Adinekoendako udal-apartamentuetan familia-langile bat arituko da egoiliarrendako laguntza-, bitartekaritza- eta aholkularitza-lanak egiteko

Adinekoendako udal-apartamentuetan familia-langile bat arituko da egoiliarrendako laguntza-, bitartekaritza- eta aholkularitza-lanak egiteko

Neurri hori modu pilotuan jarri da abian Iturramako apartamentuetan eta egoiliarren artean babes handia du

 

 

foto

 


Iruñeko Udalak familia-langilearen rola ezarriko du 65 urtetik gorakoendako udal-apartamentuetan, egoiliarrendako laguntza-, bitartekaritza- eta aholkularitza-lanak egiteko. Xedea lanpostu hori epe motzean errealitate bihurtzea da, eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko (EELZ) langileek betetzea. Oraingoz, Udalak Iturraman dituen apartamentuetako egoiliarrek esperientzia pilotu batean parte hartu dute lau hilabetez. Denbora tarte horretan, egoiliarrek positiboki baloratu dute familia-langilearen laguntza- eta jarraipen-lana.

Zerbitzu berri horrek 65 urtetik gora eta beren kabuz baliatzeko gaitasuna duten erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea espero da. Izan ere, gizarte-langilearena ez da, kasu honetan, asistentzia-lana, baizik eta beste eskaera batzuei erantzutea, hala nola erabiltzaileen premiak antzematea eta entzutea, laguntza ematea, bizikidetza hobetzeko tresnak bilatzea, gatazka-egoerak antzematea edo familia- eta gizarte-loturak suspertzea. Isolamendu- eta bakardade-egoerei aurre egiten ere saiatzen da. 

Iturramako apartamentuetan egindako esperientzia pilotu horretan, familia-langilea instalazioetara egunero joaten zen eta hori positiboki baloratu zuten erabiltzaileek. Beren arazoak eta beharrak entzuteaz gain, tarte horretan beste hainbat lan egin ditu, hala nola medikuarengana laguntzea eta beste kudeaketa batzuk. Gainera, Udalarekin komunikatzeko balio izan du, egoiliarrek hobetzeko dituzten eskaerak eta proposamenak helarazteko. 

Beharrezko rola
Lau hilabetez familia-langilearekin bizi ondoren, erabiltzaileek haren lanaren inguruan duten balorazioa, oro har, positiboa da. Iturramako egoitzako 42 egoiliarretatik 25ek Udalak familia-langilearen lanari buruzko iritzia jakiteko inkesta bati erantzun zioten. % 80k oso beharrezko eta beharrezko figuratzat jotzen du. Familia-langilearen jarduketen xehetasunei helduta, hamar egoiliarretik zortzik apartamentuetan bizi direnen beharrak, arazoak eta kezkak entzun dituela nabarmendu dute. Gainera, % 68k adierazi dute seguruago eta lasaiago sentitzen direla familia-langilearekin, zerbait behar dutenean berarengana jotzen ahal baitute. Halaber, hamarretik seik auzoan egiten ahal diren jarduerei buruzko informazioa eman diela eta parte hartzera animatu dituztela adierazi dute. 

Neurri horrek ere harrera ona izan du osasun arloan, izan ere, familia-langilearen eginkizuna ere bada medikuaren kontsultara laguntzea, batez ere, gizarte- eta familia-kasu konplexuetan, gaixotasun anitzak dituzten pazienteekin, eta zenbait kasutan, narriadura kognitiboak dituztenekin. 

Iruñeko Udalak egun 144 udal-apartamentu ditu hiriko hainbat auzotan, hala nola Alde Zaharrean, Iturraman, Milagrosan, Arrotxapean eta Donibanen. Banakako apartamentuak eta apartamentu bikoitzak direnez, guztira 153 pertsona bizi dira bertan.

Udal-apartamentuak bere kabuz baliatzen ahal diren, etxebizitzarik ez duten edo beraien etxebizitzan jarraitzeko zailtasun larriak dituzten (adibidez, bizigarritasun arazoak dituztelako edo kaleratu dituztelako) 65 urtetik gorako pertsonendako dira. Ostatua emateko bizitegi-zerbitzua dira, oztopo arkitektonikorik gabeak. Bakarka edo bikoteka erabiltzen ahal dira, eta gutxieneko zerbitzu komun batzuk dituzte eskuragarri, nahi duenak erabil ditzan. 

Gizarte-langilearen figura udal-apartamentu guztietara hedatu nahi da, hala, egoiliarrek egunerokotasunean segurtasun eta lasaitasun handiagoa izan dezaten, laguntza eta aholkularitza ematen dien pertsona bat eskura izateari esker. Langile horrekin hitz egiten ahal dute beharrik izanez gero eta arazo pertsonaletan eta kolektiboetan laguntza emozionala ematen du. 

¿Te ha sido útil esta página?