Afrika behar-beharrezkoa zikloaren eskutik urtero Ziudadelan egin ohi den erakusketa, edizio honetan, ‘Afrotopia’ da. Senegal, Niger eta Maliko 35 gazteren 58 argazkik osatzen dute erakusketa, eta horietan gogoeta egiten dute ingurumenaz, jasangarritasunaz, globalizazioaz, emakumeek gizartean duten zereginaz, gazteen amets eta nahiez, tradizioaz, eta abar. Mistoen eraikineko lehen solairuan ikusgai egonen da, urtarrilaren 10era arte.
Erakusketa asteartetik ostiralera ikus daiteke, 18:00etatik 20:30era, larunbatetan, 11:30etik 13:30era eta 18:00etik 20:30era eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Espazio horretan une hauetan beharrezkoak diren osasun-neurri guztiak betetzen dira, eta bisitan dagoen jende kopurua kontrolatuko da. Une oro maskara erabili behar da nahitaez.
Erakusketaren aurkezpenean izan dira Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberena, Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari nagusi Javier Fernández, Afrika behar-beharrezkoa zikloko ordezkari Iñaki Buldain eta erakusketaren komisario Héctor Mediavilla.
Utopia aktibo baten alde, kanpotik ezarritako parametroetatik aldenduz
Aurten 20. edizioa duen Afrika behar-beharrezkoa zikloko erakusketaren jatorria hau da: Héctor Mediavillak diseinatu eta 2017ko azaroan eman zituen Acerca/AECID-en hiru lantegi, Dakarren (Senegal), Niameyn (Niger) eta Bamakon (Mali), Bamakoko Argazkilaritza Bienalaren barruan. ‘Afrotopia’ izenburua Bamakoko ‘Rencontres’-en hamaikagarren ediziotik hartu du. ‘Rencontres’ Afrikako Argazkilaritza Bienala da, tradizio eta izen handikoa, eta artista afrikarrei gogoeta egiteko aukera eskaintzen die etorkizunari eta kontinentearen ekarpenari buruz, mundu globalizatu batean.
Felwine Sarr idazle, ekonomista eta musikari senegaldarrak sortu zuen ‘Afrotopia’ terminoa, kontinente afrikarrari begiratzeko modu berri bat proposatze aldera, deskolonizazio mentalaren alde eginez, Héctor Mediavillak katalogoan azaltzen duen bezala. Afrikak Mendebaldea eredu gisa hartzeari utzi behar diola agertzen du, eta bere etorkizunari buruzko ikuspegi propioa garatu behar duela, horrek ekintza egokiari bide eman diezaion. Horretarako, berriz ere pentsatu behar da egungo paradigma, eta kanpotik inposatutako parametroetatik aldendu, bertako errealitatea kontuan hartuta ekonomiaz, ekologiaz, kulturaz eta sinboloez bezainbatean.
Afrikak nahi duen etorkizunari buruzko gogoeta egiten du, bere sustraiak ukatu gabe
Lantegietan partaide bakoitzak hiru astetan garatzen ahal zuen argazkilaritza-proiektu bat aukeratu zuen, gogoetarako gune irekiak sortzeko ideiari jarraiki, afrikarrek beraiek erabaki dezaten zer etorkizun nahi duten, haien sustraien balioa eta kultur aberastasun paregabea ukatu gabe.
Dakarren bederatzi argazkilarik parte hartu zuten: bi emakume eta zazpi gizon. Gazteak, 22 eta 35 urte bitartekoak, profil, esperientzia eta interes askotarikoekin. Salbuespena Assane Sow izan zen, 45 urtekoa, Senegaleko egunkari nagusietan 20 urteko eskarmentua duen argazki-erreportaria, zeinak lan pertsonalagoa, “artistikoagoa” egin nahi zuen.
Bigarren lantegia Niameyn egin zen. Nigerren, Senegalen ez bezala, ez dago argazkilaritza- ez zinema-eskolarik, ezta ikusizko komunikazioari buruzkoak ere. Hortaz, askoz zailagoa da lanbide horiek garatzen ikastea. Hautatutako hamalau lagunetatik hiru emakumeak ziren. Hori arrakasta izan zen erakusketaren komisarioarentzat, herrialde horretan ia ez baitago emakume argazkilaririk. Bamakoko ikasle taldeak bestelako profila zuen. Izan ere, 25 urtetik beherako gazteak ziren, multimedia ikasgaiko bigarren mailako ikasleak, Arte eta Lanbideen Multimedia Kontserbatrioan.
Gaur arratsaldean, bisita gidatua komisarioarekin
Gaur arratsaldean, 19:30ean, komisarioak bisita gidatua eginen du erakusketara. Héctor Mediavillak istorioen kontalari, argazkilari, errealizadore, prestatzaile, komisario eta argazkigintza partizipatiboko proiektuen kudeatzaile gisa definitzen du bere burua. Colors, Geo, New York Times, El País, Time, Esquire, Gatopardo eta XXI izeneko komunikabideetan argitaratu du, eta mundu osoan barna egin ditu erakusketak, besteak beste, Bilboko Guggenheim museoan, Atlantako High Museum of Art-en eta Kinshasako Frantses Institutuan. Parte hartu izan du argazkigintza-gogoetako zenbait lantegitan eta ikerlan dekolonialetan.
Afrotopia (Afrika behar-beharrezkoa) Parte hartuko duten artistak:
- Senegal: Moctar Ba/ Ndeye Astou Beyé (BEY-A)/ Haidar Chams (FROMHAII)/ Lamine Dieme (LADIEME)/ Khalifa N’Diaye (KHALIFA HUSSEIIN)/ Assane Sow/ Ina Thiam/Abdoulaye Touré
- Niger: Boureima Abdoulaye (BERGE)/Abdoulaye Ali/Peter Aborisade Adeyemi Lawrence (REA MISE)/ Lawali Abdou Maman (LAWALI RASTA)/Abdou Garbá Moustaphá (YAHE TCKIKO)/Touré Abdel Razack (ZAK)/Hadjara Mahirou Saley/ Ahmed Tourmane Souleymane/Konaté Ousmane Tidjani/Rakiatou Ibrahim Yaye
- Mali: Amadou Diabagate/ Souleymane Diallo/Ousmane Goïta/Khadim M’baye (BAMBA MBAYE)/ Taganor Wallet Mohamed/Mariam Niare/Moussa Samake (SAM MOUSSA)/Mariam Tapily/ Fatoumata Traoré/Mamadou Traoré/Fadio Traoré/Youssouf Traoré (ISSOUF KING)