen estreinaldia, 26 urtetan, eta, oraingoz, mantendu du Lehen Mailara igo den arbitrorik gazteena izanaren errekorra. Lehen Mailako arbitroa izanik 300 partidatara iritsi zen 2017ko urtarrilean, horrela kopuru horretara iritsi den lehen kolegiatua bihurtuta.

Espainiako Superkopako partidak arbitratu ditu, eta Errege Kopako final batzuk; baina lan-ibilbideak gure mugetatik at ere eraman du. Hego Afrikan jokatu zen Munduko Futbol Txapelketan Espainiako ordezkaria izan zen. Klubetako txapelketetan, UEFAko Liga-txapelketako, UEFAko Kopako eta UEFAko Intertoto Kopako partidak arbitratu ditu. Errusian, Catarren eta Saudi Arabian ere arbitratu ditu ligak. Eta txapelketa horietara guztietara bere hiriaren izena eraman du, Iruña. 2019ko maiatzaren 25ean Espainiako arbitro-ibilbideari eman zion amaiera, Errege Kopako finala arbitratuta; baina bere azken partida 2019ko ekainaren 9an izan zuen, UEFAko 2018-2019ko Nazio Ligen Final Four-a arbitratuta, Portugalen eta Holandaren artean.

Gainera, honako sari hauek jaso ditu: Don Balón saria, 2005ean eta 2007an; Lehen Mailako Silbato de oro saria, 2006an; Guruceta garaikurra, 2007an eta 2010ean; eta Vicente Acebedo garaikurra, 2009an eta 2010ean.