Ahalduntze eta Partaidetzako Udal Eskolako prestakuntzak 2.100 leku baino gehiago bete ditu

Ahalduntze eta Partaidetzako Udal Eskolako prestakuntzak 2.100 leku baino gehiago bete ditu
Hiruhileko honetan eskaintzen diren 15 ikastaroetako % 53 berriak dira APUEren programazioan, eta izen-ematea zabalik dago jada

Ahalduntze eta Partaidetzako Udal Eskolak (APUE) prestakuntza-ikastaroen eskaintzari heldu dio 2019n, hala gaztelaniaz nola euskaraz, eta elkarte, kolektibo eta herritar aktiboei zuzenduta. Oraingoan, 3 eta 36 ordu bitarteko iraupeneko 15 ikastaro eskainiko dira apiril eta ekainera bitarte, zeinetan Iruñean erroldatutakoek lehentasuna izango baitute. Edukien erdia baino gehiago berria da, besteak beste, hauek: sormen-entzuketa edo erresilientzia ardatz izango dituzten prestakuntzak, erakundeetan erabiltzeko psikologia positiboa, talde-jardunen bideratzea ikuspegi feministatik abiatuta, elkarteen eskura sarean dauden doako baliabideak edo printzesismoa atzean uzteko lantegia.

APUEren programazio berria jendaurrean aurkeztu dute, goizean, Mikel Armendariz Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko zinegotzi ordezkariak eta Antso Fernández Alorreko zuzendariak. Izena behin-behinean emateko epea zabalik dago jada, eta zabalik egongo da prestakuntza bakoitzaren hasiera-data baino bi aste lehenago arte. Berritasun gisa, Kale Nagusiko 2an (bigarren solairua) izena aurrez aurre emateko aukeraz gain, edizio honetan online ere egiteko aukera dago, http://participa.pamplona.es webgunean formulario bat betez egin nahi den ikastaro bakoitzeko. Izena emateko epea amaitutakoan, eskatzaileei jakinaraziko zaie onartuak izan diren, eta matrikula egiteko epea irekiko da orduan.

Ikastaroen eskaintza hiru multzo hauetan banatzen da: norbera ahalduntzeko prestakuntza (4 ikastaro), taldeak edo erakundeak ahalduntzekoa (7 ikastaro) eta gizartea zein komunitatea ahalduntzekoa (4 ikastaro). Guztira 14 lagunek bideratuko dituzte ikastaroak, 9 emakumek eta 5 gizonek, askotariko arloetan aritzen direnak: coachinga, antzerkia, filologia, psikologia, zuzenbidea, kazetaritza, arte ederrak eta jolasen garapena zein aholkularitza. Joan den ostiralean, hiruhilekoari hasiera emateko, ¿Será la de democracia la primera víctima del siglo XXI? izenburuko saioa egin zen Kondestablen, Quim Bruguéren eskutik, Politika eta Administrazio Zientzietan doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta irakaslea Gironako Unibertsitatean. Hitzaldia honako esteka honetan ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=KPKumtPWE5c.

 Zentro-Elkarlaneko gunean (Kale Nagusia 2, 2.sol.) 2016tik dago Ahalduntze eta Partaidetzako Udal Eskola hau, xede harturik udalerriko hainbat kolektibo eta eragile soziali laguntza eta prestakuntza ematea partaidetzaren eta ahalduntzearen esparruetan. Beste baliabide batzuen artean, ikastaro-sorta eskaintzen du APUEk hiru hilean behin. Guztira 2.100 lagunek/elkartek egin dute proposatutako ikastaroetako bat edo beste. 2017an 500 pertsonak eman zuten izena, eta iaz, 2018an, 1.238k.

Norbanakoen hobekuntzarako lana
Norberaren ahalduntzeari begira eskaintzen diren edukiei loturik 4 ikastaro programatu dira, guztiak 12 ordukoak eta APUEn berriak. Lehena Norberaren ahalduntzea da, sei saiotan emango dena, maiatzaren 7tik ekainaren 11ra bitarte, Ana Muñiz Aguirreurreta Gestalt terapeuta eta coacharen eskutik. Norbera ezagutzea da lehen urratsa norbera onartzeko; ideia hori izango dute ardatz landuko diren edukiek.

Programatutako ikastaroen bigarrena (ekainak 7 eta 8) erresilientziari eskainia izango da: Nola egin ezbeharren aurrean indartuta ateratzeko, edo nola gainditu kendu ezin daitezkeen oztopoak. María Méndez Barrio coach, bideratzaile eta prestatzailea arduratuko da horretaz. Egun horietan ere bai, ekainaren 7an eta 8an, pertsonen arteko harremanetan izaten diren patroiak eta rolak aztergai izango dituen ikastaroa bideratuko du Ander Mimenza coach, prestatzaile eta aholkulariak. Eta atal horretako azken ikastaroan, ekainaren 14an eta 15ean izango diren bi saiotan, Ana Rosa Sánchez arteterapeutak Sormen-entzuketa izenburupean azalduko du nola erabil daitezkeen sormena eta malgutasuna norbera ahalduntzeko.

