Adriana Eransus Azpilicuetaren Iruña, argien hiria izeneko kartelak iragarriko ditu 2018ko sanferminak, Gazteluko plazan dantzan ari diren erraldoi amerikarren erritmoarekin bat

Adriana Eransus Azpilicuetaren Iruña, argien hiria izeneko kartelak iragarriko ditu 2018ko sanferminak, Gazteluko plazan dantzan ari diren erraldoi amerikarren erritmoarekin bat
Emandako 6.511 botoen % 33,8 lortu du kartelak, eta bosgarren aldiz, emakume bat da sanferminak iragarriko dituen kartelaren diseinatzailea

Adriana Eransus Azpilicueta iruindarraren Iruña, argien hiria kartelak iragarriko ditu 2018ko sanferminak. Gazteluko plazan dantzan dauden erraldoi amerikarren erritmoan dator iragarpena; Iruña aldarrikatzen du argien, aniztasunaren eta harmoniaren hiri gisa, eta Oscar saridun La la land filmeko protagonistak City of stars dantzatzen nola, hala agertzen zaizkigu Toko-Toko eta Braulia hiriaren erdian. Kartelak, bost zenbakidunak, emandako 6.511 botoen %  33,8 lortu du. Kartelak alde handiz irabazi die beste zazpi proposamenei: 2.200 boto jaso ditu, bigarren geratu den zazpigarrenak baino ia 900 boto gehiago.

Adriana Eransus Azpilicueta (Iruña, 1982ko uztailaren 2a) da sanferminak iragarriko dituen kartelaren diseinatzailea, eta hori lortu duen bosgarren emakumea. 1974an, Francis Bartolozzik eta Pedro Lozano de Sotések sinatu zuten kartela, eta 2004an, Marta Coronadok eta Mikel Urmenetak. 2006an agertzen da berriz emakume baten izena egilearen tokian: Cristina Calvok bere bakarkako lanarekin lortu zuen Sanferminetako Kartelen Nazioarteko Lehiaketako saria. Hiru kartel horiek lehiaketa bidez hautatu ziren. Lehiaketa bidez ere, baina herri-bozketa tartean, Elixabete Bordonabak bildutako botoen % 36 lortu zuen hiriaren mapa bat islatzen zuen kartelari esker. Hori horrela, Eransus da herri-bozketa bidez lehiaketa irabazi duen bigarren emakumea.

Lana, gainera, beste zenbait gauzengatik da mugarri: egileak erraldoien konpartsa berreskuratu eta kartelera ekarri du, kartelean azkeneko aldiz agertu zirela 30 urte igaro direnean, eta duela mende batetik hona ahaztuta zirudien Gazteluko plaza ere marraztu du.

Adriana Eransus Azpilicueta (Iruña, 1982) Enpresa Zientziatan diplomaduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta goi-mailako teknikaria Arte Plastikoetan eta Diseinuan, Dekorazioko Proiektu eta Obren Zuzendaritzan. Gaur egun, saltoki bat dauka bigarren Zabalgunean, eta bertan sortu eta neurrira egiten ditu buru-apaingarriak eta osagarriak, esparru horren barruan ezer bereizgarririk bilatzen duten bezeroendako.

6.511 boto, eguneko 500, eta guztien % 33,8

Aurtengo bozketan, hirian erroldatutakoei zuzenduta eta maiatzaren 2tik 14ra bitarte egindakoan, 6.511 lagunek parte hartu dute, 2017an baino 829 gehiago. Boto-kopuruei begiratuta, 2008an herritarrei irekitako prozesu hau abiatu zenetik boto gehien eskuratu dituen laugarren kartela da aurtengoa; egunean egindako botoei erreparatuta (500 boto eguneko), boto gehien jaso dituen hirugarrena.

Botoa emateko bideei dagokienez, berriz ere bide digitala izan da erabiliena, 5.008 botorekin (guztizkoaren % 76,9); 1.286 boto-paper aurrez-aurreko bozketa bidez bildu dira (% 19,7), Civivoxetan paratutako hautetsontzietan; eta telefono bidez, Herritarrendako Arreta Telefonoan, 217 boto, guztizkoaren % 3,3. Interneten bidez parte hartzeko joera gero eta handiagoa da, eta, hortaz, handiagoa ere gainerako bideetan ematen den pixkanakako beherakada. Iaz, esate baterako, parte-hartzaileen % 74,2k Internet bidez eman zuen botoa, % 24k aurrez aurre, eta % 1,6k, telefonoz.

Botoa emateko epeari dagokionez, 2018an 13 egun izan dituzte herritarrek beren iritzia emateko, 2015. eta 2016. urteez geroztik izan den eperik laburrena, orduan epea 12 egunekoa izan baitzen. Kartela hautatze aldera botoa emateko eperik luzeena 2011n izan zen: 24 egun.

Iruñearen aldeko aldarria

Egilearen hitzetan, kartelak aldarrikatu nahi du Iruña "argien, aniztasunaren eta harmoniaren hiria dela". "Nire hiriarekin, Iruñearekin dudan lotura eta hari diodan baldintzarik gabeko maitasuna direla medio, kartel garbia aurkeztu nahi izan dut. Halako kartel bat ezen aditzera ematen baititu gure sanferminetan betidanik izan diren purutasuna eta garbitasuna, azken aldian sanferminek tratu txarrak pairatu baitituzte, eta horren ondorioz hiriaren izen ona zikindu delako, eta inondik inora bidezkoak ez diren aurreiritziak sortu. Iruña, gaur eta beti, argien hiria izango da". Hala azaldu du egileak.

