Adjudikatu dira Iruñea eta Burlata Belosoko aldapan barrena lotuko dituen oinezkoendako eta txirrindulariendako ibilbideko obrak, proiektua aldatzen ez duten ingurumen-hobekuntzak egin ondoren

Adjudikatu dira Iruñea eta Burlata Belosoko aldapan barrena lotuko dituen oinezkoendako eta txirrindulariendako ibilbideko obrak, proiektua aldatzen ez duten ingurumen-hobekuntzak egin ondoren
Zuhaitzak lekualdatzeaz gain, Belosoko Erripan kaltetutako landarediaren azalera % 70 murriztuko da, eta karbono-aztarna % 47

foto

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñea eta Burlata Belosoko aldapan barrena lotuko dituen oinezkoendako eta bizikletendako ibilbidearen obrak adjudikatzea onetsi du. Excavaciones Fermín Osés SL da enpresa adjudikazioduna, eta adjudikazioaren zenbatekoa 4.033.332,93 eurokoa. Zenbateko hori honela banatuko da: 3.655.604,90 euro 2024rako eta 377.728,03 euro 2025erako, eta 710.979,45 euroko geldikina sortuko du. Obra Europako Batasunak Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan eginen da, Next Generation EU funtsen bidez finantzatuta.

Orain adjudikatutako obrek ingurumen- eta paisaia-hobekuntzak dituzte, jatorrizko proiektua aldatu gabe, proiektua behar bezala gauzatuko dela bermatzeko. Bi gune kaltetuenak Beloso eta Erripa aldapako espaloia dira, 126 zuhaitz eta 185 txorko eta zuhaixka daudelako eta oinezkoen hegalari eragiten diolako. Obraren lehen etapetan, otsailean, tamaina ertaineko 23 zuhaitz osasuntsu lekualdatzea proposatzen du proiektuak, udaberrian Belosoko Erripan, Arga pasealekuan edo inguruko beste parke batean landatuta egon daitezen. Espazio librean, espaloia eta erripa kota berean dauden lekuetan, bost behatoki sortuko dira, Iruñeko skyline-a, Madalenako Baratzeak, eta Txantrea eta Orvina Ezkaba mendiraino ikusteko. Gainerako zuhaitz osasuntsuendako, gehienez ere, hiru aukera aurreikusten dira. Gaixotasunen bat duten zuhaitzak moztea komeni da; Belosoko aldapako 152 aleetatik 51.

Espaloia handitzeko aurrefabrikatuak erabiltzeak % 70 murriztuko du kaltetutako ibaiertzeko landarediaren azalera: 2.700 metro koadrotik 815 metro koadrora, eta horren ondorioz, hasieran aurreikusitako konpentsazio-neurriak aplikatzeko beharra murriztuko du. Aukera horrek, gainera, % 47raino murriztuko du eraikuntza-lanen karbono-aztarna. Adjudikatutako proiektuak barne hartzen ditu, eremu osoan zaborrak eta tamaina handiko objektuak garbitzea, eta landaredia hobetzeko eta erripa higaduratik babesteko ezohiko neurriak hartzea. Paisajismoan eta ingurumenean aditua den pertsona baten aholkularitzarekin eginen dira lan horiek.

Hiru erakunde
Igarobidearen proiektua apirilean aurkeztu zen, Iruñeko eta Burlatako Udalek eta Nafarroako Gobernuak hiruen arteko hitzarmena sinatu ondoren. Joan den ekainaren 12an, Tokiko Gobernu Batzarrak proiektuaren lehen lizitazioa onetsi zuen, eta irailaren 25ean bertan behera geratu zen, bi atzerapenen ondoren. Bigarren lizitazioa urrian onartu zen eta orain adjudikatu da, urtea amaitu aurretik. Aurreikuspenen arabera, obrak 2024ko otsailean hasiko dira.

Bizikletendako eta oinezkoendako ibilbidea galtzadatik bereizitako bi norabideko bidegorri bat da, eta, Belosoko aldaparen eskuinaldean dago, Burlatatik Iruñera doan noranzkoa hartuz gero. Bidegorri berriak 1.188 metroko luzera izanen du Beloso aldapak eta Burlatako Kale Nagusiak eta Bizkarmendia kaleak bat egiten duten biribilgunetik Nafarroa Behereko etorbideko bidegurutzera, eta hortik Media Luna parkera.

Onetsitako proiektuak bi metro baino gehiagoko zabalerako hegal bat eraikitzea aurreikusten du, ezpondari eusteko egungo hormaren gainean. Azalera berri horri esker, bidearen erabileran beste banaketa bat egin ahal izanen da, oinezkoen zirkulaziorako erabilgarri dagoen espazioa handitu eta bizikleten zirkulaziotik bereizteko. Ibilgailuen zirkulazio-erreien kopurua mantendu eginen da, baina ibilgailu motordunendako erreien erdibitzailea eta zabalera murriztu eginen dira zirkulazioa baretzeko. Horrela, oinezkoendako 3,60 metroko espaloi bat eta 2,70 metroko bidegorri bat sortuko dira, oinezkoendako plataformatik eta ibilgailu motordunen erreitik metro bat bereizita. 

Lan horiek Go Green Iruña Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiarekin lerrokatzen dira, hiri jasangarriago baten alde.
 

logo

¿Te ha sido útil esta página?