Aitor Francos gaztelaniazko modalitatean eta Mikel Arruabarrena euskarazkoan, saridunak Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sarian

Aitor Francos gaztelaniazko modalitatean eta Mikel Arruabarrena euskarazkoan, saridunak Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sarian
Sariak arratsaldean eman zaizkie bi egile gazte horiei, Kondestablearen jauregian

Aitor Francos Ajona gaztelaniazko modalitatean eta Mikel Arruabarrena euskarazkoan izan dira Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren irabazleak. Nafar Ateneoak antolatu eta Iruñeko Udalak babesten duen lehiaketaren gaztelaniazko XIII. edizioa izan da aurtengoa, eta IV.a euskarazkoan. Sari-banaketa gaur arratsaldean izan da, Kondestablearen jauregian, Enrique Maya Iruñeko alkatearen eta Pedro Salaberri Nafar Ateneoko lehendakariordearen eskutik.

Sari bakoitzak barne hartzen ditu 3.000 euroko diru-saria eta olerki-bilduma irabazleen argitalpena. Sariak banatzeko ekitaldian izan dira, baita ere, María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkaria, Javier Asiáin Literatura eta Hizkuntzalaritzako saileko kidea eta Josu Jiménez Maia Euskara eta Herri Kulturako sailekoa.

Aitor Franco, haikuen olerki-bilduma batengatik saritua
Aitor Francos Ajona (Bilbo, 1986) izan da aurtengo edizioaren irabazlea, Los días andan sueltos olerki-bildumari esker; haiku-liburu bat da, bertso askez hasi eta gero metrika tradizionalari lotzen zaiona. Poesia-genero honek, epaimahaikideen hitzetan, aukera ematen du bat-batekotasuna, unea, atzemateko, eta horixe egin du egileak. Eta natura lanaren ardatz bihurtu, hori ere. Edonola ere, azpimarratu dute ez zaiola metodo tradizionalari hertsiki lotu; ostera, hura mendebaldeko idiosinkrasiaz aberastu du. Horrela lortu du oso poesia tekniko, ongi eraiki, gatzdun eta burutsu hori, adierazpide minimoetatik maximoetara iritsita, holako obra bat sortuz non 400 lerroen kalitate handia nabarmendu baita. Olerkiak banan-banan irakur daitezke, eta horrek bide ematen du irakurraldi laburrak egiteko, eta, horrenbestez, normalean halako generoetan aritzen ez direnak poesiara hurbil daitezen. Epaimahaiak aho batez hautatu zuen irabazlea.

Aitor Francosek hamar bat lan argitaratu ditu eta zenbait antologiatan agertu da 2011n Igloo, bere lehen lana, kaleratu zuenetik. Surcos, Hermanos Machado eta José Bergamín sariak jaso ditu. Halaber, euskal olerkiaren antologia bat prestatu du, Las aguas tranquilas, gaur egungo zortzi euskal poetaren euskarazko itzulpenez. Kritikak eta artikuluak idazten ditu zenbait gehigarritarako, Pérgolarako adibidez, eta aldizkarietan, Quimeran kasu.

Mikel Arruabarrena, fisikari eta poeta gaztea
Mikel Arruabarrena Larrartek (Hondarribia, 1994) Ahanzturaren bezperan lana aurkeztu zuen. Egun doktoretza ari da egiten, Fisikan, Euskal Herriko Unibertsitateko Materialen Fisika Zentroan, Donostian. Literatur esparruan Hondarribian antolatzen den euskarazko poesia-lehiaketa baten bidez hasi zen, horretara aurkeztu eta zenbaitetan irabazita, udalerri horretako institutuan ikasten zuen garaian. Epaimahaiaren arabera, hauek dira lan honen bereizgarririk behinenak: indarra, erritmo ona, lerroak eraikitzeko oso teknika zorrotza eta landua, eta gaia, nolabait iradokitzen zuena egilea gaztea izan litekeela. Lan hau ere aho batez hautatu du epaimahaiak.

Gaztelaniazko modalitatean, hauek osatu dute epaimahaia: Mercedes Serna, Literatura hispanoamerikarreko irakasle titularra Bartzelonako Unibertsitatean; Jesús Munárriz, Hiperión argitaletxeko zuzendari-kudeatzailea, eta Javier Asiáin Literatura eta Hizkuntzalaritza saileko kidea Nafar Ateneoan eta epaimahaiko idazkaria. Bestalde, euskarazko modalitatean, honakoak izan dira epaimahaikideak: Aintzane Galardi, Iruña Hiria Poesia Sariaren aurreko edizioko irabazlea modalitate honetan; Unai Pascual, Denonartean argitaletxeko editorea, eta Josu Jiménez Maia, Euskara eta Herri Kultura saileko kidea Nafar Ateneoan.

366 olerki-bilduma lehiaketan, 357 gaztelaniaz eta 9 euskaraz
Lehiaketara 366 poema-bilduma aurkeztu ziren, 357 gaztelaniaz eta 9 euskaraz. Aurreko edizioetan bezala, gora egin du Interneten bidez parte hartu dutenen kopuruak. Izan ere, gaztelaniaz jasotako lanen % 94 bide horretatik iritsi ziren, eta euskarazkoen % 89. 2018an, gaztelaniaz 405 olerki-bilduma jaso ziren, 2017an baino % 27 gehiago, orduan 319 aurkeztu baitziren. Euskaraz, iaz, 22 lan jaso ziren, aurreko urtean jasotakoen kopuruaren bikoitza baino gehiago, orduan 9 aurkeztu baitziren, aurtengo kopuru bera.

Gaztelaniaz aurkeztutako lanen % 65 (jasotako 357etatik 230) estatukoak dira, eta % 35 atzerrikoak. Autonomia-erkidegoei begiratuta, edizio honetan Andaluziatik iritsi dira lan gehien (39), eta honakoek jarraitzen diote: Madril (35), Nafarroa (23), Gaztela-Mantxa (20) eta Katalunia (18). Zerrendan aurrera, hauek datoz: Gaztela eta Leon (13), Valentziako Erkidegoa eta Euskadi (12na), Murtzia (11), Aragoi (9), Extremadura, Galizia eta Kanaria uharteak (7na), Asturias (6), Balear uharteak eta Errioxa (3na) eta Kantabria (2).

Atzerritik jasotako olerki-bildumei dagokienez, Kuba eta Argentina dira aipagarri, 25 eta 24 lanekin hurrenez hurren, eta gero, hauek: Kolonbia eta Mexiko (15na); Venezuela eta Peru (8na); Ekuador eta Estatu Batuak (5na); Txile eta Alemania (4na); Portugal, Dominikar Errepublika eta Uruguai (2na), eta Brasil, Costa Rica, Danimarka, Israel, Italia, Paraguai eta Turkia (bana).
Euskaraz jaso diren 9 lanetatik 5 Nafarroatik datoz; 3, Gipuzkoatik, eta 1, Bizkaitik.

IRUÑA HIRIA POESIA SARIAREN IRABAZLEAK
•    2007: Manuel Jurado
•    2008: Manuel Laespada
•    2009: Andrés García
•    2010: Alfonso Pascal
•    2011: Teresa Núñez
•    2012: Julio César
•    2013: José Antonio Ramírez Lozano
•    2014: Carlos Vaquerizo
•    2015: María Sanz
•    2016: Tomás Hernández eta Jon Barberena
•    2017: Joaquín Márquez eta Juan Karlos Lopez-Mugartza
•    2018: Juan Leyva eta Aintzane Galardi
•    2019: Aitor Francos eta Mikel Arruabarrena

¿Te ha sido útil esta página?