Dagoeneko agortu egin dira lekuak ‘Ibilbidea euskal pilotaren historian barna Iruñean’ bisita gidatuetan parte hartzeko: Iruñeko Udalak antolatzen ditu, kirol horri buruzko nondik norakoen eta hiriarekin duen loturaren berri emateko. Udalak toki gehiago eskaini zituen uztailean, eta batez ere udako hilabeteetako eta Eguberrietako eskaintza indartu du. Hala eta guztiz ere, dagoeneko toki guztiak bete dira.
Maiatzaren 2az geroztik bost bisita gidatu egin dira, eta bakoitzean 25 toki eskaini dira. Beste zortzi bisita gidatu daude egiteke, abuztuaren 21etik (osteguna) abenduaren 27ra bitarte. Egitasmoa Iruña Euskal Pilotaren Munduko Hiriburu bihurtzeko proiektuaren barruan antolatu dute, eta, hain zuzen ere, proiektu horrek helburu du tradizio pilotazalea hiriaren proposamen turistiko eta kulturalaren parte izatea, betiere jasangarritasuna, erroak eta berrikuntza oinarri hartuta.
Bisitek bi ordu inguru irauten dute, hiriko 5 gune enblematikotan barna. Hala, Nafarroako Errege Artxibo Nagusitik abiatuta, Gazteluko plaza eta Jito Alai eta Labrit pilotalekuak bisitatzen dira, eta Mañuetako pilotalekuan amaitzen da ibilbidea, garai batean pilotaleku horretan egiten ziren partiden erakustaldiekin. Erronkak ohikoak ziren pilotalekuan, eta, hain zuzen ere, erakustaldietan erronka horiek egiten dituzte. Ordu erdiz, gutxi gorabehera, Mañuetako bi pilotarik erronka horietako batzuen erakustaldia eginen dute: hala nola, hanka azpitik errestatzea, banku bat bizkar gainean dutela jokatzea, angurri bat soinean dutela jokatzea, hankak lotuta dituztela edo zaldiko-maldiko jokatzea eta pilota zartagin batekin jotzea.
Dena den, erakustaldiaz gozatzeaz gain, bisita gidatuek aukera paregabea eskaintzen dute pilotaren historiaren, jokoaren eta bitxitasunen berri jakiteko, Iruña hertsiki lotuta baitago pilotazaleen munduarekin. Horregatik guztiagatik, hiriko pilotaleku nagusietan barna egiten dira bisitak, eta, besteak beste, parte-hartzaileek gai hauei buruzko informazioa eskuratzen dute: Iruñean errotuen dauden pilota-modalitateak, erabiltzen diren materialak, arropa eta emakumezko pilotarien parte-hartzea, besteak beste.
Bisitak 2023-2029 aldirako Iruñeko Turismoko Plan Estrategikoaren parte dira. Hain zuzen ere, euskal pilotari buruzko ibilbideak HJTP Iruña SF365 proiektuaren esparruan kokatzen dira, eta Europako NextGeneration funtsek finantzatzen dituzte, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez. Funts horiek Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza-tresna dira.
