‘Tere Celaya Salcedo’ eguneko zentroa, Udalaren lehena hirian, udaren ondoren jarriko da martxan Arrotxapean. Iruñeko Udalak hiriko gizarte-lanaren aitzindari eta erreferente den emakume horri eskaini dio zuzkidura berria, hainbat hamarkadatan egindako lan profesionalaren aitorpen eta omenaldi gisa. Eguneko zentro berria Carmen Baroja Nessi kaleko 21. zenbakiko beheko solairuan dago, eta xede du mendekotasun-egoeran dauden adinekoei arreta eta zerbitzuak ematea, hala eskatu baitute herritarrek.
Lanak ia amaituta daude dagoeneko, eta Lehendakaritza batzordeak gaur bisitatu ditu. Jada finkatuta daude eremuak eta espazioak, bai eta akaberak ere; ekipamenduen eta altzarien xehetasunak eta sukaldeko elementuak baino ez dira falta, bai eta instalazioen funtzionamendua egiaztatzeko probak egitea ere. Udal-zerbitzu berriari esker, Iruñeko Udalak 65 urtetik gorakoendako laguntza-baliabide gehiago ditu; izan ere, erroldatutako pertsonen % 22 adinekoak dira, eta, hortaz, ez da baztertzen Udalaren beste eguneko zentro batzuk eraikitzea hirian.
Zentroaren obrak Construcciones José Miguel Ibáñez SL enpresari adjudikatu zitzaizkion, 513.019,96 euroan: iazko abuztuan hasi ziren, eta sei hilabeteko gauzatzeko epea barne hartzen zuten. Iruñeko Udalak Nafarroako Gobernuaren 305.648,30 euroko dirulaguntza jaso du zentroa eraikitzeko. Proiektua Carmelo Fernández Militino eta Jaime Elizalde Guerra arkitektoek (TYM Arquitectos) idatzi zuten. Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuak 18.119,75 euroz finantzatu du proiektu teknikoa.
Askotariko jarduerak egiteko egokitutako espazioa
Eguneko zentroak 293,54 metroko azalera erabilgarria du, eta lokalak, guztira, 330 metro karratu baino gehiago hartzen ditu. Mendekotasun-egoeran dauden adinekoendako 28 toki izanen ditu. Sartzeko ate nagusia oinezkoendako plaza bati begira dago, eta plaza horretan Carmen Baroja Nessi eta Juslarrocha kaleek bat egiten dute. Fatxada berria altzairuzko xafla tolestu baten bidez estali da. Sarreran, gurpil-aulkiak gordetzeko gune bat sortu dute, eta baita bi komun irisgarri ere.
Barruan hainbat gune daude, askotariko jarduerak egiteko eremuak barne. Eskuinean, gune hauek eraiki dira: erabilera anitzeko bi areto, jantoki bat, jantoki-zerbitzukoek lan egiteko eta jakiak prestatzeko toki bat, biltegi bat eta aerotermia jartzeko gune bat. Ezkerraldean, jarduera fisikorako gune bat sortu dute, eta hainbat makina eta elementu jarri dituzte bertan. Hor daude bulego profesionalak ere, bai zuzendaritzarenak eta bai gizarte-langileenak, eta, horrez gain, arretarako eta erizaintzarako gune bat, komunak eta aldagelak jarri dituzte.
Bero-ponpa aerotermiko bat jarri dute zentroa berotu eta hozteko: zoru bero-emailearen sistemarekin konektatuta dago da ponpa hori. Lokalak A mailako energia-kalifikazioa du.
Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotziak adierazi duenez, “behin obrak amaituta, zentrorako behar diren altzariak lizitatuko dira, eta, aldi berean, zentroa martxan jartzeko araudi guztia garatu eta behar diren langileak eta zerbitzuak kontratatuko dira”.
Tere Celaya Salcedori buruz
Tere Celaya Salcedo Nafarroako gizarte-lanaren esparruko lehen emakume erreferenteetako bat izan zen, bai alor akademikoan, bai kalean bertan, laguntza eta baliabideak behar zituztenei laguntza ematen baitzien. San Vicente Pauleko Gizarte Laguntzaileen Elizbarrutiko Eskola zaharreko lehen promozioan hezia, emakume kezkatsua eta gizartearekiko konpromiso handikoa izan zen. Hainbat proiektutan parte hartu zuen:Santa Luzia herrixka martxan jartzen lagundu zuen, eta 1975eko Potasaseko greban bitartekari gisa aritu zen.
Eredu izan zen alderdi pedagogikoan ere, eragin handia izan baitzuen lanbide horrekiko iritzi-aldaketan; gainera, laguntza emateko gizarte-lanetik haratago, gizarte-lan komunitarioaren alde egin zuen. 65 urterekin Unibertsitate Eskolako irakasle titularraren oposizioa prestatu eta gainditu zuen, eta horri esker, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Fakultatean sei urtez irakasle-lanetan aritu eta Garapenaren aldeko Lankidetzako ikasgaia zuzendu zuen. Tere Celaya Salcedo 2017an zendu zen.