Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak San Frantzisko ikastetxe publikoa guztiz eraberritzeko proiektuaren idazketaren adjudikazioa onetsi du. Enpresa adjudikazioduna OM ARQ SLP da, 42.318,54 euroan (BEZ barne) esleitu da, gauzatzeko epea 50 egun naturalekoa da eta berme-epea 2 urtekoa. Kontratua Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren eta Iruñeko Udalaren arteko lankidetza-konpromisoaren bitartez finantzatuko da.
Iruñeko Udalaren jabetzakoa den eta Alde Zaharrean dagoen San Frantzisko ikastetxe publikoa eraberritzea beharrezkoa da, eskolatze-eskari handia duen ikastetxea delako eta zaharra delako, 1902an hasi baitzen eraikitzen. Egun, hiru hezkuntza-ereduetako (A, D eta G) 400 ikasle doaz goizez, eta arratsalde eta asteburuetan ere askotariko jarduerak egiteko erabiltzen da.
Eraikinak beheko solairua eta, gehienez, hiru altuera ditu, planeamenduaren arabera. Sotoan jantokia eta kultur gune izateko egokitzen ahal den espazio bat daude. Egun, askotariko erabilerak dituen arren, eraikinak zenbait gabezia ditu eraikuntzari zein instalazioei dagokienez. Hori dela eta, beharrezkoa da eraberritze-proiektua idaztea.
Eskola guztiz eraberritzeko proiektuak honako funtsezko alderdi hauek izanen ditu kontuan: inguratzaile termikoa, barneko erreformak, instalazioak eta eraikinaren kalifikazio energetikoa. Inguratzaile termikoa egiteak estalkiaren eta fatxadako hormen isolamendua barne hartuko du, bai eta arotzeriak eta kontraleihoak aldatzea ere. Barneko berrikuntzei dagokienez, komun- eta aldagela-hornidurak handitu eta egokituko dira; sotoko guneak egokitu; hezkuntza-irizpide berrietara egokitzea aztertu; eta zoladurak eta estaldurak aztertu eta alternatibak bilatuko dira.
Instalazioen atalean jasota dago elektrizitate- eta soinu-instalazioak eta suteen aurka babesteko instalazioak egokitzea, eta energia berriztagarrien instalazio berriak jartzea. Eraikinaren kalifikazio energetikoari dagokionez, berritze-proiektuko neurriak gauzatutakoan lortutako kalifikazioa hobetzea baloratuko da.
Nabarmendu beharreko beste alderdi bat da proiektuaren edukia faseetan garatuko dela jarduera desberdinen arabera, eskola-jarduera ahalik eta gutxien baldintzatzeko eta, hala badagokio, gauzatzea aurrekontu-ahalmenetara egokitzeko.