Gazteluko plaza hautatu da agertoki gisa, autoreak jakitera eman duenez, bai Iruñeko ikurra delako, bai pelikularen karteleko eszenako giroa sortzeko: farola karismatikoa eta bertako giroaren xarma. Pastel koloreak erabili ditu horiek islatzean, hartara ñabardura garbi eta dotorea emateko, "gure jaien sentsibilitatea eta edertasuna iradokitzeko eta horietan murgiltzeko". Zuri-gorria ez du ahaztu, eta oinezkoen zein bikote protagonistaren arropetan ageri dira koloreok.

Eta kartelean dantzan aritzeko ez dago erraldoi amerikarren bikotea baino hoberik, dio egileak, hala haurrak nola helduak gozarazten baititu. "Toko-Toko eta Braulia dira, hain zuzen ere, kartelari indarra ematen diotenak, bai eta beren keinu alaien bitartez islatzen den ukitu atseginak ere" adierazi du.

Kartel honen bitartez, egileak omenaldia egin nahi dio Mariscali, eta sanferminetako kartel zaharren estetikan nolabaiteko espazio bilatu nahi du, "azken urteotan erabili diren estetika konbentzionalagoetatik ihes egiteko".

Erraldoiak kartel batean, hogeita hamar urteren ostean

Kilikiak, eta bereziki Caravinagre, behin eta berriz agertu dira azken urteotako sanferminetako karteletan, konpartsa bereko Iruñeko erraldoiak, aldiz, oso gutxitan agertu dira jaiak iragartzen dituzten karteletan. 1984an agertu ziren azkeneko aldiz kartel batean, hots, duela 34 urte. Orduan, egileak, Francisco Bastidak, errege europarra erabili zuen bere obran, baina ez zion eman txupinazoari edo San Fermini beste protagonismo. Urtebete lehenago, 1983an, Jaume Bachen kartelean ageri ziren errege europarrak eta afrikarrak, festaren talde-erretratu batean, non peñakideak, toreatzaileak, udal-segizioa, kilikiak eta zaldikoak ere agertzen baitziren.

Nahiz eta 80ko hamarkadan bitan agertu, 30eko hamarkadara salto egin behar dugu festak iragartzeko karteletan erraldoien irudiak topatzeko. Leocadio Murok 1934an txertatu zuen erraldoi europarren bikotea, bigarren mailako elementu gisa, eta 1932an, kartelaren figura nagusi gisa, protagonismoa hartuta, paratu zuen errege europarra. 1929an, Jesús Basianok erraldoien konpartsa irudikatu zuen, Udaletxe plazan dantzan, txistulari eta gaiteroen erritmoan. 1920an ere, errege-erregina europarrak agertu ziren, bigarren plano batean.

Gazteluko plaza kartelen agertoki izatea ez da ohikoa izan. Izan ere, ehun urte baino gehiago jo behar da atzera leku hori topatzeko sanferminak iragarri dituzten karteletan. 1910ean, Javier Cigak hainbat musikari eta pertsona erretratu zituen Gazteluko plaza zaharrean, oraindik Gayarre antzokiak gaur egun Karlos III.aren etorbidea dena ixten zuela.

332 kartel prozedura berria estreinatu den urtean

Iruña, argien hiria izan da irabazlea 2018ko lehiaketara aurkeztutako 332 kartelen artean. Adriana Eransusen kartela, hain zuzen, Iruñetik bertatik jaso diren 144 lanetako bat da (% 43,37), estatistikoki kopururik handiena. Iruñeko lan horiek eta Nafarroako 66ak batuta, aurkeztutako lanen % 63,25 jotzen da (210). Horrez gain, estatutik jaso dira beste 117 lan; horiek aurrekoei batuta, 327 lan dira, guztien %  98,49. Nazioartetik bost lan iritsi dira Iruñera, guztizkoaren % 1,51.

2018an 332 lan jaso dira, horrek esan nahi aurreko urteetan baino parte-hartze txikiagoa egon dela. 2017an, zehazki, 371 lan jaso ziren, eta 2016an, 376.

Aurten Iruñeko Udalak kartelak hautatzeko sistema aldatu du. Egileek formatu digitalean aurkeztu behar zituzten zirriborroak, kontzeptuaren garapen teorikoarekin eta kartelaren osagaien deskribapenarekin batera (konposizioa, koloreak, topografia, sinbologia, etab.). Lan horrekin 20 kartel hautatu ziren, eta horiek egin ziren, udal-aurrekontuaren kargura. Gero, epaimahai tekniko batek erabaki zuen zein izango ziren zortzi kartel finalistak, gerora herri-bozketara pasako zirenak.

Hori horrela, aurten, 20 kartel horiek -irabazlea barne- ikusgai jarriko dira ekainaren 28tik uztailaren 29ra, Kondestablearen jauregiko lehenengo solairuan.

2018ko sanferminetako kartelaren herri-bozketa

  • Erregistratutako botoak
  • Aurreko herri-bozketak
  • Kartelak eta leloak

1.a - Zezen mandala jaia: Magdalena Berenguer Soto (Logroño)

2.a - Zure txanda: Jorge Tellechea Lezaun eta Jordi Alcaraz Ruiz (Barañain - Iruña)

3.a - Tokiko tradizioa. Nazioarteko pasioa: Ayumi Muñoz Villegas (Sarriguren, Nafarroa)

4.a - Lurra; hiriburua, Iruña: Eneko Las Heras Leizaola (Madril)

5.a - Iruña, argien hiria: Adriana Eransus Azpilicueta (Iruña)

6.a - 7: José Gil-Nogués Villén (Oviedo)

7.a - Sanferminen zikloa: Eduardo Santamaría Martínez (Cullera, Valentzia)

8.a - Bera da jaia: David Miranda Falces (Arguedas)

Iruñean, 2018ko maiatzaren 16an 2018

¿Te ha sido útil esta página?