Eduki berriko hiru ikastaro taldeen eta erakundeen ahalduntzerako
Taldeen eta erakundeen ahalduntzeari loturik, 3 eta 15 ordu arteko zazpi ikastaro prestatu dira, kolektiboei honako gai hauen inguruko informazioa emateko xedez, besteak beste: irabazi-asmorik gabeko entitateendako udal-baliabide eta tresnak, administrazio elektronikoa eta elkarteak eratzeko forma juridikoak.

Maiatzean, eduki berriko hiru ikastaro izango dira. Lehena Talde-jardunen bideratzea ikuspegi feministatik abiatuta izango da (15 ordu), maiatzaren 3tik 5era, eta Blanca Ruiz Arrugaetak eta Luis Corral Cárdenasek emango dute, jardun kolektiboa logika feministatik abiatuta birpentsatzea xede. Programazio berriko beste bi ikastaro egongo dira: batetik, Pop - Psikologia positiboa (12 ordu), maiatzaren 15etik 17ra, Raquel Ledesma psikologoaren eskutik, erakundeetan inguru positiboak errazten laguntzeko; eta, bestetik, Administrazio elektronikoa hemen da jada (3 ordu), maiatzaren 24an, elkarteen eskura dauden baliabide eta tresnen gaineko informazioa emateko, Ana Belén Albero APUEko aholkulari juridikoaren eskutik.

Emakume eta neskatoei emandako rola deseraikitzea
Azkenik, gizartearen eta komunitatearen ahalduntze-esparruan, lau ikastarotan banatutako 70 prestakuntza-ordu eskaintzen dira: Gamifikazioa, parte-hartzea eta konpromisoa lantzeko; Antzerkia gizartean esku hartzeko eta ahalduntze indibidual zein kolektiborako tresna gisa; Printzesismoa atzean uzteko lantegia, eta Zurrumurruen aurkako eragileak eta taldeekin lan egiteko estrategiak

Oraingoan Printzesismoa atzean uzteko lantegia da ikastaro berria, ekainaren 14an eta 15ean emango dena, kazetaria eta feminismoan, komunikazioan zein emakumeen aurkako indarkerian aditua den Irantzu Varela Urrestizalaren eskutik. Edertasuna, lan-banaketa, maitasun erromantikoa, desioa eta sexualitatea kontzeptuak berrikusiko ditu, emakumeei betiereko osagarri pasibo gisa eman zaien rola deseraikitzea abiapuntu hartuta. Emakumeen memoria kolektiboa eraikitzeko bide emango duten erreferenteak emango dira prestakuntza horretan.

 

APUEREN IKASTAROAK, 2019KO APIRILETIK EKAINERA

 

NOLA EMAN IZENA?

Aurrez aurre: Zentro-Elkarlaneko gunea (Kale Nagusia 2, 2. sol), astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
http://participa.pamplona.es webgunearen bidez
Izen ematea zabalik, ikastaro bakoitza noiz hasi eta bi aste lehenago arte.
Ikastaro bakoitzeko izena emateko epea amaitutakoan, eskatzaileei jakinaraziko zaie onartuak izan diren, eta matrikula egiteko epea irekiko da orduan.
Argibide gehiago, 948 420 266 telefonoan.

PROGRAMATUTAKO IKASTAROAK

Norberaren ahalduntzea

  • Erresilientzia: nola egin ezbeharren aurrean indartuta ateratzeko (12 ordu)
  • Sormen-entzuketa: harreman-prozesuak (12 ordu)
  • Ahaldundu zaitez eta izan zaitez zu zeu (12 ordu)
  • Taldean nolako harremanak ditugun ulertzeko gakoak (12 ordu)

Taldeen eta erakundeen ahalduntzea

  • POP- Erakundeetan erabiltzeko psikologia positiboa (12 ordu)
  • Prozesu kolektiboen bideratze grafiko eta estrategikoa (15 ordu)
  • Teknologiaren erroetara - Talde-komunikazioa eta teknologiaren ezagutza kritikoa (12 ordu, euskaraz)
  • Talde-jardunen bideratzea ikuspegi feministatik abiatuta (15 ordu)
  • Interesgarria zure elkartearentzat. Irabazi-asmorik gabeko entitateendako udal-baliabide eta -tresnen inguruko informazio-saioa (3 ordu)
  • Administrazio elektronikoa hemen da jada. doako baliabideak sarean (3 ordu)
  • Abiatu zure proiektua. Forma juridikoak eta elkarteen eraketa (3 ordu)

Gizartearen eta komunitatearen ahalduntzea

  • Gamifikazioa, parte-hartzea eta konpromisoa lantzeko (8 ordu)
  • Antzerkia gizartean esku hartzeko eta ahalduntze indibidual zein kolektiborako tresna gisa (36 ordu)
  • Printzesismoa atzean uzteko lantegia (12 ordu)
  • Zurrumurruen aurkako eragileak eta taldeekin lan egiteko estrategiak (14 ordu)

Documentos adjuntos

Fitxategi