Adjudikatu dira Barañaingo etorbidean zehar bidegorri tarte berri bat gauzatzeko lanak, Europa Plaza eta Nafarroako etorbidea elkartuko dituena

Adjudikatu dira Barañaingo etorbidean zehar bidegorri tarte berri bat gauzatzeko lanak, Europa Plaza eta Nafarroako etorbidea elkartuko dituena
Obrak, halaber, oinezkoen mugikortasunean eta Iruñeko Hiri Garraioan hobekuntzak barne hartzen ditu, eta zirkulazioa arintzeko hainbat neurri aurreikusten ditu

 

 

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Barañaingo etorbidean bidegorria ezartzeko eta mugikortasuna hobetzeko lanak adjudikatu ditu. zeinek jarraipena emanen baitiote hiriaren erdigunetik, Armadaren eta Baionako etorbideetatik igaro eta Europa Plazaraino heltzen den bidegorriari. Aste honetan bertan hastea aurreikusten da, eta bi hilabeteko epean gauzatzea, urtearen amaierarako amaituta egoteko. Urbanismo Táctico Pamplona ABEEak gauzatuko ditu lanak 224.418,81 euroan. Lan horiek mugikortasun eta hirigintza taktikoko obrak egiteko esparru-akordiotik eratorritako kontratu gisa esleitu dira. Akordio hori 2020an lizitatu eta adjudikatu zen.

Barañaingo etorbideko bidegorri berria noranzko bikoa izanen da, eta galtzadatik igaroko da, 2,5 metro zabalerako neurri estandarrekin. Babes-banda bat izanen du, eta bertan kautxuzko bereizgailuak eta oztopo-zutoinak instalatuko dira. Barañaingo noranzkoan eskuineko ertzetik igaroko da, Europa plazaren eta Ermitagaña eta Errioxa kaleekiko biribilgunearen arteko zatian, eta hortik aurrera, ezkerraldera gurutzatu eta Yamaguchiren parkearekiko paraleloan doan galtzadatik igaroko da. Horrela, Barañaingo etorbidean bertan eta Francisco Alesón eta Pedro Malón de Echaide kaleetan dauden aparkaleku-poltsetara sar daitezkeen ibilgailuekin ez da gurutzatuko.

Bidegorri berrirako espazioa galtzadari irabaziko zaio. Bi biribilguneetan, bai Europa plazan, bai Ermitagaña eta Errioxa kaleen elkargunean, ibilgailuen zirkulazio-eraztunak aldatuko dira. Biribilgune horietara heltzen diren erdibitzaileen irlatxoak handituko dira, eta Ermitagaña eta Errioxa kaleen elkargunearen kasuan, erdiko irlatxoaren erradioa murriztuko da. Bi biribilguneen artean, zirkulazio-errei bat kenduko da noranzko bakoitzean, eta dauden aparkalekuak mantenduko dira. Era berean, autobus-errei bat sortuko da Europa Plazara heltzen den galtzada tartean, hiriko erdialderanzko noranzkoan. Yamaguchi parkearekiko paraleloan doan tartean ere errei bat kenduko da, aparkaleku-zerrenda mantenduz.

Bidegorri berria egiteko, beste jarduketa batzuk egin beharko dira trafikoaren segurtasuna eta baretzea sustatzeko, hala nola, Europa plazan eta Ermitagaña eta Errioxa kaleen arteko biribilgunean oinezkoen espaloiak handitzea, oinezkoen pasabideetako ibiak aurreratzea, eta Iruñeko Hiri Garraiorako bi geraleku aurreratu eraikitzea Europa plazako eta Yamaguchi parkeko egungo geralekuetan. Jarduketa hori Udalak abiatutako Go Green Iruña Estrategiaren baitan jasota dago, zeinak hirian klima-aldaketari aurre egiteko jarduketa guztiak barne hartzen baititu.

¿Te ha sido útil esta página?