Adinekoendako bideojoko aktiboak sedentarismoaren alternatiba gisa, kirol- eta gizarte-errezetaren programaren barruko proposamen berria

Adinekoendako bideojoko aktiboak sedentarismoaren alternatiba gisa, kirol- eta gizarte-errezetaren programaren barruko proposamen berria
Iruñeko Udalak esperientzia pilotu berria jarri du martxan Txantrean, Iturraman eta, hilabete honetan, Santa Mª la Realen

Receta deportiva social

 

Bideojokoetan jolastea ez da nerabe eta gazteen gauza soilik. Iruñeko Udalak tresna teknologiko berri horren aldeko apustua egin du, adinekoek ariketa fisikoa egin dezaten, sedentarismoari eta jarduera fisikorik ezari aurre egin diezaioten eta lagunarteko jarduera ludiko batez goza dezaten. “Citius, Longaevus, Fortius” kirol- eta gizarte-errezetaren udal-programaren bidez, ariketa fisikoa eta beste gizarte-jarduera batzuk agintzen dira, bideratzeko ardatz gisa hiriko osasun-zentroak hartuta. Errezeten eduki posible ugarietako bat diren aldetik, abenduaz geroztik bideojoko aktiboak edo exergameak erabiltzen dira mugitu, sozializatu eta egoera fisikoa hobetu behar duten adineko pertsonekin. Txantrea eta Iturrama auzoetan egiten da, eta martxotik aurrera baita Santa Maria la Realen ere.

Osasun-zentro bateko gizarte- eta osasun-langileek kirol- eta gizarte-errezeta bat igortzen dutenean, kirol-hezitzaile fisiko kolegiatu bat arduratzen da egin beharreko jarraipenaren zehaztapenaz eta jarraipenaz, eta, horretarako, baliabide komunitario ugari baliatzen ditu, eta baita haren praxi profesionalarekin bat datozen esku-hartze zuzenak ere. Hainbat hilabetez banakako jarraibidea egin ondoren, pertsona jatorrizko Osasun-zentrora itzuliko da, birrebaluazio sozio-sanitarioa egiteko. Handik aurrera, langile horiek erabakiko dute pertsona programan mantentzea ala programatik ateratzea.

Baliabideen artean, bideojokoekin egiten den jarduera dago. Oraingoz, hilean egun batez egiten da hiru auzoetako bakoitzean. Txantrean Salestarren zentro komunitarioan egiten da, Iturraman, San Joan Bosco zentroan, eta Santa Maria la Realen, zentro komunitarioan. Jarduera hileko azken astean egin ohi da, eta Kirol eta Gizarte Errezeta programan izena emanda dauden pertsonek aldez aurretik jasotzen dute gonbidapena, jardueraren eguna eta ordua zehaztuta.

Gorputz- eta kirol-hezitzaile kolegiatu batek gainbegiratzen ditu saioak. Saio horietako bakoitza harremanak errazteko hitzaldi batekin hasten da, bertaratutakoei elkarren artean erlazionatzeko eta elkarreragiteko aukera emateko, eta ondoren proposatutako bideojokoen funtzionamendua eta haien osagarriak azaltzen zaizkie. Jende ororendako pentsatutako eta maila desberdinetara egokitutako jokoak dira, adinekoek eta bideojokoetan esperientziarik ez dutenek ere erabiltzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten. 

Dantzak, ariketa-taulak eta kirol-jokoak
Zehazki, gaur egun, kirol- eta gizarte-errezetaren proposamen teknologikoa, jarduera-eskumuturrekoen eta baskula adimendunen erabilerarekin batera, honako bideojoko hauen eskutik dator: Ring Fit Adventure jokoak tokitik mugitu gabe korrika egiteko, modu kontrolatuan salto egiteko eta goiko eta beheko gorputz-adarren indarra ibilbide birtual ludikoen bidez lantzeko aukera ematen du; Just Dance jokoak oinarri musikala duten dantza modernoak eskaintzen ditu; eta Let´s, get fit bundle izenekoak ariketa pertsonalizatuen taulak pertsonen adinaren eta baldintza fisikoen arabera konfiguratzeko aukera ematen du. Azken batean, helburua da adinekoei teknologia modu gainbegiratuan eta kontrolatuan hurbiltzea, haien egoera fisikoa eta aldartea hobetzeko. 

Jarduerak 2eta 6 pertsona arteko talde txikietan egiten dira oraingoz. Bertaratzen diren pertsonek txandaka erabiltzen dituzte bideojoko jakin bat eta haren osagarriak; beraz, batzuek jolasten dutenean, gainerakoek ere “ispilu” gisa egiten dute jarduera, besteen mugimenduak imitatuz. 

Proposamen pilotuak harrera ona izan du adinekoen artean, hasieran bideojokoekiko uzkur agertu baziren ere. “Hau nire bilobentzat da” ohiko esalditik joko interaktiboa erakargarri izatera pasatzen da denbora gutxian, eta gamifikazioaren bidez egoera fisikoa hobetzen eta garapen kognitibo eta emozional positiboa izaten laguntzen du. Gaur egun, jolasa gainbegiratuta egiten bada ere, helburua da pertsona horiek pixkanaka bideojokoak modu autonomoan erabili ahal izatea, aretoak beren kabuz erreserbatuz edo, etorkizunera begira, etxean autonomiaz erabiltzeko baliabide gisa planteatuz. 

Kirol- eta gizarte-errezeta
“Citius, Longaevus, Fortius” kirol- eta gizarte-errezetaren udal-programa 2022tik dago ezarrita hirian. Gaur egun, Iturraman, Txantrean eta II. Zabalgunean dago martxan (dagozkien osasun-zentroak erreferentziatzat hartuta), eta urte honetan zehar, programa sei auzotara iristea da aurreikuspena. Gaur egun 200 pertsona inguruk dihardute, eta kopurua pixkanaka-pixkanaka handitzen ari da. 

Programan artatutako pertsonaren profila honako hau da: hirian erroldatua, osasun-erreferentzia gisa zentro eragileren bat duena, 50 urte edo gehiagokoa, eta nahi gabekoa bakardadea jasaten duena, hauskortasun-sindromea diagnostikatuta duena edo fisikoki aktiboa ez dena. Programaren parte bat Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak finantzatzen du, eta Solera Asistentzial Fundazioaren (hainbat motatako jarduera fisiko eta kognitiboen bidez) eta La Caixa Fundazioaren (Beti Lagunduta programaren bidez) baliabide propioak ere jasotzen ditu.  

Kirol- eta gizarte-errezeta baten titular diren pertsonek lekua izanen dutela bermatzen dute, eta baita diziplina anitzeko jarraipena eginen zaiela ere, indibidualizazio-maila handiagoarekin edo txikiagoarekin, pertsonari esleitutako preskripzio-mailaren arabera. Errezetako jarduera batzuk ordaindu egin behar dira (indarrean dauden prezio publikoen arauetan aurreikusitako deskontuak eginda, udalenak badira), eta beste batzuk, aldiz, doakoak dira. 
 

¿Te ha sido útil esta página?