Sanduzelaiko Civivoxean (Gortari doktorearen kalea 26) Benito Menni fundazioak antolatutako Haurtzaroa eta osasun mentala Saharaz hegoaldeko Afrikan argazki-erakusketa jarriko dute ikusgai apirilaren 26ra arte; Fundazioa 2004an sortu zuten, eta Jesusen Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalariekin lotuta dago. Sanduzelaiko Civivoxeko beheko eta lehenengo solairuetan fundazioak egindako lana jarriko dute ikusgai; izan ere, fundazioak eta aipatutako kongregazioak garapenaren aldeko lankidetzan dihardute hiru kontinentetako 25 herrialdetan, eta mende bat baino gehiago aritu dira munduan behar gehien duten lurraldeei abegikortasuna eskaintzen.
Erakusketan ordenako ahizpek Afrikako hainbat tokitatik bidalitako argazkiak jartzen dituzte ikusgai, eta zenbait argibide idatzi dituzte irudietan, testuingurua ulertzeko. Erakusketa modu jakin batean diseinatu dute, beheko solairuan jarri dituzten argazkiak eraikinaren kanpoaldetik ikusi ahal izateko. Erakusketak sarrera librea du, eta astelehenetik larunbatera bisitatzen ahalko da, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Benito Menni fundazioa Nafarroako GGKEen Koordinakundearen, Madrilgo GGKEen Sarearen eta Garapen Jasangarrirako Entitateen Sarearen parte da. Erakusketak gizartea sentsibilizatzea du helburu, baita pertsona askoren arazoen berri ematea ere: besteak beste, pobrezia, osasun-arreta falta eta osasun mentala izatearen ondorioz jasaten duten marjinazioa; hala, arazo horiek sortzea errazten duten jokabideak eta ohiturak saihestuko dira.
Osasun mentala, haurtzaroa eta Afrika
Milaka adingabe daude sozialki marjinatuta eta baztertuta, eta horiek osasun mentalerako duten eskubideaz sentsibilizatzea da fundazioaren helburua. Horrenbestez, arazo horiei modu integralean erantzun nahi die fundazioak, eta estigmari aurre egiteko xedez, tratamenduak eta langile kualifikatuak eskaintzen ditu. Izan ere, Afrikan, ohikoa da osasun mentalarekin lotutako gaixotasunak dituztenak espiritu txarrek hartutako pertsonatzat jotzea; gainera, pertsona horiek familiatik botatzen dituzte, familiendako zorigaitza ekartzen dutela pentsatzen baitute. Fundazioak Nazio Batuen adierazpenetan aldarrikatutako duintasuna eta giza eskubideak aitortzen ditu.
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, zazpi adingabetik batek arazo psikologikoak ditu. Ahizpa Ospitalarien Menni sareak badu eskarmentua adingabeekin lan egiten, eta aitzindaria izan da, Madrilgo, EAEko, Valentziako eta Valladolideko Haurren Errehabitaziorako Unitateekin batera.
Hori gutxi balitz bezala, beste arazo asko daude Afrikan, eta ezinbestekoa da ahalik eta laguntza gehien ematea: besteak beste, pobrezia izugarria, osasunean ondorio larriak sortzen dituen desnutrizioa, gaixotasunen ugaritzea, zurztasun eta arreta-falta izugarria, eta adingabeen sexu-abusuak eta errekrutamendu bortxatuak. Azkenik, beste helburu nagusi bat du fundazioak: Afrikako herrialdeetan osasun mentalarekin lotutako ekintzak diseinatu eta garatzea; izan ere, kontinente horretan osasun mentalean espezializatutako langileak falta dira: 4 milioi afrikarretik soilik bat dago psikiatrian espezializatuta.