Aitzol Iraolaren eta Zirriborro konpainiaren ‘Désir’ ikuskizuna irabazle hautatu dute 2026 eta 2027 urteetarako II. Karrikan Zubiak deialdian

Aitzol Iraolaren eta Zirriborro konpainiaren ‘Désir’ ikuskizuna irabazle hautatu dute 2026 eta 2027 urteetarako II. Karrikan Zubiak deialdian
Iruñeko Udala Karrika plataformaren kide da: kaleko arte eszenikoak sustatzen ditu, sortzen ari diren artistak babestuta
Irudia
Irudia
Irudia

II. Karrikan Zubiak deialdia 2026tik 2027ra bitarte eginen da, eta xede du euskarazko kale-arteetan nabarmentzen hasiak diren artisten sorkuntza eta hedapena sustatzea. Oraingoan, Aitzol Iraolaren eta Zirriborro konpainiaren Désir ikuskizuna izan da irabazlea. 14 jaialdik eta kultur programaziok osatzen dute Karrikan plataforma, eta ikuskizun irabazlea hautatzeaz gain, aipamen berezia eman dio Adelaide Daraspek zuzentzen duen Ibawa konpainiari, Gaua ikuskizunagatik. 

Désir eta Gaua ikuskizun sarituek sortzeko laguntza izanen dute 2026an, eta sarearen parte diren gune eta jaialdietan bira eginen dute 2027an. Karrikan Zubiak deialdiak sortzeko, prestakuntzarako, bitartekaritzarako, komunikaziorako eta erakusketetarako 30.000 eurotik gorako laguntzak barne hartzen ditu. Horrez gain, bultzada handia emanen dio Aitzol Iraolari, Désir ikuskizunari esker Euskal Herriko jaialdi eta arte-programazio nagusietan barna biratzeko aukera izanen baitu, 2027an Umore Azokan estreinatu ondoren erakustaldiak egiteko 10 data finkatzeko konpromiso irmoa hartuta.

Désir ikuskizuna bakarkako pieza fisikoa da, eta clown garaikidea, antzerki fisikoa eta mugimendua uztartzen ditu, koreografia garaikidearen pentsamenduak zeharkatuta. Mugimendua ez dator teknika purutik, errealismoaren eta surrealismoaren arteko mundu bat agerian uzteko beharrerretik baizik.

Gaua, beste proiektua, Lapurdiko Ibawa konpainiarena da, eta Adelaide Daraspek ekoitzi eta zuzendu du: hainbat laguntza jasoko ditu, hala nola bi prestakuntza-saio, 5.300 euroko sormenerako laguntza bat, sormen-egoitza bat Dantzagunen (900 euro) eta egonaldi bat TOPADAn. Halaber, 2027an gutxienez sareko lau jaialdi eta gunetan –Kalealdi (Bilbo), Kaldearte (Gasteiz), Mai du Théâtre (Hendaia) eta Lezo– programatzeko konpromisoa lortu du, 2.000 euroko ordainsariarekin (BEZa eta gastuak barne).

Gaua Lou Cisnal, Amélie Delaunay, Elisa Picq eta Marine Postelek elkarrekin sortutako eta interpretatutako antzezlana da: isilduak, zapalduak eta zigortuak izan ziren euskal emazteen arrastoan oinarritzen da, eta erresistentziaren, elkartasunaren eta askatasunean egindako mugimenduaren aldarria dakar.

Karrikan Zubiak proiektua Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa Euroeskualdeak kofinantzatu du bigarren urtez jarraian, eta honako hauek parte hartzen dute: Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorrak, Luhusoko Topada Fabrika elkarteak (Lapurdi), Kalealdia Jaialdiak (Bilbo), Kaldearte Jaialdiak (Gasteiz), Mai du Théâtre Jaialdiak (Hendaia), Umore Azokak (Leioa) eta Antsoaingo kultur programazioak.

Mugaz gaindiko plataforma da, eta urtero laguntza-deialdiak jartzen ditu martxan, parte hartzen duten entitateek kontratatzeari esker goraka ari diren kolektibo, artista eta konpainiek proiektuak egiteko eta espazio publikoan antzezteko. Iruñeko Udalak egonaldien deialdian hautatutako konpainiaren antzezlan bat kontratatu du, 1.800 euroan, baita bitartekaritza kulturaleko jarduera bat 300 eurorekin finantzatu ere.

 


karrikan

¿Te ha sido útil esta página?